IZEN EMATEA ZABALIK!
ZALDIBARKO BERBALAGUNA!
Euskara bizi, erabili.
Parte hartzeko prest? Urriaren 6tik 22ra izena emateko epea zabalik
Etxealdian, Berbalagunon sareari esker, komunitateko kideek interneten bidez harremanetan jarraitu zuten. Uda ondoren, bidelariak eta bidelagunak astero biltzen hasiko dira. Izan ere, asteroko hitzorduei ekingo diete berriro, elkarrekin esperientzia aberasgarriak bizitzeko gogoz. Berriz mintzapraktika egiteko bilduko dira, elkar zainduz eta erantzukizunez.
Urrian ikasturtea hastearekin batera, Berbalagun talde berriak sortuko dira Zaldibarren eta horrela, komunitatearen sareak ehuntzen jarraituko du. Berbalaguna euskara bizi eta erabiltzeko aukera paregabea da. Zure herriko euskaldunekin esperientziak partekatzeko prest?
Komunitatea sendotzeko lehenengo izen emate deialdia zabalik dago jada. Etengabe ehuntzen doan sarearen parte izateko aukera paregabea duzue eskura. Berbalagunek euskaraz bizi nahi dutelako, beldurrei aurre egin nahi dietelako, ahaztutakoak berriz gogorarazteko, euskara maila hobetzeko edota euskaraz gozatzeko ematen dute izena. Eta zu, animatzen zara? Elkarrekin euskara bizi eta erabili dezagun. Parte hartu!
Nondik norakoak
Berbalaguna euskaraz hitz egin ohi duten pertsonak euskaraz egin nahi duten pertsonekin, euskaraz aritzeko elkartzen dituen programa da. Funtzionamenduari dagokionez, parte hartzaileen artean talde txikiak egiten dira eta astean behin ordu betez beraien aisialdi garaian elkartuko dira paseoan, kafetegian, parkean... euskaraz aritzeko, euskaraz bizitzeko.
Bi modutara parte har daiteke, euskara praktikatuz (bidelaria) eta euskara praktikatzen lagunduz (bidelaguna). Berbalagun bihurtzeko baldintza bakarrak, euskaraz komunikatzeko gai izatea eta astean ordubetez elkartzeko prest egotea dira.
Parte hartzeko bi baldintza bete behar dira:
- Euskaraz komunikatzeko gai izatea.
- Astean ordubetez elkartzeko prest egotea.
Euskaraz aritzeko ohitura, trebetasuna eta erraztasuna lortu nahi dutenak eta euskaraz normaltasunez aritzen diren laguntzaileekin mintzapraktika taldeak antolatzen ditugu.
Berbalagun taldean, bospasei laguneko taldetan elkarturik, adiskide giroan arituko zara hizketan eta pixkanaka somatuko duzu mintzapraktikaren efektua: kalean ere imajinatzen ez zenukeen hamaika pertsonekin hasiko zara euskaraz hitz egiten.
Izen ematea
Interesa baldin badaukazu, izena emateko beharrezko informazioa, Zaldibarko udalean edota zaldibarkoberbalaguna@gmail.com aurki dezakezu. Sare sozialetan ere aurkitu ahal gaituzu, Facebook, Intagram zein Twitterren, “zaldibarko berbalaguna” izenean.
Baina argi baldin badaukazu eta izena eman nahi baduzu, urriaren 6tik 22ra, egin klik hemen: https://labur.eus/zaldibarkoberbalaguna edo zaldibarkoberbalaguna@gmail.com helbidean edo 688 72 29 89 telefonoan eman dezakezu izena.
Animatu eta izan Berbalagun!
Iruzkinak
Utzi iruzkina: