Gizakia, estralurtarrak eta aitatxoren errietak

theindezents 1456152903500 The Indezents bloga >> | 2012-04-28 16:33

Oso transzendental jartzen ari naiz azkenaldian… Unibertsoa gora eta unibertsoa behera. Goiberrirako Artola jaunak eta biok aurkeztu genuen lehen bat eta batean horixe izan zen bota nion gaia. Letretakoa izan naiz beti, oso. Hala ere, badira gai batzuk beti jakinmina sortu didatenak. Horien artean nola ez, guztiaren jatorria eta gure errealitateari mugak jarri behar izatearen beharra (oso filosofikoa ematen du honek guztiak beraz letretakoa izaten jarraituko dut agian…).

Kontua da, azkenaldian lurraz kanpoko bizian pentsatzen aritu naizela. Beti izan dut gustoko zientzia fikzioa (bai, friki bat naiz) eta estralurtarrez aritu diren filma onak oso gustoko ditut (Contact handiaz gogoratzen naiz. Ez dut martzioanorik agertzen ez den martziano filma honberik ezagutzen…). Denbora darama gizakiak gure lurretik kanpo bizirik ote dagoen pentsatzen nola ez, errealitatea osoa definitu eta mugatzeko asmo hutsarekin (ezezagunak beldur asko eman izan digu beti), amaiezina den leku honetak bakardadetik ihes egiteko.

Hala ere, bada bilaketa honetan oso kontraesankorra iruditzen zaidan jarrera bat. Gizateriaren historia aztertuz argi eta garbi ondoriozta dezakegu erabat antropozentrikoak izan garela beti lurrari dagokionean eta erabat hegozentrikoak gure lurraren barnean gizarte berriak topatu ditugunean. Beti gutsietsi izan dugu kanpokoa, berria, eta gure ahalegin guztiak, gizarte berri horiek zaplatzen xahutu ditugu gainera.

Gure lurretik kanpora begiratzen dugunean ordea, beti imaginatzen dugu zibilizazio aurreratuago bat, jantzi gris metalikoz jantzita etorriko dena, gaitz guztien aurkako sendagai bat topatua duena, unibertsoaren sekretuak ezagutuko dituena eta nola ez, azalduko dizkiguna.

Garbi dago, gugana iristea lortuko balute gu baino aurreratuagoak izango liratekela baina zergatik pentsatzen dugu hala ez bada, ikusten ez baditugu alegia, bakarrik gaudela? Behin baino gehiegotan entzun izan dut gure planetan bizia sortzea istripu bat besterik ez zela izan, zorte handia izan genuela. Orduan, zergatik ez pentsatu uste genuena baino zorte gehiago izan genuela eta unibertsoan bizi gehiago egon badagoela baina beranduago hasi zela?

Mende eta mendeak ezagututako zibilizazio berriak gutxiesten, suntsitzen, hankaperatzen. Gure planeta osoa ezagutu ostean ordea, kanpora begira espezie aurreratuago baten desira eta beharra erakusten dugu… Ematen duenez, Jainkoaren bila jarraitzen dugu, edo bere funtzioa beteko duen norbaiten bila gure barnean, kolektiboki, kontziente garelako espezie moduan aitatxoren errieta behar dugula gure ibilbidea zuzentzeko. Tristea...


Utzi iruzkina: