Langile zapaltzaileak eta hainbat fauna

theindezents 1456152903500 The Indezents bloga >> | 2012-02-12 15:23

Atzo La Tagliatella jatetxean egon nintzen afaltzen Grosen. Lagun pare batek gomendatu zidaten duela ez asko eta behin han inguruan izanda, afaltzera bertara joatea erabaki genuen. Ederki jan genuen eta gustora irten ginen jatetxetetik pasta eta pizzaz bapo geratu ostean. Hala ere, ez da hori post honetan aipatu nahi nuena.

Kontua da, iristean jatetxearen sarrera jendez lepo zegoela. Mahairik ba ote zen galdetu genion maitreari eta ordu erdi itxaron beharko genuela erantzun zigun. Kanpoan zegoen giro artikoan pentsatu eta ordularian gaueko hamar-terdiak jotzeko zirela ikustean, itxaron egingo genuela esan genion. Zerbitzariei oztoporik egiten ez genien leku batean jarri eta mahai bat hartzeko gure txanda noiz iristi zain geratu ginen.

Bitartean, jende gehiago iristen joan zen Groseko La Tagliatellara. Batzuk, gu bezala ereserbarik gabe eta beste batzuk aldiz, erreserbarekin. Denborak aurrera jarraitzen zuen eta uneoro harrituago geratzen ari ginen gu bezala zain zegoen jendearen jarrerarekin. Lanean tope zebiltzan zerbitzari eta maitreak, alde batetik bestera. Inguruan genuen jendea ordea, mutur txarrak, langileez gaizkiesaka, beraien bizkarrera barrez, bidea oztopatzen eta protesta keinuka. Esan dizue ba itxaron egin beharko zenutela?

Denborak aurrera jarraitzen zuen eta pixkanaka jendea sartzen ari zen jangeletara (nahiko erritmo onean) eta jende gehiago iristen zen (gu kanpoan oraindik erreserbarik ez genuelako). Bapatean, zazpi emakumeko talde bat iristi zen. Bisoi moduko soinekoekin eta kilo erdi pote aurpegian zutela guztiak. Hauek, nola ez, erreserba zuten. Ez ziren bost minutu baino gehiago zain egon baina astia eman zien, maitreaz kexatzeko, goitik behera begiratu ostean bere bizkarrean barre egiteko eta hori gutxi balitz, zain egon behar izan zutelako kexaka hasteko.

Nik ere baditut aurreiritziak (nahi baino gehiago) eta itxurra horretako jendeaz ez dut gehiago espero normalean. Hala ere, gehien harritu ninduena han zegoen gure muko jendearen jarrera izan zen. Langileei mesprezuak eginez, imintzioka eta barrez. Horretan ari zirenek ere langile itxura zuten gu bezala baina badirudi lana bukatu eta bizitza arruntean, nonbaitera joan eta bertako langileen gainetik daudela sentitzeak halako plazer bat sortzen diela…

Ez du itxura oso onik aurretik dugun garaiak baina horrelako jarrerak ugaritzen hasten badira, konponbidea uste nuena baino urrunago dagoelakoan nago (eta ez nuen gertu ikusten…).

 

PD: Berrogehi minutu beranduago sartu ginen afaltzera (esandakoa baino hamar besterik ez) eta amaitzean, afarian zehar edandakoa eta kafeak gonbidatu zizkiguten. Badirudi, maitre zein zerbitzariak ere konturatu zirela harrera gela hartan gertatzen ari zenaz. Itxaropen apur bat geratzen zait oraindik…


Utzi iruzkina: