Hizkuntza desafioa
Egia esan, testu hau idazten hasi naizen arren, ez dakit zein izenburu ipini. Normalean, ez beti, lehendabizi izenburua ipintzen dut idazten hasi baina lehen, lagungarri egiten zait eta ideiak aurkezteko. Erreferentzia bat, nolabait. Hala ere, oraingoan prozesua alderantziz egingo dut, argi baitaukat zertaz hitz egin nahi dudan.
Badira hilabete batzuk Bartzelonan nabilela bueltaka. Noizbait aipatu dut ezin nuela momentu hoberik aukeratu hona etortzeko, parametro sozial-ekonomiko-politikotan mamitsuagorik, alegia. Eta horretan nago oraindik. Hau, gauzak kontatzea eta iritziak plazaratzea gustatzen zaigunoi ezin hobe datorkigu. Beraz, hementxe naiz beste behin nirearekin.
Gaurkoan hizkuntzaren kontuarekin nator. Hau bai kontua ere Katalunian. Wertek bota zuen “españolizazio” behar horrek sua piztu zuen, edo, hobe esanda, bazegoenari indarra eman zion. Baina niri parlamentuko eztabaida ez zait interesatzen. Beraientzat hori. Bost axola beren demagogia. Niri kalekoa interesatzen zait, ez dela gutxi. Egin kasu.
Duela gutxi batek esaten zidan, espainiarra bera, hemen, Katalunian, ia pertsona orok katalanez mintzatzen ziola lehen kontaktuan. Nik normaltzat ematen nuen hau. Berak, segidan, gaztelaniaz erantzun arren beste mintzalariak gaztelaniara aldatzen ez zuela komentatzen zuen. Azken hau jada beste tonu haserreago batean. Indignazioa erakusten zuen. Postura inposatzailea mintzalari katalanarena, beretzako.
Azaldu berri dudan adibide hau ezin hobea da. Kaleko debate hori bikain laburbildu daiteke lerro gutxi batzuetako kontakizun txiki honekin. Hortxe da mamia. Mintzalarien arteko desafioa. Nork egingo duen pauso bat atzera lehenago; batek bere herrian bere hizkuntzan mintzatzeari uko egin, edo, etorkinaren kasuan, aurkitzen den tokiko hizkuntzara moldatzeko esfortzua egin.
Nire aldetik ez naiz ez baten ez bestearen alde jarriko. Batekin eta bestearen kontra posizionatzeko joera triste horri uko egingo diot. Ez dut nahi niretzako. Muturreko posturak itsuak dira, ez da beste ezer ikusten. Nik nahiago dut desafioa ikuspuntu oso batean begiratu eta, tolerantzia eta, batez ere, zentzu komunaren alde egin apustu. Pena azken hau ez dela zentzuetan komunena.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: