Gazte euskaldun neo-independizatuaren klopak

theindezents 1456152903500 The Indezents bloga >> | 2013-01-30 19:18

Independentzia! Zein gauza polita eta desiratua… Ez naiz ordea Euskal Herriaz edo kataluniaz ari, nire bizitzaz baizik. Badakit azkenaldian zailagoa ematen duela gazte bat independizatzea gure herriak askatasuna lortzea baino baina horrelaxe dago kontua (30 urterekin gaztea naizela esaten uzten badidazue behintzat…).

Ikasle garaietan zazpi urte pasa nituen ikasle pixuetan bizitzen eta guztia kontrolatua izango nuela pentsatzen nuen... Kaka! Zerbait aldatu da nire buruan. Beno, nire buruan eta nire poltsikoan…

Gure ikasle pixuetan urtean bi aldiz garbitzen zen etxea, azterketa garaian (Ez dakit zergatik baina orduan izaten genuen denbora gehien etxeko-lanei eskaintzeko…). Esan beharrik ez dago urtean zehar zoo bateko kaiola bat ematen zuela pixuak eta garbiketa egunetan ohe azpitik jendea ere irteten zela hautsarekin batera. Zein ederra zen afari on bat bota eta platerak hurrengo astean garbitzea… Aiii…

Orain ordea, ezin dut horrelakorik egin! Bazkaltzen edo afaltzen amaitu ostean garbitu behar dut guztia. Mina ematen dit hurrengo goizerarte konketa zerri eginda uzteak! Amak ikusiko banindu… Ikasle pixura lehen aldiz joan nintzenean iriparre gaiztoz esan zidan: “Ikusiko dek oain. Gauzak ez dituk bakarrik garbitzen eta arropa zikinaren saskia ez dek hire armairura eramaten diken zulo magiko bat”. Ez zitzaion arrazoirik falta baina ez ninduen errealitate berriak gehiegi eragin garai hartan... Ez garbitu eta listo!

Orain ordea, egun hartan amak esandakoa gehiagotan gogoratzen dut eta mamu baten moduan agertzen da nire gainean pelikula bateko super gaizkile baten barre algara sakonaz.

Zein arazo puta du hautsak gizakiarekin?! Nola da posible goizean mopa pasa ostean arratsalderako zorua pelotilla putakumeez josita egotea? Pentsatzen hasia naiz norbait sartzen zaidala etxean pelottillak zoru eta alfonbretan uztera…

Gomendio on bat eman zidaten hautsa pasatzeko ordurako behin: “Goitik behera beti, goitik behera!“ eta ez zitzaion arrazoirik falta baina goitik behera hasi ezkero behera iritserako nekatu egiten naiz eta behekoa garbitu gabe geratzen da... Ondorioa, Behekoa askotan garbitu eta goikoa hautsak liburuak erdirarte estaltzen dituenean soilik… Ez dut sekula super-etsairik izan baina orain badut bat, hauts pelotilla putakumeak.

Irudia: http://jaggedsmile.wordpress.com

Erosi zak robot garbitzaile bat artaburua!” esan zidan koadrilako batek behin baina! Zenbat balio dute robot puta horiek? Zer dira? Silestonea bezala unikornio adar birrinduz eginak ala? Pareta eta apaletara igotzen direnean planteatuko dut bat erostea agian…

Benetan erotzen hasia naizela… Idazten ari naizela ere pelotillak aurkitzen ditut begi iskinarekin alfonbraren muturrean (barretartiara testua bidalitakoan garbituko dut). Erotzen ari naiz baina zer nahi duzue esatea? Independentziak zoragarria izaten jarraitzen du. Inork ez zuen esan erraza izan zenik… Eta ezta hauts pelotillak hain putakumeak zirenik ere...

Barretartia webgunerako idatzitako testua


Utzi iruzkina: