Astronomian murgiltzen: Zure lehen teleskopioa eta pausoak
Azken egunotan eta batez ere gobonak gero eta hurbilago ditugula ikusita, batek baino gehiagok galdetu dit zer nolako teleskopioa erosi beharko lukeen astronomian hasiberria den batentzat (edo beretzat, mundu honetan sartu nahi duelako). Ondorengo lerro hauek beraz, gomendio bila dabiltzan guraso edota mundu honetan sartzeko interesa duten heldu hasiberrientzat dira:
- Ez erosi jostailuzko teleskopiorik edo teleskopio merkerik. Bazterrean amaituko du. Erosi denda espezializatu batean (edo bigarren eskuan) hasiberrientzat den bat. Teleskopio errefraktorea gomendatzen dut eta gutxienez 90 bat mm-ko irekiera (apertura) duen bat. Nik ezagutzen dudalako eta nire inguruko hainbat laguni gomendatu diedalako Skywatcher 90/900 AZ3 modeloa gomendatzen dut eta 230€ inguruan eskura daiteke berria. Antzerako teleskopio oso onak beste marka batzuetan ere aurki ditzakezue (Celestron adibidez), baina nik eskuetan izan ez ditudanez, ez naiz ausartzen beste horietaz hitz egitera.
Irudian gomendatzen dudan teleskopioaren irudia
Agian garestia irudituko zaizue, baina hortik beherakoak ezer gutxi ikusteko aukera emango dizue (objetuen tamaina eta bereizmena txikiegiak izango dira). Uste dut teleskopio hau horretarako mugan dagoela eta nik uste afizioa gozatzen hasteko minimo bat dela. Niri ere horrela gomendatu zidatenez hala egiten dut. Ez du ez pila ez bateria ez motordun tripoderik, ez eta ipar izarrarekin lerrokatzeko premiarik ere. Leku eroso batera joan, lurrean sendo jarri altuera egoki batean (norberarentzat noski) eta zuzenean behatzen hasteko prestatuta dago. Ez dauka beste teleskopio batzuekin egin behar den moduan, ispiluak kalibratzen ibili beharrik edota teleskopioaren tutua kanpoko tenperaturarekin egokitzeko premiarik (tutu barruan sor daitezkeen aire turbulentziak ekiditeko). Frustrazio asko ekiditen ditu honekin eta lasai hartu, bestela ere hainbat kontu kontutan eduki beharko dira eta gero: fokua lortzea, objetua zeruan aurkitzea, teleskopio gida fokatuta eta teleskopioaren tutu nagusiarekin lerrokatuta egotea etabar.
Etxeko balkoian, behaketa batean - Teleskopio mota ezberdinak daude. Espazio sakonerako dira batzuk onak eta besteak eguzki sistemarako. Nik proposatuko honek biak ikusteko balio du, muga handiekin (batez ere espazio sakonerako), baina hasiberri batentzat sobera izango da. Batez ere eguzki sistemarako baliatuko dugu: hasiberri batentzat begi hutsez ikusi eta zeruan identifikatu daitezkeen objetuak begi hutsez behatzeko. Argazkiren bat edo beste ateratzeko balioko du, baina KONTUZ! Zerua uste baino azkarrago mugitzen da teleskopio batekin behatzen duzunean, eta enkuadretik azkar irteten dira objektuak. Zenbat eta magnifikazio (zoom) gehiago jarri, orduan eta azkarrago. Bestalde, argazki dexenteak edo txukunak atera nahi baditugu, zeruaren mugimendua jarraitzen duen tripode motorizatu bat beharko dugu eta beraz, teleskopio honek ez digu balioko (ez behintzat tripode motorizatu batean jarri arte). Objetua eskuz jarraitu beharko dugu horretarako dituen manibela batzuetaz baliatuz, baina mugitzen ari garen bitartean ezingo dugu ez begiz behatu ez argazkirik atera. Hasiberrientzat da, gogoratu! Hala ere, objektua enkuadretik ateratzen den bitartean, behatzeko edota mugikorrarekin argazkiren bat ateratzeko aprobetxa dezakegu, naiz eta buruan eduki, ez direla interneten agertzen diren bezalakoak izango.
Horrez gain, teleskopio honek eta antzerako gamakoek aberrazio kromatikoa (izarrak magenta kolorez tindatzeko joera) eta koma (izarrak zirkulu perfektua baino, koma itxura hartzen dute) deritzaien optika akatsak dituzte. Eta horiek argazkiak ateratzean argi ikusten dira, naiz eta begi hutsez behatzeko ez duen garrantzia handirik. Hemen erreferentziarako nire haserako hainbat argazki (DLSR edo reflex kameraz ateratakoak):
Jupiter eta bere 4 ilargi galilearrak
Ilargia etxe aurreko Pagolar mendian ezkutatzen
Mugikorrarekin ateratako argazkiak ez nituen argitaratu, ziurrenik orduan lotsa sentitzen nuelako sarean ikusten ziren beste argazki puskekin konparatuz, baina egia da tripodea motorizatua ez izatean, argazkiak ateratzea zaila dela eta begi hutseko behaketa askoz ere gozagarriagoa dela. Ez hori bakarrik, planetetako xehetasunak bereiz daitezke, naiz eta mugikorrarekin adibidez hauek ateratzea zaila izan hainbat arrazoirengatik: mugikorra jarrita planetak aurkitzea zailagoa delako, mugikorraren enfokea batzuetan zoratu egiten delako, teleskopioaren mugimendu txikienarekin fokoa galdu eta mugikorra ez delako gai objektua kontrastean ikusteko... Ilargiarekin praktikatu eta gero planeta handienekin (Jupiter eta Saturno) probatzea gomendatzen dut. - Espektatibak zaindu. Interneten edo aldizkarietan ikusten diren bezala ez dituzue zeruko objektuak ikusiko inola ere ez (gutxiago argazkitan aterako). Desilusio handia eraman daiteke batez ere planetak ikusterakoan: handi handi ikusi beharrean kanikatxo batzuk bezala ikusten baitira hasieran aipatu dudan teleskopio horrekin berarekin. Pentsa eta teleskopioak handia ematen du... Horregatik, hasi ilargia behatzen. Bai enfokerako, bilatzeko, gozatzeko onena da. Aukera badago eta afizioa gustatzen bazaizu, Barlow 2x izeneko lente gehigarri bat eros daiteke (oso gomendagarria) eta lente honek magnifikazioa x2 egiten uzten du, planetak edo ilargiaren lurrazala 2 aldiz gertuago eginez. Honekin ere kontuz, ez erosi edozein lente ziztrin merkea delako, idatzi eta galdetu denda espezializatuetan. Ni ez naiz lenteetan aditua baina Espacio Celeste eta Astrocity moduko dendekin esperientzia ona izan dut.
Eta lasai... asuntoa gustatzen bazaizue, beti egongo da teleskopio hobeago bat erosteko edo duzuen ekipoa hobetzeko aukera. Hasieran inbertsio handia egiteak ez du merezi eta hobe da eskuan duzun teleskopio hasiberria zatika hobetzen joatea. Nik adibidez, segituan argi izan nuen argazkiak atera ahal izateko montura motorizatu bat beharko nuela, eta objektuak begi hutsez behatzetik edo mugikorrarekin argazki solteak ateratzen ibiltzetik, astroargazkilaritzan murgildu nintzen.
Orion nebulosa (M42), Skywatcher 90/900 AZ3 teleskopioa eta HEQ5 montura motorizatua erabiliaz. Garbi ikus daiteke aberrazio kromanikoa (izar magenta) akatsa - Ekipazio hori azkar eta erraz hobetze aldera, teleskopioez gain, berau eraman ahal izateko poltsa bat eta okularrean (teleskopioan begia jartzen dugun tokian) mugikorra akoplatzeko adaptadore bat ere erostea gomendatzen dut (10-30€ bitartean aurki daitezke online). Agian ez dira lehen kolpean erosteko osagarriak, baina begiz ikusi duzuenari mugikorrarekin argazki bat atera eta gero inprimatu edo lagunei erakustea bezalakorik ez dago! Nahiz eta haur baten kasuan helduren baten mugikorrarekin izan.
- Gaztetxo batentzat bada teleskopioa, hasieran asko lagundu beharko diozue, eta zuek ere zertxobait ikasiko duzue. Teleskopioaren gida (lehen argazkian ikusten den teleskopio nagusiaren gaineko beste teleskopio txikiago hori) eta teleskopioa lerrokatu eta batez ere objektua aurkitu eta enfokatzen ikastea hasieretan lan handi xamarra da, baita heldu batentzat ere. Muga hori pasatzen baduzue, biziatu egingo zarete seguru. Baina hori izaten da hobbie hau uzteko hesi handienetako bat. Hasierako behaketak familian edo taldeka egiten badituzue bata besteari laguntzeko eta esperientziak partekatzeko, askoz atseginagoa izango da eta astronomian sakontzeko aukera gehiago izango dituzue.
- Ikusi eta ikasi. Irakurri, bideoak ikusi eta galdetu. Espazioko objetuak ikusteaz gain hauen inguruko jakintza zientifikoz bustitzen bazarete, ikusten ari zaretena gehiago miresteko txinparta izango da. Nahiz eta NASAk bere sateliteen bidez ikusten dituen moduko irudiak ez ikusi, zure begi propioz gure mundu txiki hontatik kanpoko gauzak behatzea benetan zirraragarria da.
Bestalde, jakintza teknikoa eskuratu eta behaketa teknikak hobetzeko beharrezkoa izango zaizue arlo horretako edukia kontsumitzea. Liburu pila bat daude, baina zoritxarrez euskaraz ez dut nik ezer aurkitu... nik ditudanak denak ingelesezkoak dira, baina egia esan Youtube izan da nire jakintza iturri nagusia eta erabatekoa. Hauek ere ia denak (espainolezko bat kenduta) ingelesezko youtuber astroargazkilariak izan dira. Hona hemen nik jarraitu izan ditudan eta jarraitzen ditudan kanal batzuk:
- Natural Portraits (Espainolez) eta hasiberrientzat egokiena agian: https://www.youtube.com/@NaturalPortraits
- Astro Backyard (Ingelesez). Astro argazkilaritza hastapenerako ezinbesteko bat: https://www.youtube.com/@AstroBackyard
- Nebula Photos (Ingelesez). Hasiberritan beste ezinbesteko bat, naiz eta asko sakontzen duen askotan: https://www.youtube.com/@NebulaPhotos
- Tsulas Big Adventures (Ingelesez). Behaketa aurreratua: https://www.youtube.com/@tsulasbigadventures
- Star Stuff (Ingelesez). Astro argazkilaritza aurreratua (gazteentzat ez gomendagarria): https://www.youtube.com/@DylanODonnell
- Cuiv The Lazy Geek (Ingelesez). Astroargazkilaritza eta prozesamentu aurreratua: https://www.youtube.com/@CuivTheLazyGeek
- Lukomatico (Ingelesez). Astroargazkilaritza eta prozesamentu aurreratua: https://www.youtube.com/@lukomatico
- Alyn Wallace (Ingelesez). Gaueko paisaia argazkilaria zen (gizajoa gaixotasun batez hil zen), baina oso gomendio onak ematen zituen gaueko argazkilaritzaz, teleskopio zein kameraz argazkiak ateratzeko: https://www.youtube.com/@AlynWallace
Eta hemen liburu batzuen argazkiak: -
Berriak euskaraz dagoen planisferio bakarra atera zuen (zerua ezagutu eta bertako objektuak aurkitu ahal izateko), euskarri fisiko moduan, itzela da. Hala ere, horren erromantikoa ez bazara eta emaitzak tita batean ikusi nahi badituzu eta errealitate areagotuarekin, mugikorrerako Stellarium aplikazioa gomendatzen dut zeruan zehar objektu ezberdinak aurkitzeko. Doakoa da eta benetan praktikoa. Nik oraindik ere beti erabiltzen dut. Horrez gain, ordenagailurako ere badago eta hau gainera, euskaraz dago.
Segun eta zer ikusi nahi duzun, planifikazio bat eskatzen du (handi xamarra batzutan) eta nik adibidez, ordenagailurako Stellarium beti erabiltzen dut argazki sesio bat planifikatu aurretik. Hasierako mailetan ez agian, baina hobbiea gustatuz gero, oso garrantzitsua da zerua ezagutzea eta gauza bakoitza non egongo den, zer nolakoa den, teleskopioan gutxigora behera nola ikusiko den ikastea.
Berria eta Aranzadiren artean argitaratutako "Elkano Euskal Planisferioa" - Afizioa partekatu dezakeen beste komunitate batzuetara hurbiltzen saiatu. Galdera eta zalantza asko sortuko zaizkizu eta zure aurretik ere zu bezala ibili direnekin esperientzia partekatzea bezalakorik ez dago frustrazioak ekidin eta astronomiaz gozatzen jarraitzeko. Euskal Herrian hainbat elkargune daude naiz eta euskaraz askorik ez egon... Ezagunak zaizkidan batzuk zerrendatzeagatik:
- Aranzadi zientzia elkartea (Astronomia saila)
- Arkamurka natur taldea (Zarautzen)
- Ilatargia elkartea (Elgetan, baina Telegram taldea dute)
Bada horiexek hasierako gomendioak. Hurrengorako teleskopioa nola erabili behar den edo gutxienez nik jarraitzen dudan prozedura sinpleena zein den azaltzen saiatuko naiz. Iruditzen baizait, nire kabuz ikasitako hainbat truko eta gomendio ondo etorriko zaizkiola artikulu hau irakurri eta teleskopio bat erostera animatzen den edonori.
Bitartean, eta zalantza gehiagorik baduzue, lasai galdetu niri ere nahi baduzue. Sarean mastodonen aurkituko nauzue edota pixelfed.eus argazkiak partekatzeko gunean ere bai. Azken honetan gainera, nire astroargazkilari eboluzioa ikusteko gai izango zarete eta argazkiren bat nola atera dudan edo zein ekipo mota erabili dudan jakin nahi izanez gero, gustura erantzungo dizuet!
Arranoaren nebulosa (M16), orain dudan ekipo berriarekin aterata
Ah! Eta nahi duenak, nik ateratako eta nire ustez kalitate onenekoak direnak, wikimedia commons-en libreki (lizentzia libreetan) deskargatzeko moduan jarrita ditut. Ondo izan eta zeru oskarbiak aurkitzea opa dizuet!
Iruzkinak
Utzi iruzkina: