IÑAXIO KORTABARRIA
Iñaxio Kortabarria, 1970 hamarkadako realeko jokalaria.
1971.urtean eman zenuen zure azkeneko pausoa Sanse-tik Realaren lehen taldera. Zer sentitu zenuen hogeita bat urte zenituela Atotxara zelairatu zinenean?
Sentitu, kristoren poza sentitu nuen. Hiru urte egon nintzen bigarren taldean, eta eskerrak Javier Expositori eman behar dizkiot. Izan ere, berak emandako edukazioa eta lehiatzeko desio izugarriak izan ziren. Lehen taldera igo nintzenean garai latzak ziren, batez ere ekonomikoki. Horregatik, taldeak nahikoa zuen lehen mailan mantentzearekin. Baina hala ere, lehen partida horretan sentitu nuena poz ikaragarria izan zen.
Argi dago zure oroimenean partida asko izango dituzula, golak, tituluak… Baina, zein izan zen partidarik hunkigarriena?
Realzale guztion oroimenean dugun partida Gijonekoa da, noski, Liga bertan irabazi baikenuen. Partida benetan zirraragarria izan zen. Azkeneko segundoan berdindu genuen norgehiagoka Zamoraren gol batekin, eta puntu horrek liga irabazteko balio izan zuen.
Bi liga txapelketa, Superkopa bat eta Europako txapelketan finalerdietara iristea lortu zenuen. Zein izan zen garrantzitsuena?
Niri, pertsonalki, bi liga horiek irabazteak eman zidan ilusiorik handiena. Txapelketa luzeenak izaten dira, eta baita gogorrenak ere. Hortaz, poza ere askoz handiagoa izaten da urte osoko liga bat irabazten denean.
Futbolak, aldaketa ikaragarria izan du arlo askotan, baina batez ere ekonomikoan- Gaur egun gainbalioturik dagoela uste duzu?
Bai, erabat gainbaliotuta dago. Zorrak ikusi besterik ez dago. Klub guztiek nahi dutena beren taldea ahalik eta goien edukitzea da, eta horretarako diru mordoa gastatzen dute jokalariak erosten eta baita ordaintzen ere. Hala ere, diru ugari mugitzen da futbolaren inguruan, eta arazoa hori nola banatzen den izaten da.
Beti esan izan da Anoeta estadio hotza dela zuen garaiko Atotxarekin alderatuta. Desberdintasun handia al dago?
Argi dago Reala galtzen atera dela zelai aldaketarekin. Garai batean, beharbada, ez genekien zer izango zen hura, baina denboraldiak pasa ahala ikusi dugu zein izan den bilakaera. Atotxan beste sentimendu bat zegoen, beste berotasun bat, bai etxeko taldearentzat eta baita aurkarientzat ere. Epaileak ere izugarrizko presioa jasan behar izaten zuen, jendea gainean baitzegoen. Oraingoa oso hotza da, eta bertara joatea besterik ez dago…
Urte askotan zehar Realeko kapitaina izanda, inork baino hobeto ezagutuko duzu kluba. Gaur egun bizi duen egoera erabat desberdina da; gatazka ekonomikoak, 2. mailara jaitsiera… zein iritzi duzu honen inguruan?
Honen inguruan hainbat gauza esan behar dira. Lehenengoa, futbolaren inguruko jendea ez dela nibelekoa. Duela gutxi, klubeko arduradun bat joan egin da, eta etorri den jendea, nibel gutxikoa dela ikusi dugu. Bigarrenik, konpetentzia eta harremana zein beste sentimendu batzuk nahastu egiten dira gaur egun. Sanse-n ibili ginenok bagenekien eta badakigu nola eta zergatik iritsi ginen lehenengo mailara. Jendea lehiatzeko hezi behar da eta ez lagunak izateko, eta guk hori “sufritu” genuen. Gaur egun, aldiz, gazteak ez dituzte horrela hezten. Horregatik, gazte askok ez daki zer den lehiatzea ezta lehiakorra izatea zer den ere. Azken urteetan talde oso bigunak sortu ditugu, eta emaitzak hor daude. Hala ere, ez da gazteen arazoa, nagusiek baitugu horrekiko erantzukizuna, gazteekiko exijentzia oso baxua dugulako.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: