Ezamodio Gutuna

unaiperea22@gmail.com 1618741675603 Unairen txokoa | 2021-05-19 20:05
1

unaiperea22@gmail.com 1621449580886

 


       Kaixo Nerea ez den Nerea:

      Denbora asko daramat korapilo honekin sabelean, eta zuri sentimendu horiek gutun baten bidez adieraztea gustatuko litzaidake. Ez dut uste pertsona atormentatuegia naizenik, baina batzuetan etsipen ikaragarri bat nitaz jabetzen da... zer egingo zaio? Gauzak aldatzen doaz, Nerea ; gogoan duzu Mikel? Opuseko neska batekin ezkontzekotan dago orain. Eta Iñakik berriz, itsasoan daramatza legez kanpoko arrantzan jarduten 9 hilabete, hau da, haurdunaldi oso bat. Amaren sabelean bihurtu ez zen pertsona bihurtu eta beste aukera bat izango du orain agian.

      Horrelakoetan, etsipen ikaragarri bat datorkit barnera... Zure bakardadeak nirearen aurka talka egiten duenean min ematen didalako... Nola esan? Sentimendu hori adierazteko hitz egokiak topatu nahian nabil... 21 urte betetzen dituzunean, 13 urte zenituenean 9 urte zituzten neskek 17 urte dituztela konturatzen zarenean, edo gau batean bortitz eta bat-batean, egunsenti errudun hori, eta izango zirenik ere imaginatzera ausartu ez ginen bular guri horiek, ez zirela egundo gureak... Ez dakit ulertzen nauzun...

      Bat-batean, honetaz eta hartaz konturatzen gara, injenuitatea galtzen dugu. Akatsik txikiengatik galtzen dugu zorion handia. Mingarrienak dira. Ez dakit ea ados egongo zaren nik esandakoarekin, baina akats handiak, ez zaizkit iruditzen hain mingarriak; Euren barruan bizi gaitezke edota biraka ibili haien inguruan. Zer egin ordea intsektu baten hegoa den akatsarekin. Zenbat horrelako! 

     Terapia moduan, larritu egin gintuzten zenbait gauzetaz barre egitea gustatuko litzaidake, baino ikustezin bihurtzeko, ez da aski ispilua izaraz estaltzea. Alegia, bizitzan galtzen dugun guztia, agur edo konplizitate keinu bat garaiz ez egiteagatik galdu dugula, eta nik zurea aspaldi galdu nuen agian. 

    Agur eta besarkada bi nire bakardadetik zurera, beranduegi ez bada behintzat.

 Zalduondon, 2021eko maiatzaren 13an, asteartea.


Utzi iruzkina: