AHTa zertarako? Eztabaida soziala orain! Kontzentrazioa

pict0330
Jendaurreko agerpen eta komunikazio guztietan salatu izan dugu informazio falta. Abiadura Handiko Trenaren sustatzaileek ez dute horretarako interesik sekula izan, zeren orduan agerian geldituko bailitzateke ez dugula behar, garestia delako, jendartearen garraio beharrei ez dielako erantzun egokirik ematen, eta ingurugiroan atzeraezinezko kalteak eragingo lituzkeelako.
AHTaren aurkako taldeek euren gain hartu dute herritarrak informatzeko ardura. Gure ahalen arabera, eta, zintzoki, egitasmoaren ingurukoak mahai gaineratu ditugu urteotan, ibilbidea, ingurune kaltetuak, inpaktuak, kostu ekonomikoa, garraio beharrizanak, etab. Gu ez gaitu interes partikularrak gidatzen, eta, maiz, denbora eta baliabideak falta ditugu ikasitakoa nahiko genukeen bezain ongi jendarteratzeko. Horrez gain, ezarri diguten isiltasun hesi mediatikoa gainditu beharra izaten dugu oihartzuna lortzeko.

Esperientziak honako hau erakutsi digu: zenbat eta informatuago herritarrak, orduan eta jarrera kritikoagoa AHTa bezalako egitasmo txikitzaile batekin. Lapurdiko herri elkargoek agindutako txostenen emaitzak kaleratu ondoreneko jendearen erantzuna horren lekuko; abiadura handiko burdinbidearen aurkako oihua ozen entzun zen Baionan urrian egindako manifestazio arrakastatsuan. Txosten horietan agerian gelditzen zen salgaien garraiorako aski zela egungo azpiegiturak egokitzea, eta Frantziako eta Espainiako agintariek estrategia ezberdina dutela; lehenbizikoek salgaien garraioarekin lotzen dute burdinbide berria, bigarrenek, berriz, AHTa bidaiarien garraioarekin.

Guk gure herrian benetako eztabaida soziala piztu nahi dugu. Lapurdiko herri elkargoek aditu talde independenteei txostenak agindu zizkieten. Hori bera galdetzen diegu agintariei, alkateari eta egitasmoaren aldekoak diren taldeei: datuekin azaldu diezagutela zergatik den hain beharrezkoa AHTa, nola konponduko duen garraioaren eta kolapsoaren arazoa, zein diren Irunen egitasmoak izango dituen inpaktuak (ibilbidea, ingurumena, nekazaritza, paisaia, etab.).
Horregatik guztiagatik, datozen hilabeteotan gure lehentasuna herritarrak AHTak ekarriko lituzkeen kalteen inguruan informatzea izango da, horretarako gure esku dauden bitarteko guztiak erabilita (xumeak izanagatik). Halaber, herri agintarien jarrera salatuko dugu informazioa ezkutatzen duten eta benetako jendarte eztabaida galarazten duten bitartean.

BA AL ZENEKIEN…

Espainiako estatuak apustu estrategikoa egin du salgaiak errepide bidez garraiatzeko; errepide azpiegitura rankinean munduko bigarren dugu (EEBBen atzetik). AHTak ez du salgaiak garraiatzeko balioko, baizik eta bidaiarien garraiorako. Hori ondorioztatzen da “Estudio de la movilidad en el seno de la CAPV” dokumentu ofizialean. Beraz, AHTak ez du gure eskualdean nozitzen dugun trafiko kolapsoa konponduko, eta errepide bidezko merkantzien etengabeko hazkundeari ez dio irtenbiderik ekarriko. Hori utzi nahi genuen agerian, esan zigutelako AHTak errepide bidezko merkantzien arazoari irtenbidea emango ziola. Eta badugu horretarako premia Txingudin!

Urte askoan Eusko Jaurlaritzako arduradunek AHTaren eraikuntza justifikatzeko honako argudioa erabili dute, autonomia erkidegoa eta Europa abiadura handian lotzeko balioko duela. Frantziako estatuak, berriz, salgaien garraiorako nahi du burdinbide berria, eta orain, egitasmoa kolokan da, agerian gelditu baita ez dela beharrezkoa burdinbide berririk salgaien garraiorako, aski dela egun dituztenak egokituta. Zertarako, bada, tamainako inbertsioa itzelezko ingurugiro eragina izango duen azpiegitura erraldoi batean, ez badu balioko Europarekiko lotura egiteko? Bistan da egitasmoaren aurkako jarrera izango genukeela Europarekiko abiadura handiko lotura egiteko balioko balu, badirelako horretarako pisuzko arrazoiak (ingurumen, ekonomia, jendarte, nekazaritza eta nekazaritza ikuspegitik), baina herritarrekiko izugarrizko zorra dute erakundeek, gisa horretako sasi argudioak erabili dituztelako, kosta hala kosta, eta, interes partikular eta epe motzekoei men eginez, AHTa inposatzeko.

ESAIGUZUE EGIA!!
ZERTARAKO AHTa?
AHT GELDITU!! GURE ESKU DAGO!!

TXINGUDIKO AHT GELDITU! ELKARLANA
Irunen, 2009ko azaroaren 28an.


Utzi iruzkina: