12..herrien astea

txokolo 1456153398663 txokolo | 2007-11-01 15:47

 

“BIDE IKUSEZINAK MARRAZKI”

SORMENA ETA ELKARTASUNA

 2007ko abenduaren 29an abiatuko gara Mikelazulo kultur elkarteko hamalau kide Cassamancera, Diola herria bizi den Afrikako lurraldera (Senegal).

Gure asmoa Diola kulturaren berri jasotzea da, ostera Euskal Herrian zabaltzeko, eta gure kulturaren berri eman halaber Cassamancean.

 Horretarako bi izango ditugu tresna nagusiak: batetik sormen lantegiak (musika, arte plastikoak, argazkigintza, antzerkia... adin guztietarako), eta bestetik ikuskizun bat (antzerkia, musika, txotxongiloak, pintura...).

 Gainera, Cassamancen izan ditzaketen beharrak laguntzen saiatuko gara, neurri apalean bada ere.

 Proiektu hau gauzatu ahal izateko abendura bitarte zenbait sormen jai burutu nahi ditugu. Horretarako zenbait ikuskizun eskaintzen gabiltza, leku bakoitzean haietako birekin egitaraurik ahalik eta erakargarrienak osatzeko. Bi helburu beteko dituzte jaialdi hauek: batetik proiektua laguntzeko diru sarrerak lortu, bestetik Cassamanceren errealitatea eta gure asmoa gizarteratu.

 Sormen jaialdi horien edukiak honakoak izan daitezke:

 -         “Gizona ez da txoria” antzezlana: helduentzako ikuskizuna, txotxongiloak, musika eta antzerkia (ACT jaialdian lehen saria jaso zuen iaz).

-         “Ezeraiketak”: poesia, irudia eta musika esperimentala.

-         “Omar”: haurrentzako ipuin kontaketa zuzeneko pinturarekin.

 PIEZA laburrak:

 

-         Maider Oiartzabalen dantza garaikide pieza.

-         “Bi ahots” antzezlanaren irakurketa dramatizatua.

-         Mikelazuloko kideen poesia emanaldiak.

-         “Trazos. Respuestas en el paisaje” ikusentzunezko artistikoaren emanaldia.

 Zenbait pieza laburrekin osatu daiteke sormen jaialdia, edo ikuskizun luze bat eta pieza labur bat...

 Gainera KONTZERTUAK eta hainbat artistek emandako piezen ELKARTASUN SUBASTA antolatzea pentsatzen ari gara.

 

 

 12. HERRIEN ASTEA

Mikelazulo kultur elkartea

Euskal Herria/Cassamance

Orereta/Oussouye

2007. urteko azaroan eta abenduan

 

 


 

 

 “Herrien Astea” Mikelazulo kultur elkarteak 1996tik Errenterian antolatzen duen ekimena da. Bertan alderdi soziala eta kulturala uztartzen dira, xede bakar batez: munduko herri ezberdinen arteko elkar ezagutza bultzatu eta berauetako kideekin komunikazio zuzenerako espazioak sortu ekimen ezberdinen bidez.

 Aurtengoan norabide bikotzeko proiektua aurkeztuko dugu, izan ere Errenterian hasi eta Senegalgo La Cassamancen amaituko baita Herrien Astea. Ahalegin berezi horretan Errenterian kanpaina berezi bat egingo da Afrikar jatorriko etorkinen egoera eta jatorrian duten arazoa aztertzeko eta ezagutzera emateko ekintza informatibo eta artistikoen bidez.

 Gerora gazte talde batek hainbat proiektu gauzatuko ditu La Cassamancen Diola kulturako eragileekin elkarlanean, Herrien Astean hasitako ekimenei jarraipena emanez eta komunikazo prozesu ahalik eta zuzenena eta osoena gauzatuz.


 

 

 

 

 “Herrien Astea”ren historia

               “Herrien Astea” 1996. urtean antolatu zen lehendabiziko aldiz. Tankera honetako proiektuen hasieran ohikoa denez, lehen bi urteak oinarriak jarri, sendotu eta Astearen formatuaren harian esperimentatzeko garaia izan ziren. Denbora gutxian publikoaren erantzun zabal eta positiboak zein bertan parte hartzen duten etorkin, elkarte, GKE eta bestelako kolaboratzaileen aldetik jasotako ilusioak Astearen zabaltzea eta garapena ekarri zuen. Urtez urte Herrien Asteak bere muga propioak gaindituz joan da, bide batez ekitaldien zerrenda handituz eta edukietan nabarmen sakonduz. Luzea da oso lehen hamar urteren bueltan Herrien Astean parte hartu duten pertsona nahiz kolektiboen zerrenda.

 

            Hasieratik hitzaldiak, informazioak, erakusketak, lantegiak, eta herrialde ezberdinetako afari herrikoiak bezalako ekintzak Herrien Astearen hezurdura izan badira ere, denborarekin gauza berriak gehitu zaizkio jada sendoa zen oinarriari: herrien azoka zumardian (jatorri kultural ezberdineko 22 karpa inguru egon ohi dira), musika eta disziplina artistiko ezberdineko jaialdi handiak (jatorri ezberdineko dantza, antzerki eta olerkariak kasu), herriko auzo elkarteetara zabaltzea (Agustinetakoa adibidez), herrien asanblada sinboliko baten ospatzea udal pleno aretoan, sentsibilizazio kanpainak, “Bizitzaren pintzelkadak” liburuaren argitalpena... Errenterian gauzatuta ere, hedapen horrek herriko mugak gainditzea ekarri du, prentsa eta kanpoko oihartzunari dagokionez bederen.

 

            Herrien Astea esperientziaren bidez heldutasunerako bidean den proiektua da. Hala ere oraindik orain elkar ezagutzaren bidea luzea da, etorkinen arazoak denborarekin konponbidera  gerturatu beharrean urruntzen ari direla dirudi... lan ugari dago egiteko, bide ugari jorratzeko elkar bizitza eta elkar ezagutzaren norabidean.


 

 

 

 

 Hamaika urteren balantzea

 

            Hamaika urtez ospatu da jada Herrien Astea. 2005. urtean ospatutako 10. edizioa hain zuzen ere inoiz baino gehiago bilakatu zen aldarrikapenerako bidea eta elkargunea, tankera guztietako harresiak erauzteko oihua bilakatu baitzen parte hartu zuen jende ugariaren ahotan. Ceuta eta Melillako kasuek, Palestinan, Mexikon, Bosnian eta munduko beste hainbat lekutan bizi diren egoerek, benetako elkarbizitzaren hezkuntzaren bidean babestu eta urratsak ematea inoiz baino urjenteagoa irudikatzen dute. Tankera askotako harresiak daude, tamalez, gure inguruan. Kanpoan fisikoki, eta baita barruan sikologikoki ere.

 

            2006. urtean urrats bat gehiago eman genuen mezu horren zabalkundean eta ohiko moduan hitzaldi eta erakusketekin informazioa zabaltzeaz gain, ekintza artistiko-sinbolikoek hartu zuten Herrien Astean protagonismoa: herri osoa bertan bizi diren etorkinek idatzitako gutunekin buzoneatu zen, etorkinen audio-aitorpenetan oinarritutako instalazio-antzerkia egin zen Xenpelar Etxean, publikoa autobus batean sartu eta errefuxiatuek bizi ohi duten egoera bizi arazi zitzaion jendeari...

 

            2007ko 12. Herrien Astearen bidez urrats txiki-handi berri bat ematen saiatuko gara tankera guztietako harresiak gainditzen.


 

 

 

 

Elkar ezagutza gauzatu

 

            Elkar ezagutza mundu hobeago bat lortzeko bidean funtsezko urratsa delakoan gaude. Planetaren hegoaldean kokatutako gabeziak, Iparraldean etorkinen gatazka bizia, egoera horien eraginez leku orotan sortutako kontraesanak eta oinarrizko baloreen galera ulertzeko, komunikazio zuzena funtsezkoa iruditzen zaigu, eta neurri berean, gatazka horiek konpontzeko elkar ezagutza eta dinamika amankomunak ezinbestekoak. Informazioaren bidez pixkanaka gure gizartea hezi eta iritzi kritikoa sortu daiteke arazo horiekiko.

 

            “Herrien Asteak” elkar ezagutzan sakontzeko gizarte eta kultur gaiak uztartzen ditu. Posible den neurrian bitartekorik gabe eskaintzen da informazio oro, herri eta kultura ezberdinetako ordezkariei hitza zuzenean emanez. Herrien Asteko funtsezko hezurdura hitzaldiek eta erakusketek osatzen dute, hau da, heziketari begira informazio zuzena eta eztabaida eskaintzen dutenak. Kultur ekintzen bidez hezurdura hori osatzen da, funtsean, kolektibo ezberdinetako pertsonen arteko harremanak errazteko espazioak sortuz (jaialdi parte hartzaileak, afariak...) eta norbere herriko kulturaren testigantza ikusgarriak eskainiz (dantza erakustaldiak, lantegiak, azoka...).


 

 

 Parte Hartzaileak

 

            Antolaketa lan bera elkar ezagutzarako topagunea izan daitekeela ikusi dugu urtez urte. Ohiko moduan, hauek izanen dira funtsean parte hartzaileak:

 

- Herrien Asteko lan taldea: irekia parte hartu nahi duen ororentzat, gai hauekiko interes berezia duten ikasleek, gazteek, elkarteetako ordezkariek eta herriko etorkinek orobat osatzen dute, Mikelazuloko kideez gain.

 

- Kolaboratzaileen sarea: elkarte, kolektibo, GKE, instituzioak... urtez urte osatzen den egitarauaren beharren arabera parte hartzen dute, ekitaldien subjektu nahiz ikusle gisa. Gurekin kolaboratu dute aurreko edizioetan:

           

            Mugarik gabe, Adiskidetuak, Kamelamos Adiquerar, SOS Arrazakeria, Saharako Elkartea (Gasteiz, Donostia eta Oiartzun), Komite Internazionalistak, Fundacion Pueblo Indio del Ecuador, Acnur, Palestinaren Lagunak, Euskadiko Txinatar elkartea, Ganbia, Maroko, Aljeria, Kolonbia, Senegal, Butan, Ekuador eta Sierra Leonako kolektiboak...

 

- Herri mailako elkarteak: Herrien Asteak publiko aldetik bere lekua gorde du Errenterian; urteetan gero eta gehiago hedatu da herriko beste agenteetara. Gurekin kolaboratu dute:

 

            Errenteriako Udala, Errenteriako elkarte gastronomikoen koordinakundea, Txintxarri elkartea, De Cyne Reyna, Laket taberna, Agustinetako auzo elkartea, Kaligari zinema taldea, Errenteria Hiria kulturunea, Frutas Rosarito (azoka), arlo artistiko ezberdinetan lanean diharduen jendea (antzerkia, pintura, literatura...) eta herriko norbanako anitz.


 

 

 

 Nori zuzentzen zaio

 

            - Errenteriako herriari: Mikelazulok egoitza bertan dauka eta hortaz herria bera da lehentasunezko eragin esparrua. Horren lekuko litzateke esaterako 2002ko Herrien 7. Astean argitaratutako liburua: Bizitzaren pintzelkadak: zu, bestea eta ni titulopean herrian elkar bizitzen duten jatorri ezberdineko pertsonen berri ematen da, beraien bizi esperientzia elkarrizketa eta sormenaren bidez ezagutzera emanez.

 

            - Iritzi publikoari: orohar Herrien Asteak duen oihartzuna dela eta posible den neurrian iritzi publikoarengan eragin nahi da komunikazioa, informazioa eta iritzi kritikoa lantzeko xedez.

 

            - Etorkinei: helburua ez da bakarrik beste kulturak gerturatzea hemengo herritarrei; baita ere gure kultura etorkinei gerturatzea, bai elkarte nahiz norbanakoei. Funtsean elkar ezagutza gauzatzeko, informazioaz gain harreman zuzena ere funtsezkoa dela sinetsita gaude.

 

            - Gazteei: antolaketa lanetan nahiz egitarauan barruko zenbait ekintzatan arreta berezia ematen zaio gazteen parte hartzeari, etorkizunaren hezkuntzan ere eragin nahiean (EKIN ludotekaren kolaborazioa, haur txikiekin etorkinen inguruan egindako marrazkiak, Senegaleko esperimentua hango eta hemengo haurrekin...).


 

 Mikelazulo kultur elkartea

 

            Mikelazulo kultur elkartea artea eta gizarte gaiei loturiko proiektu ugari sortu eta babestu ditu azken hamar urteetan zehar; tartean aipa genitzake Hiesaren kontrako ihardunaldiak, olerkiaren astea, kalea artearentzat berreskuratzen duen Espaloietan Oinutsik jaialdia, liburu argitalpenak (Beste bat apalerako, Bixotz Tam!padak, kilimAmuak), antzerkia, musika eta literaturari loturiko esperimentuak... funtsean beren kezkak nahiz sormena kaleratzeko biderik ez duenari espazio bat eskaini nahi zaio. Xede horretan kokatzen da hain zuzen ere,  Herrien Astea.

 

            Bestetik, elkar ezagutza eta komunikaziorako espazioen sorrera horretan sakontzeko xedez sortu zen 2001. urtean Herrien Astearen dinamikatik eratorri den beste proiektu bat: Bixotz Tam!padak: Euskal Herria-Senegal kultur espedizioa, harremana eta komunikazio ahalik eta zuzenena izateko xedez. 2001eko ekainean arteari loturiko hamabost pertsonek Senegalen izan ziren hango kultur errealitatea ezagutu eta lantegiak nahiz emanaldiak gauzatzen. Jende eta instituzio ugarik lagundu zuten proiektu hura gauzatzen, tartean, Errenteria, Oiartzun eta Pasaiako udalak.

 

            Proiektu horren ildotik gauzatu zen 2003. urteko urrian Zubibegibidezu: Euskal Herria-Ekuador kultur proiektua ere, Senegaleko proiektuaren ezaugarri bertsuak sakonago garatuz. Proiektu honen laguntzaile nagusiak izan ziren “Bizi+Hitza fundazioa”, “Fundación Pueblo Indio del Ecuador” eta Ekuadorreko norbanako nahiz artista kolektibo anitz.

           

            Azken proiektu honek bideak ireki ditu, adibidez 2005. urteko Herrien Asterako argitaratutako “Ñami mishakunchik: Ekuadorrera kultur bidaia” liburuaren argitalpena, edo Bizi + Hitza fundazioarekin elkarlanean Fundacion Pueblo Indio del Ecuadorreko kide den Nidia Arrobo Rodasen bisita Euskal Herirra, 2006. urteko udaberrian.

 

 

 

            Informazio gehiagorako edo harremanetarako:

 

            Mikelazulo kultur elkartea

            beheko kalea 4 behea

            20100 Orereta/Errenteria

            943 517002/mikelazulo

            mikelazulo@hotmail.com


 

 

 

 

SENEGALEKO PROIEKTUA

 

 

Aurreko orrietan aurkeztutako azaroko egitarauarekin lotuta abenduko proposamena batez ere Senegalen burutuko da.

 

Non

 

Aurtengo Herrien Asteak Errenterian izango du hasiera, eta Senegalen jarraipena. Bueltakoan berriz ere proiektuaren emaitzak aurkeztuko zaizkio Euskal Herriko iritzi publikoari.

 

Senegalen La Cassamance herrialdean gauzatuko dira ikuskizunak eta lantegiak. Asmoa da hango eragileekin batera La Cassamancetik hegoalderago ere lan egitea.

 

 

 

Aurrekariak

 

Herrien Astea 11 urtez antolatzeaz gain, tankera honetako bi proiektu gauzatu ditu Mikelazulo kultur elkarteak:

 

-         2001. urtean “Bixotz tam!padak” izenburupean Senegaleko La Cassamance eta batez ere Dakar hiriburuan. Orduan lotu ziren aurtengoan erabiliko diren kontaktu gehienak.

-         2003. urtean “Zubibegibidezu” Ekuadorren, Quiton eta kitxua eta txatxi herriekin batez ere.

 

Mikelazuloren kolaborazioak bestelako bidaietan:

 

-         2005. urtean Bosnia i Herzegovinan SOS Balcanesekin elkarlanean kale ikuskizuna eta lantegiak.

-         2006. urtean Saharan ikuskizuna El Watan elkartearekin batera.

 

 

 

 


 

 

 

 

Zer

 

            Gure helburua honakoa da: etorkinen errelitatea gero eta nabarmenagoa den garaiotan, joan-etorria izango duen komunikazio prozesu bat osatu euskal gizartea eta senegaldarraren artean. Horretarako:

 

            Errenterian Senegaleko jatorria duten norbanako eta elkarteekin kanpaina berezi bat egingo da Herrien Astearen testuinguruan (laguntza bilketa, pertsonatik pertsonara joango diren ekintza sinbolikoak, ekintza artistikoak...).

            Lortutako laguntza Senegalera eramango da eta ekintza hauen bigarren partea burutuko da.

 

            Azken helburua bueltakoan egindako lanaren berri ematea izango da liburu, hitzaldi nahiz ikuskizun formatuetan.

            Bi herrien arteko loturak sendotzea eta etorkizunean hango norbait gonbidatu Errenteriara, ekintza ezberdinetan parte hartzera.

 

Norekin

 

            Afrikako beste hainbat estatutan gertatzen den bezala Senegalek ere etnia eta kulturei dagokionez oso anitza da. Dakar inguruan wolofa nagusitzen den bezala (kultura eta hizkuntza aldetik) hegoaldeko La Cassamance eskualdean Diola etnia nagusitzen da. Diola kulturan animistak dira, fetitxistak zehatzago, eta antolakuntza aldetik herri txikiak izan arren oso ondo antolatuta daude (emakume taldeak, antzerki taldea...).

 

            Gure asmoa da haiekin elkarlanean burutzea dena. Horretarako harreman estua landu dugu 2001. urtetik hango bizilagunekin. Pierre Diatta adibidez, 2002. urtean Errenteriako Udalean izan zen Herrien Astearen testuinguruan egindako pleno sinbolikoan parte hartzen. Bera fetitxearen nagusietako baten semea da. Berarekin batera lanean dabil han lanean Joan Sola katalana, GKE ezberdinen proiektuak bideratzen La Cassamancen.

 

            Pierre Diatta izango da, hain zuzen ere, Diola herriarekin gauzak lotzeko arduraduna, eta berarekin batera mugituko gara emanaldi ezberdinak gauzatzera.


 

 

 Proiektuaren ardatzak

Lantegiak

            Sormen arloko eta osasun arloko lantegiak burutuko dira La Cassamancen: emakume taldeekin, aurreskolekin, gazteen antzerki eta musika taldeekin. Plastika, pintura, txalaparta, antzerkia...

 Ikuskizuna

            Ikuskizuna herri ezberdinetan egingo da, gai zehatza zehazteke. Parte hartuko duten elementuak: zuzeneko pintura, antzerkia, txotxongiloak, musika (txalaparta), hitza hizkuntza ezberdinetan (euskara, diola, frantsesa...).

 

Laguntza

            Senegaleko elkarteekin elkarlanean han momentu honetan La Cassamancen dituzten behar zehatzak aztertuko ditugu eta Herrien Astearen testuinguruan kanpaina berezia abiatuko dugu haiek lortzeko.

 

Elkar trukea

            Bi kulturen arteko elkar truke kulturala eta elkartasunezkoa izango da helburua. Hango kideren bat Errenteriara ekartzeko aukera posible ikusten ditugu (egin da lehenago ere).

 

Ezagutzera ematea

            Bi herrien arteko harremana sendotzen jarraitu dadin egindako lana euskal iritzi publikoari helarazteko bideak aztertuko dira, hango kulturaren nortasunaren izaera, beharrak, arazoak eta aldarrikapenak ezagutzera emateko.

            Bide posibleak:

            Liburu bat argitaratzea (aurrekariak: 2002an argitaratutako “Riiru xol” eta 2005ean “Ñami mishakunchik” liburuak, eta Errenteriako etorkinen testigantzak jasotzen dituen “Bizitzen pintzelkadak” 2003an).

            Han egindako ikuskizuna taularatzea.

            Komunikabide ezberdinekin erreportaiak hitzartzea.

            Hango kideak Errenteriara gonbidatzea.

 

 


Utzi iruzkina: