Plazan musika entzuten da, buruko minak gosea kendu dit edo… Gaur euria egin du.
Plazan musika entzuten da, buruko minak gosea kendu dit edo… Gaur euria egin du.
Ikaragarri gustatzen zaizkit horrela hasi eta bukatzen diren olerki eta kantuak. Garrantzi handirik gabekoak diruditen baiztapenekin hasten dira. Karga emotibo handia ezkutatzen dutenak ordea, aski sinbolikoak… Lehen esaldi hori irakurri edo entzutean, jarraian etorriko den burutapenaren mamia hori izango dela pentsatzen duzu baina ez, oker zabiltza. Baieztapen hori; plazan musika entzuten dela… Buruko minak gosea kendu diola edo… Gaur euria egin duela, burutapen horren lekukoak besterik ez dira.
Une horretan, egilea, barnean duena ateratzen hasten da, bistako kontuak alde batera utzi eta arduratzen duenaz hitz egiten digu, dena delako horrek sortzen dion pixuaz, nekeaz edo noiz-behinka, pozaz. Normalean, datzi ederrenak izorratuta zaudenean ateratzen dira ondo zaudenean, ez bait zara idazteaz gogoratzen (zerbait ona izan behar zuen izorratuta egoteak…).
Pentsamendu transzendetal eta gordinen inguruan biraka hasten da orduan bere bihotzeko ateak ireki berri dizkigun hori eta, hizki eta sentimenduz betetako bidaia horretan, polizoi izaten uzten digu.
Bidaia ordea, amaierara iristen da eta azken portu horretan, azken esaldi horretan, plazako musika entzuten da, buruko minak gosea kendu dizu eta… Dagoeneko gelditu bada ere, gaur euria egin du.
Orduan, hasierako, bistako lekuko horrek, olerki edo kantu osoan zehar kontatu zaiguna beste ezerk baino hobeto deskribatzen duela konturatzen zara. Azken finean, bidaia guztian, horixe izan baita errealitate printza bakarra.
Plazan musika entzuten dela, buruko minak gosea kendu didala edo… Gaur, euria egin duela.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: