Maria bankura doa

theindezents 1456152903500 The Indezents bloga >> | 2012-04-03 15:31

Maria bankura doa eguerdiko ordubata terdiak aldera. Goizean okindegian bildu duen dirua, bera ete bere kidearen artean orain hamabost urte zabaldu zuten kontuan sartzera doa. Hirurogehi urte inguruan dabil Maria eta okindegitik bankura doala bera gaztea zenetik gauzak zenbat aldatu diren pentsatzen doa. Erabaki ona hartu zuen etxeak garbitzeari utzi eta bere lagun Carmenekin okindegia irekitzea erabaki zuenean.

Bere hizkuntza eta kulturaren alde egin zuen borroka Mariak gaztetan. Denborarekin, auzi horiek garrantzia galtzen joan ziren egunero indartsuago ikusten bait zuen bere hizkuntza kolpatua herriko kaleetan. Gaur egun, auziak beste batzuk dira pentsatu du. Krisia, lan erreforma, langileen eskubideen murrizketa… Bere aitak kontu hauen inguruan zenbat borroka egin zuen gogoratu du. Bizitza ziklikoa omen da… Hori diote eta agian ez zaie arrazoirik falta.

Bere aitak fabrikako lan baldintzak hobetzeko lanean eman zuen bizia eta Mariarentzat mundu hobeago bat eraikitzen lagundu zuen. Berak, Mariak, euskara eta gure kultura indartzearen alde egin zuen lan ondoren eta bere seme-alabei hizkuntza indartsuago bat utzi zien. Denbora horretan ordea, bere aita eta konpainiak eginiko lan guztia apurka apurka erortzen joan denaren sentsazioa du, adreiluak banan-banan erortzen zaizkion gaztelu baten moduan. Bere seme-alabek, ez dute euskara arriskuan ikusten. Gauzak ongi egin ditugulako alde batetik, eta garai okerragoak ezagutu ez dituztelako bestetik dio Mariak bere barrenerako bankura iristen ari den bitartean.

Bere seme-alabek ordea, erabat bizi ikusten dute aitonaren borroka. Unibertsitatean ikasiak dira biak eta orain arte mila euro ziztrin besterik ez zituzten eramaten poltsikora hilero. Egin duten lan guztiarekin… Orain, lan erreformarekin, 800 besterik ez dira eta larunbatetan ere lan egin behar dute. Ez baduk nahi, atean zain zazpi zeuzkiat esan omen zion nagusiak semeari.

Maria bankuan sartu da eta sarrerako ordenagailuan bere zenbakia hartu du. Ordu-laurden itxaroten egon ostean bere txanda iritsi da:

- Egunon! – Esan dio Mariak lehiatilako neskari irriparre batez - Diru hau kontuan sartzera nator.

- Perdon, ¿Me podria hablar en castellano?

Mariari zerbait apurtu zaio barrenean. Eskua ahora eraman du iraganeko mamu bat berriz ikusi balu moduan. Lehiatilako neska konturatu da Mariak eraman duen sustoaz eta barkamena eskatu dio. Gironakoa dela eta orain arte banku berberarena zen sukurtsal batean lan egiten zuela bertan. Itxi egin omen dute ordea eta bere lanpostua mantentzeko aukera bakarra hona etortzea izan omen da. Ez daude gauzak beste lan bat bilatzen hasteko… Esan dio kupida eskatuz Mariari.

Mariak aurpegia aldatu du kolpean eta irriparre gozo batekin erantzun dio Gironako neskari. Euskaldunak pertsona onak gara beste gauza guztien gainetik esan dio bere buruari. Gaztelaniaz egin du bankuan egin beharrekoa eta eta lehiatilako neska agurtu du gurera ongi etorria eman ostean.

Bankutik ateratzean pentsamendu mordu bat etorriko zaizkio aldi berean burura Mariari eta paretaren aurka erortzen utzi du bizkarra lasaiago pentsatzeko asmoz. Bere aita etorri zaio burura, langileen eskubideengatik egin zuen lan guztia, garai batean Maria berak gure hizkuntza eta kulturaren alde eginikoa, bere seme-alabak, lan kontuekin izaten ari ziren arazoak eta, hauek borrokarako zuten gogoa.

Zuzen jarri da Maria berriz ere eta etxera abiatu da bazkaria berotzera. Bidean, autokritika egin du. Agian gure hizkuntzaren alde lan egiten ari ginela gure aitak lortutakoa mantentzea ahaztu zitzaigun, agian gure errua da. Hala ere, garbi izan du berak eta bere belaunaldikoek eginiko guztiaren balioa eta gauza bat bakarrik eskatu dio oso gutxitan zerbait eskatzen dion Jainkoari. Aurretik dugun borroka honetan ez dadila gure hizkuntza izan atzera egiten duena. Ez gaitezen berriz ere akats berdinean erori mesedez.


Utzi iruzkina: