URRATSAK EGINEZ AHT GELDITUKO DUGU!

Konzentrazio_2008/11/29_01

Larunbat honetan, bereziki bi mezu zabaldu nahi ditugu:

•    Krisi ekonomikoak gogor kolpatzen gaituen garai honetan, arrazoi gehiagorekin, AHT-ren eraikuntzak ekarriko lukeen itzelezko galera ekonomiko eta sozialaren dimentsioaz ohartarazi nahi dugu jendartea. Benetako premia sozialei erantzunik ematen ez zaien bitartean, sekulako dirutza xahutuko dute egitasmo txikitzaile horretan. Eusko Jaurlaritzaren 2010eko aurrekontuak adostu berri dituzte PSE eta PPk. Horien arabera, 1.900 miloi euroko zorra izango du Jaurlaritzak heldu den urteko ekitaldian. Halaber, 2009 eta 2010 urteen artean 43.000 lanpostu galtzea aurreikusten du Gasteizko gobernuak. Ingurumaria honetan, 12 milioi euro bideratuko dira etxebizitza politikarako, eta 9 milioi euro gizarte politikarako; Herri Lan eta Garraio Sailaren aurrekontua 704 milioi eurokoa izango da.

•    Krisi testuinguru honetan, justifika al daiteke gure zergetatik finantzatuko den 6.000 milioi eurotik gorako gastua (EAE-rako datua) ekarriko duen azpiegitura bat? Gure gizarteak, eta, herritarrok azken batean, nola egingo diogu aurre tamainako zorpetzeari? Konparazio batera, Euskal Y-aren kostua Eusko Jaurlaritzaren urte bateko aurrekontu osoaren bi heren adinakoa da, eta Etxebizitza Sailaren 24 urterako aurrekontua ordainduko litzateke dirutza horrekin.

•    Urriaren 17an Baionan ikaragarrizko jendetza bildu zen abiadura handiko ibilbide berriaren aurka (13.000 lagun inguru). Iparralden inoiz egin diren mobilizazio jendetsu eta zabalenetakoa izan zen. Herritarrek barneratu dute salgaien garraiorako ez dela beharrezkoa AHT bezalako egitasmo bat, oraingo trenbideak egokituta salgaien garraioaren balizko hazkundeari arazorik gabe eutsi dakiokeela. Horrek Euskal Y-aren bultzatzaileen argudioak bertan behera uzten ditu (salgaien garraiorako ezinbestekoa dela eta Europarekin abiadura handian lotura egiteko balioko duela).

o    Lapurdiko adibideak erakutsi digu gizarte eztabaida piztuta eta informazio gardena mahaiaren gainean jarrita (herri mugimenduen ekarpena eta txosten independenteak, besteak beste), herritarrek ezezko borobila eman diotela burdinbide berriari.


GEURE ESKU DAGO: GELDITUKO DUGU!

Informazioa, eztabaida, kontzientziazioa, mobilizazioa eta desobedientzia dira gure borrokarako tresnak. Horiek are eta DETERMINAZIO handiagoz erabiltzeko konpromisoa hartu genuen joan den larunbatean Arrasaten egin genuen batzarrean.

EUSKO JAURLARITZA TXIKITZAILEA!! AHT GELDITU!! GURE ESKU DAGO!!

TXINGUDIKO AHT GELDITU! ELKARLANA
Irunen, 2009ko urriaren 29an.


Utzi iruzkina: