Sosegua apurtzen

txoko 1456153393354 Nire txokotik | 2012-01-17 15:11

Azken hilabeteetan goizero jaikitzerakoan beste sosegu batekin entzun ditut eguneko albisteak irratian. Pixkanaka etorri da sosegu hori, ETAk borroka armatuari uko egin arte urratsak eman dituen heinean batetik, eta bestetik, itxura guztietara erabat bidegabeak ziren atxiloketen berriak ere gutxituz joan direlako. Urrian ETAk borroka armatuari uko egin ondoren aurrerantzean sosegu handiagoa izango genuela zirudien, sosegu handiagoa badaukagu baina sosegua apurtzen duten albisteak ere heldu dira tantaka. Azken egunetan ugaritu egin dira gainera: bi atxiloketa kartzela zigorra betetzeko, biak ere gazte talde abertzaleren batean aritu izanagatik ez indarkeria ekintzengatik: Ekaitz Samaniegona eta izena gogoan ez daukadan beste mutil batena Santurtzin, beste hiru etakide atxilotuak Frantzian eta Oiartzualdeko hainbat gazte sei urteko kartzela zigorrera kondenatuak Segiko kideak izateagatik. Azken egunetako atxiloketek ekarri dute beste ondorio bat, atzo Bilbon atxiloketen aukako manifestazioa egin eta horren ondoren zaborrontzien su eman omen zieten. Ziur naiz gaur kale borroka itzuli dela aipatuko dutela askok. Ez da albiste ona, ez zait iruditzen, baina ez naiz harritu. Ezker abertzaleko kideen artean gauzak ondo eginaren sentsazioa badagoela uste dut, baina ezinegona ere handitzen doala beste aldearen jarrera ikusit: atxiloketak, mugimendurik ez presoen kontuan eta egiten ari diren adierazpenak entzunda. Sarkozy Espainiara joan eta eta terrorismoaren aurkako borrokan egindakoagatik Espainiako gorazarrerik handiena jaso bezperan gertatu da Frantziako atxiloketa. Horrek propaganda itxura nabarmenegia ematen dio atxiloketa horiei, eta erakusten du bi gobernuek bide beretik joateko asmoa daukatela. Kezka hor sortzen da: zein izango den hartuko duten bide hori; eta nire beldurra da bi gobernuak orain artekotik mugitzeko asmorik ez izatea. Esaten dituztenak entzunda ematen du gauza bat azaldu nahi dutela: ETArekin ez direla gauzak asko aldatu eta terrorismoaren aurkako borrokarekin berdin jarraitu behar dela. Jarrera horrek ez die kalte elektoral handirik sortuko agintean dauden alderdiei, agian bai Euskal Herrian, baina ez eurei gehien inporta zaien Espainian eta Frantzian. Postura inmobilista horien aurrean sortu daitezkeen liskarrak, balizko kale borrokaren indartze bat adibidez, ez dut uste asko kezkatzen dituenik. Are gehiago, esango nuke, intentsitate baxuko biolentziarekin erosoago sentitzen direla eta horri etekina aterako lieketela. Batetik indarkeria ez dela desagertu aipatu eta orain arteko jarrera mantendu eta gogortzeko, eta, bestetik, hauteskundeetan eurak nahi baino askoz indartsuago azaldu den ezker abertzalearen barruan pitzadurak bilatzeko.


Utzi iruzkina: