Letretakoa makinarekin

txoko 1456153393354 Nire txokotik | 2013-06-07 10:46

Makinak ez du arrankatzen. Mekanikaren misterio txikienak ere ez ditut ezagutzen eta ezin dut asmatu makina martxan jartzen. Izan ere ni letretakoa naiz eta badirudi letretakoak horrelako tramankuluen nola funtzionatzen duten jakiteaz libre gaudela. Arrankatzen ez didan tramankulua zuhaitzen adarrak txikitzeko makina da, trituradora; erabiltzeko oso erraza da, martxan jarri ondoren bere aho handitik adarrak sartu eta kitto. Arazoa da ezin dudala martxan jarri, ezin dudala arrankatu. Motozerra, desbrozadora edo rotabatoreen antzera trituradora hau ere soka bati tira eginda arrankatzen da. Orain gutxi ere antzeko zerbait gertatu zitzaidan berarekin, ezin arrankatu, baina arazoa desberdina zen, sokatik tira egin eta ezin mugitu soka. Baina asmatu nuen konpontzen, huskeri bat zen, kutxilak dauden ardatzean trabatuta zegoen adar zati bat kentzea nahikoa zen, baina hori zela topatzea eta konpontzea eraman zidan denbora. Horren ondoren erraz arrankatu nuen eta erabili ere bai, baina bapatean geratu zen, gasolina amaituko zitzaiola pentsatu nuen (gasolinaz funtzionatzen du tramankuluak) gutxi zeukalako eta depositoa bete nion, baina horren ondoren ez dut arrankatzea lortu, aurrekoan ez bezala motorrak bueltak ematen ditu baina han ez da motor hori martxan jarriko duen txisparik sortzen. Haizea hartuko zuela, ito egingo zela esan didate baina nik ez dakit zer egin hori konpontzeko. Depositotik irtetzen den tuboa askatu beharko dela pentsatu dut, baina ez naiz horretan ausartzen, ez daukadalako batere segurantziarik hori eginda konponduko dudanik eta ezta ere lehen bezala jarriko dudanik. Egun batzuk pasatu ondoren berriz saiatzeko esan zidan atzo lankide batek eta hori egingo dut, eta horien ondoren gauzak berdin jarraitzen badu (horrela izango dela uste dut), laguntza eskatu.

Izan ere, esan dut, ni letretakoa naiz, arlo horretan egin nituen nire ikasketa nagusiak eta nire lan bizitzaren urte mordoska bat. Gauzak aldatu egiten dira batzuetan eta nire oraingo lanak zer ikusi gutxi dauka nire ikasketetan eta aurreko lanetan egindakoarekin, oraingoan garrantzi gehiago dauka makinak erabiltzen jakitea, konpontzen jakitea eta horrelako trebetasunak, eta nik ez dauzkat oso garatuta trebetasun horiek; makinak erabiltzea hainbeste, konpontzea eta horrelakoak oso gutxi. Hori bai, horrelako zerbait lortzen badut, gustura geratzen naiz. Baina ni, esan dut, letretakoa naiz, errazagoa zait, adibidez, idaztea eta horregatik jarri naiz hemen idazten letretan jarri nahian makinen artean letretakoa den honek dauzkan gorabeherak.


Utzi iruzkina: