Erligioarekin jarraituz... Petxuga Jainkoa

theindezents 1456152903500 The Indezents bloga >> | 2006-11-21 12:19

Etxeko Jainkoa da. Gu iristean han zegoen dagoeneko eta gu joatean ere hantxe jarraituko du. Hasieran begirune kontua zen bere tronutik ez kentzea, orain ordea… edonork sartzen du hor eskua.

Hazten ikusi dugu eta horrek gure aitatasun sena piztu du. Hasieran petxuga arrun bat zen, bere PVCzko erretilu beltzetik hotzgailu guztia zaintzen zuen oilasko petxuga arrunta. Denborarekin ordea eraldatzen joan da. Hasieran, lizun segizio bat gerturatu zitzaion lider espiritual bati bere jarraitzaileak gerturatzen zaizkion bezalaxe, gauak eta egunak petxuga jainkoari errezuka ematen zituztela zirudien; oraindik emozionatu egiten naiz gogoratzean. Geroago, lizun zuri distiratsu hura kolore biziagoak hartzen joan zen; berdeak, urdinak, horixkak… Artelan impresionista bat ekartzen zuen gogora eta argazkiak ateratzen genizkion ama batek bere lehen saria irabazten duen semeari ateratzen dizkion moduan. Garai ederrak izan ziren.

Denborarekin ordea gauzak okertzen hasi ziren. Petxugak botatzen zuen kiratsa jasan ezina zen eta bere inguruan sortu zen oskol hura mugitu egiten zela zirudien. Gure petxuga zahartzen hasia zela pentsatu genuen baina ezin ginen erratuago egon, beste maila batera igarotzen ari zen.

Perretxiko nimiño batzuk koskol guztian zehar edatu ziren eta, oilo bularki hark sortzen zituen gasen ondorioz edo, izaki mikroskopiko batzuk agertu ziren. Bizia sortzen hasi zen nahi gabe sortu berri genuen unibertso hartan! Bizidun txiki haiek petxuga eta perretxikoak ustiatzen hasi ziren, perretxikoak landatzeko teknikak garatu zituzten, lehendakari bat aukeratu zuten, hotzgailua kolonizatu zuten barazkien kaxoietaraino, Petxuga Jainkoaren eguna ospatzen zuten eta “mundu berria” deitzen zioten izozkailurako espedizioa prestatzen hasiak ziren.

Darwinen eboluzioari buruzko lan guztiak irakurri genituen baina bularki hau ama-zientziak ezarritako arau guztiak hausten ari zen. Jainkoak ginen! zibilizazio bat sortu genuen!

Azkar amaitu ziren ordea gure handiusteak. Hotzgailuan zerbait sartzen genuen  bakoitzeko komisioa kobratzen hasi ziren eta ateratzean “gordetako produktuaren gaineko zerga” eskatzen ziguten. Hasieran ez genien ordaintzen  baina sindikatu bat eratu eta greba orokorra hitzartu zuten. Hotzgailuko atea trankatu zuten eta ez zegoen atea irekitzeko modurik. Janaria alferrik galtzen zen balkoian eta beraien aldarrikapenei men egitea baino aukera gehiagorik ez zitzaigun geratu. Orain, etxeko Jainkoa da. Zein nimiñoa den gizakia unibertsoarekiko…eta zein zerriak gu.


Utzi iruzkina: