Euskal selekzio euskalduna

xabierortizdeurbina 1456153721681 COGITARE et ENUNTIARE | 2012-01-02 13:34

Aurreko asteazkenean, Euskal Selekzioaren partida ikusten ari nintzela, nire harridura piztu zuen gauza bat ikusi ahal izan nuen. Atsedenaldian, Euskal Telebistako kazetari batek Euskal Selekzioaren prestatzailea harrapatzea lortu zuen honi hainbat galdera egiteko. Honaino dena ondo, baina elkarrizketa hasi eta gaztelaniazko hitzak entzuteak zertxobait harritu nindun. Jakina da ETB1en elkarrizketa gaztelaniaz izatea gauza bakar batek behar dezakeela: elkarrizketatuak euskara ez jakitea. Hauxe da gaur heldu nahi dudan gaia.

Euskal Selekzioko entrenatzaileak ez daki euskara eta, beraz, taldeko barne komunikazio guztia gaztelaniaz gauzatzen dela pentsa dezakegu. Egia esan ez dut argumentu sendorik aurkitzen esateko euskara jakin behar duela Euskal Selezioko prestatzaileak, baina ikuspuntu irrazional batetik diot euskara jakin beharko lukeela, Alemaniako entrenatzaileak alemana jakin baharko lukeela uste dudan moduan. Egia da, eta betikoetan erorita, entrenatzaile batek jokalariak ondo prestatzen jakin behar duela, ez euskaraz hitz egiten, eta ados nago. Askotan entzuten dugu ere, medikuntzan esaterako, ea zer nahaigo dugun, mediku arrunt bat euskaraz dakiena edo mediku oso on bat, soilik gaztelaniaz hitz egingo diguna. Hemen antzerako zerbait gertatzen da, baina uste dut Euskal Selekzioa ez dela anbulategi bat. Euskal Selekzioak aurreko astean bertan milaka pertsona mugiarazi zituen zerbait da, utopikoa bezain erreala, sekulako indarra duen zerbait, euskal territorialitatetik haratago doan zerbait, helburu bat duena, ofizialtasuna, ustez.

Horregatik, Euskal Selekzio ahalik eta euskaldunen batek indar hori areagotu egingo luke, seriotasuna eta sinesgarritasuna emanaz proiektuari. Ez dut esan nahi ofizialtasuna lortuko denik honekin, baina bai uste dut hau bezalako detaileek bere garrantzia dutela eta jendeak kontziente izan beharko lukeela, esaterako, Euskal Selekzioko prestatzailea ez dela gai elkarrizketak euskaraz egiteko, eta minutu batez pentsatu zein punturaino egin diezaioken kalte “kausari”. Horregatik diot halako detaileak gehiago zaindu beharko liratekeela, aurrerantzean selekzioak bere ohiko helburua mantendu nahi badu behintzat. Kontu guzti hauek gainetik pasata, uste dut, tamalez, gabonetako partida hauek “paripé” hutsean besterik ez direla gelditzen.


Utzi iruzkina: