Informazio Digitalaren egoera

xabiblog 1456153711535 Xabiren Bloga | 2008-05-14 18:49

Sarea, gaur egungo informazio emailerik handiena da. Honek abantailak ditu, baina baita arrisku nabarmenak ere. Ordenagailu bat, eta interneterako konexioa duen edonor bihur daiteke kazetari eta edozer motatako informazioa kaleratu dezake.

Interneten dagoen informazio gehiena kalitatezkoa den arren, kazetari eta erabiltzaileek kontutan izan behar dute, internet iturri bat gehiago besterik ez dela. Internetetik jasotako informazioa ebaluatu eta egiaztatu egin behar da, beste iturrietako informazioekin egiten den bezala. Kazetari batek ezin baitu erabili, soilik, iturri batetik jasotako informazioa.

Pavlik-ek esaten duen modura, internetek eskaintzen digun informazioa kantitatea zenbatezina da, baina erabiltzaileak aukeratzen jakin behar du. Eta erabiltzaile bakoitzak, bere neurriko informazioa eskuratu.

 

Honekin batera, kazetaritza digitalak, munduko egunkari guztietara iristeko aukera ematen die erabiltzaileei, naiz eta medioak beste herrialde edo hizkuntza batzuetan egon. Medio ezberdinetako informaziora iristean, notiziaren ikuspuntu ezberdinak aztertzeko aukera dugu. Notizia berdinaren bertsio ezberdinak analizatzen dituen irakurleak, berriaren gaineko testuinguru zabalago bat du, eta modu horretan, berriaren “egiara” gehiago hurbilduko da.

Kazetaritza digitalak ematen dizkigun posibilitateak aprobetxatuz gero,  irakurle edo publiko aktiboago bat sortuko da. Jendeak, milaka iturritatik jaso baitezake informazioa. Ikuspuntu ezberdinetatik ikus ditzakegu berriak, testuinguru historiko aberats batekin eta modalitate komunikatibo askorekin. Ez bat edo birekin, media analogikoetan gertatzen zen bezala. Soinu, bideo, interaktibitateak, testuak, hipermediak… erabiliz berriaren ñabardura guztiak ezagutzeko aukera dugu.

Gobernuetatik zentsuratua izaten den informaziora heltzeko aukera ere irekitzen zaigu media digitalekin, aurrerago ikusiko dugun bezala

 

Internet, kazetarientzat herraminta garrantzitsu bat bilakatu da. Egunkari eta aldizkarietako kazetari ia denek herraminta digitaletara jotzen dute dokumentatzeko garaian. Orduz kanpo berri bat sortzen denean, kazetariek iturriekin eman nahi izaten dute lehenengoz, eta jarraian, “web” lekuetara jotzen dute.  Honekin batera, kazetariek web orriak, eta gehienbat, irudi eta beste materialak eskuratzeko erabili ohi dute sarea, hau da, lehen eskuz mugitu behar ziren materialak, errazago eskuratzeko.

 Baina gogoratu behar da, internetetik jasotako informazioa egiaztatzearen garrantzia edota web orrialdearen azken eguneratzearen data kontuan izatea.

 

IKT berrien sarrerak, pertsonen bizitzeko modua aldatu dute; informazioa jasotzeko, gure artean komunikatzeko modua… Teknologiak, muga geografikoak gainditu eta, denbora eta espazioa ezberdin ulertzen diren mundu batean murgildu gaituzte. Honek guztiak, etengabeko aldaketa batean egotea ekarri du. Sarritan, zaila da teknologiaren eboluzioaren erritmo berean aurrera egitea, eta horrek ezjakintasuna eta urduritasuna sortzen ditu. Sarritan, guk teknologiak erabili beharrean eurak erabiltzen baitigute guri.

Gakoa, teknologiak ekartzen dizkigun aldaketak aprobetxatzean eta egunerokotasunean aplikatzean dago. Aurrera begiratu edo betirako atzean geratu, hor dago koxka.  Komunikabideek funtsezko modernizazioaren beharra dute, baina aurreko zutabe zaharkituei gogor eutsiko diete batzuk. Dena den, ez da bat-bateko prozesua izango komunikatzeko era eta euskarri berrietara egokitzea, hamarkadetan zehar luzatuko den birmoldaketa dugu hau. Medio askok kontraesanak pairatuko dituzte egokitzapenetan. Batzuk beharrekoa ikusiko dute teknologia berrietara egokitzea. Beste batzuk ordea, ez dute galdu nahiko jakintasunak eta ezagutzen denak ematen duen babesa. Behar bada, gurasorik gabe bizirik atera behar den jaioberria bezala definituko dira. 

Batzuk berrikuntza eta eredu “futurista” planteatzen duten bitartean, beste batzuk iragana eta zurruntasuna mantentzearen aldekoak izango dira, baina modernitatearen erritmoa hartzeko beharrezkoa izango da IKT-ek eskatzen duten pentsatzeko era eta gauzak egiteko modura moldatzea. Horretarako hiru  izango dira egin beharrekoak: teknologiekiko ezagutzara moldatu, helburu berriak, eta lan egiteko modu berriak finkatu eta kide edo medioetako lankide guztien funtzioak birziklatu.  Orokorrean, ez dira begi onez ikusten zaharberritzeak. Baina horren atzean ezjakintasun hutsa dago. Teknologia berriekin sortuko diren posibilitate berriekiko ezjakintasun hutsa. Guztion zeregina, eta guztion artean egin beharreko lana izango da beldurrak eta ausardia falta alde batera utzi  eta gure eguneroko bizitzara teknologia berriak ekartzea.   


Utzi iruzkina: