Gure ikastolaren jatorria
Gure kooperatibaren ibilbidea 1963an hasi zen. Urte hartan, Gasteizko dozena erdi bat familia ados jarri eta erabaki zuten beren seme-alabei hezkuntza alternatiboa eskaintzea, ohiko ikastetxeetan eskaintzen zutena ez bezalakoa. Ez zen erronka txikia, inola ere ez. Euskarak, euskal hizkuntzak, une hartako ofizialtasunak ukatzen zion tokia eduki behar zuen hezkuntza horretan. Ekimen hari esker, hamalau ikasle hasi ziren Zerkabarren kaleko etxebizitza batean,Izaskun Arrue andereño zutela. Izaskun izan zen, beraz, Olabide Ikastolako lehendabiziko andereñoa.
Baikorrenen aurreikuspenak ere gainditzen zituen errealitateak. Ikasle kopurua etengabe ari zen handitzen, eta gehikuntza horri aurre egiteko hartzen ziren behin-behineko irtenbideen ondoren, 1973an finkatu egin zen gure hezkuntza proiektua. Urte hartako urtarrilaren 24an Lan Ministerioak onartu egin zuen hezkuntza kooperatiba eratzea; “Aita Raimundo Olabide“ zuen izena, eta 360 familiak eratu zuten. Ikastetxeak 496 ikasle zituen. Kooperatiba 1972ko apirilaren 12an eratu zen, eta eratu bezain laster erabakiak hartzen hasi ziren. 20.000 metro koadroko lursaila erosi zuen kooperatibak Lasarten, eta gaur egun gure instalazioak osatzen dituzten eraikinetako lehena eraikitzeko lanak abiarazi zituen. Lehenengo eraikina 1975eko apirilaren 19an inauguratu zuten.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: