Autobideak eta errepideak

xabierortizdeurbina 1456153721681 COGITARE et ENUNTIARE | 2012-06-06 12:51

Gidabaimena atera nuenetik igaro dira hiru urte pasatxo eta ikasketa edota kirol kontuengatik nahikotxo mugitu behar izan dut. Hala ere, onartu beharra daukat, ordutik hona egindako desplazamenduen gehiengoa autobidetik egin dudala eta, aldiz, errepideetan, ez naizela gehiegi ibili.

Baina zoritxarrez autobideak ez dira leku guztietara iristen eta, lehengo egunean, desplazamendu bat autobidea eta errepidea tartekatuz egin behar izan nuen. Baziren hilabete batzuk distantziatxo bat errepidetik ez nuela egiten eta, egia esan, ez zen batere atsegina izan lehengo egunekoa. “L” garaietako urduritasuna berpiztu zitzaidan une batzuetan, esaterako, txirrindulariak pasa behar eta aurrez autoak zetozela ikustean, edo aurrez datorren bat aurreratzen hasten denean eta iruditzen zaizun ez diola denbora emango, edo presa duen bat atzean metro batera jartzen zaizunean. Nora zoaz, motel? pentsatzen dut nire baitan, ordu laurden beranduago hortxe aurkitzen duzu eta Schumacher hori, hirurogeitik pasatzen ez den laurogeita lau urteko aitonari ezin pasa.

Ez zait batere atsegina egiten errepidean ibiltzea. Egia da gidari on batek hor jakin behar duela maneiatzen. Pasatzeko momentu ona aukeratu, txirrindulariekin kontu handia eduki edo pasa nahi dizunari erraztasunak emateak bilakatzen zaitu errepideko gidari onean, baina autobidera itzultzeak ematen duen plazer eta lasaitasunarekin geratzen naiz ni, segurtasun kontuez ez hitz egiteagatik. Hor, ni naiz Schumacher.


Utzi iruzkina: