Eta hiruretan ordubiak izando dira

theindezents 1456152903500 The Indezents bloga >> | 2008-12-04 22:04

 

Eta hiruretan ordubiak izando dira. Horixe izaten da urtean behin telebista eta egunkari guztiek esaten digutena. Hasieran pozez hartzen dugu berria nahi edo ez (onartu dezagun) parrandarako ordu bat gehiago izaten dugulako. A ze plazerra hiruretan ordularia atzeratu eta ordu bete gehiago dugula jakitea (aaaaaah…). Ziur nire aitak ez duela berdina pentsatzen gaueko turnoa egiten ari denean baina, mundua horrelako da, zer egingo diogu ba?

 

Kontua da “lotarako” oparizko ordu hori ahanzturaren zulo beltzean erortzen dela eta hurrengo egunean gauzak berdin berdin egiten jarraitzen dugula ordularia ordu bete atzeratu dugula oroitu gabe. Hala ere, astelehenan lanera, klasera edo dena delakoa egitera joatea tokatzen da eta arratsaldeko zazpiretan kalera irtetean izoztuta geratzen gara zeruari begira (beno, zerua edo kobazuloa bietan argi berbera baitago). Lanetik irten eta kalera joateko gogoa genuen baina dena ilunduta ikustean gogo hauek desagertzen joaten dira eta pentsamendu hau bukatzerako portaleko atea irekitzen ari garela konturatzen gara.

 

Energia aurreztea omen da ohitura surrealista honen helburu nagusia baina zer nahi duzue esatea? Gauean goizean aurreztu duguna gastatu behar badugu eta bidean nire energia propioa galdu behar badut, nik behintzat ez dut ordu aldaketarik ikusi ere egin nahi. Uda inguruko egunak luzeagoak izaten dira eta egin beharrekoak egin eta gero ere, argi izpiak geratzen dira egin beharrik ez daukagun gauzei ere denbora eman ahal izateko. Eta nik behintzat, garbi daukat; hauek dira bizia hobetzen duten gauzak.

 

Joan zen Aste Santuan Portugalen izan nintzen eta harrituta geratu nintzen han ordu bete gutxiago zela jakitean. Arrazoia galdetu nuen Portugal ez baitago munduaren beste aldean eta erantzuna argigarria izan zen. Portugaldarrek ez dute urtean zehar ordua aldatzen eta horren eraginez, urte erdian zehar gure ordu berdinean bizi dira eta beste erdian ordu bete atzerago.

 

Ordu bete atzerago biziko dira bai baina gu baino aurreratuago daudela iruditzen zait. Gozatu dezagun bizia eta egin ditzagun egunak luzeago. Zer axola zait esnatzean ilunduta egotea esnatu beharra badaukat (nahikoa izorratu nau esnatzeak horrelako txorakeri batek gehiago izorratzeko). Erabili dezagun eguzkia bizitzeko eta ez lanerako. Gozatu dezagun eguna eta hartu dezagun kafe on bat. Bai bai, kafe on bat, hori baita portugaldarrei kopiatu beharreko beste gauza bat; Mc Donals puta batean ere hemen, jatetxe garestienean sekula probatuko ez dugun kafea ematen dizutela.


Utzi iruzkina: