2006ko Sariak

zaldikomaldiko 1456153829227 Zaldiko Maldiko kultur elkartea | 2007-02-16 00:00

2006KO ZALDIKO MALDIKOREN SARIAK


Pasa den urtarrilean ospatutako bazkidearen egunean 2006 urteko Lamien Urrezko Orrazia eta Asto-Masto sarituak aukeratu ziren Zaldiko Maldiko Kultur Elkartean.


Lamien Urrezko Orrazia Barañaingo Udalari ematea erabaki zen Bai Euskarari proiektuaren sustatzaile eta hartzailea izan delako. Udala bera eta herriko jendarte eragileak izan dira protagonista ekimen honetan. 2006an soilik udalerriko 14 agente sozialek Bai Euskarari ziurtagiriak lortu zituzten Barañainen. Udalak finantzatzen du egitasmoa: 36.000 euro 2002an, eta 18.000 euro urtean handik aurrera. Gainera, Administrazioaren alorreko plan estrategikoa diseinatu eta plan horretan erabakitako neurri normalizatzaileetako asko indarrean jarriko ditu aurten. Sei dira Bai Euskarari proiektuak orain arte landu dituen arloak: Administrazioa, merkataritza, ostalaritza, zerbitzu orokorrak, hezkuntza eta talde politikoak. Egun arlo guztietako plan estrategikoak eginak daude eta arloko eragile bakoitza euskararen erabilera handitzeko konpromiso zehatzak hartzen eta betetzen ari da. Beraz euskararen aldeko politika eta ekintzak aurrera eramateagatik eman zaio 2006ko Urrezko Orrazia Barañaingo Udalari.

Bestalde Asto Masto edo Gorotz Joarea Pedro Burillo NUPeko errektore jaunari dagokiola erabaki zen, bere kargu hartzean euskararen alde agindutako konpromisoak bete ez dituelako. NUPen 20 urtetako bizitzan gauza asko aldatu egin dira ikasle kopuruan, eskainitako ikasketa eta programetan, ikerketaren kalitatean edota baliabideetan baina beti izan da gainditu gabeko asignatura bat: Euskara. Burillo Jaunak duela hiru urteko hauteskundeetan Euskararen Normalizazio Plana aurrera eramanen zuela erran zuen. Hiru urte geroago Euskara Batzordeak, NUPen estatutuen arabera Euskararen Plana diseinatu behar duen batzordea, proposatutako planari murrizketa handiak ezarri dizkio eta egun bere legislatura bukatzear dagoela hauteskunde garaietan agindutakoa hutsean geratu egin da. Burillo Jaunaren arabera “Unibertsitateen kalitatea ez da erabiltzen duten tresna linguistikoaren araberakoa” baina Zaldiko Maldikoko bazkideen iritziz euskarak, nafar guztien ondare izanik NUPen dagokion lekua izan behar du kalitatezko unibertsitatea izan dadin eta bere normalizazioa inoiz baino beharrezkoagoa irizten dugu.



Utzi iruzkina: