Hangoak eta hemengoak

xabierortizdeurbina 1456153721681 COGITARE et ENUNTIARE | 2012-11-17 17:56


Bartzelonako hiritar sentitzen hasi naizen heinean, bertoko errealitate soziologiko eta politikoaren lekukotasun bat nireganatzen hasia naiz, nahita edota nahi gabe. Hau garaia etortzekoa nirea.

Langabezia, akordio fiskala, hauteskundeak, Diada, greba orokorra eta, nola ez, independentzia. Parametro politiko eta sozialetan azken urteetako une beroenean etorri naizeneko sentsazioa daukat eta, hemen sumatzen den berotasun honen baitan, sinatzaile euskaldun batek nahi edo nahi ez aurkitzen ditu paralelismoak, berdintasunak, bere herriarekiko. Aurretik entzun eta ikusitakoak. Déjà Vu.

Katalanak euskalduna hartzen du eredutzat. Anaitasunaren bilaketa oso maiz ematen da. <<Langabezia erdia daukazue eta gainera akordio fiskala duzue>> entzun daiteke askoren ahotan.  Gu gara, antza, erreferentzia, jarraitzeko eredua. Autogobernu, independentzia edo delako horren baitan ere halakoxeak gara: <<Zuek oso aurreratua daramazue. Gainera orain EAJ eta EH Bildu dira bozkatuenak>>, beste horrenbeste aldiz entzundakoa hilabete pasatxoan.

Nik behintzat, azken honekin ezin dut ados egon inondik inora. <<Zuek bai zaudetela ondo>> edo, katalanez ausartzekotan, <<vosaltres sí que esteu bé>> esango nieke neuk ozen beraiei. Zortziehundik gora hildako, zortziehundik gora preso eta beste hamaika erail eta desagertu euskaldunon historialean, zenbakitan ipini ezin daitekeenaz ez hitz egitearren. Eta zein ondo gauden entzun beharra. Hemen, dirudienez, ez dira honetaz gogoratzen <<zuek bai zaudetela ondo>> esaten digutenean. Eman buelta bi.


Utzi iruzkina: