Ekonomiaren kolesterola

txoko 1456153393354 Nire txokotik | 2020-02-07 17:09

Aste honetan albiste bi izan dira ingurugiroarekin lotutakoak. Alde batetik jakin dugu aurreko egunetan arnasten dugun airearen kutsadura osasunarentzat kaltegarria den mailatik gora egon dela hainbat lekutan. Errua eguraldiarena nonbait, egun horietan izan den eguraldi beroak eragin omen du. Baina, lasai nago, gure agintariek azkar erreakzionatu eta jarri dute protokolo bat horrelakoak berriro gertatzen direnerako, adibidez debekatu egingo dituzte kanpoan egin beharreko ekintzak, kirola egitea adibidez. Ez dut entzun neurririk hartuko dutenik kutsadura ez sortzeko, edo gutxitzeko; ea zein agintari ausartzen den herritarrei esatea: “Aizue, gaur zuen autoa edo kamioia ezin duzue erabili kutsadura maila altuak daudelako”. Badirudi gure ekonomia santuaren martxak sortzen duen kutsadura onartu beharreko alboko kaltea dela eta onartu beharra daukagula etsipenez eta, noski, ez begiratu ea arnasten dugun airea kutsatuta horren arduradunik ba ote dagoen.

Ingurugiroarekin ere lotuta dago Zaldibarren izandako lurjausia, zeinek AP8 autopista moztu duen ordu askotan. Amiantoa bezalako material toxikoa onartzen duen zabortegi bat goitik behera erori da autopistaraino heldu arte eta bi langile desagertu dira, hilda egongo direla ez du inork zalantzan jartzen. Zabortegiak gure ekonomiaren martxaren beste albo kalte bat dira, abiadura handiko martxan ekonomiak sortzen dituen hondakinak ezkutatzeko erabiltzen diren zabortegi hauek ere lehertzen hasi dira eta hondakin horiek, toxikoak ere bai, gure lurretan zabaldu dira.

Produkzio industriala handitzea bultzatzen ari gara baina ez diogu pareko bultzadarik ematen produkzio horren ondorioz sortzen diren hondakinak kudeatzeari, baliagarri ez zaigu guzti hori hondakin izen orokorraren zakuan sartu eta ahalik eta azkarren kentzea nahi dugu, kontutan izan gabe hondakinen zaku horretan material desberdinak daudela, asko baliagarriak oraindik, eta tratamendu berezitua behar dutela. Produkzioari hainbesteko bultzada ez bazaio ematen produkzio osteko kudeaketari, hondakinek gainezka egiteko arriskua handituz joango da.

Zaldibarreko lur jauzia autopistara heldu da, gure ekonomiaren martxa onerako funtsezkoa den azpiegiturara. Garraiobide egokirik gabe ezin ekonomia indartsua eduki. AP8 autopista moztuta autoak eta kamioak geldi edo motel-motel ibili behar izan dute herrien erdi guneak zeharkatzen dituzten errepideetatik (inork neurtu ote du une horretan herri horietako airearen kalitatea?). AP8 autopistaren mozketari eman zaion alternatiba beste errepideak erabiltzea izan da, aipagarria inola ere ez dela trena aipatzen alternatiba moduan, garraio bide bakoitzari eman zaion bultzada desberdinaren erakuslea da.

Zaldibarrekoa gertatzen zen bitartean gure ekonomiak martxan jarraitzen zuen, autoak eta kamioiak gure zainetan zehar, zainak lehertzeko zorian jarri arte. Asfaltozko zain horiek kolesterolaz gainezka egin zuten beste behin, oraingoan Irunen N121 errepide malapartatuan berriz ere, auto gidari bat hilda kamioi baten aurka txoke egin ondoren. Errepide hori erabil behar dutenek beti beldurrez ibili behar. Gure ekonomia indartzearen ahaleginaren albo kalteak: hildakoak, aire zikiña arnasteko, kutsadura, beldurra.


Utzi iruzkina: