Egunon Goierri saioak urtebete bete du! Zorionak!
Egun berezia izan da gaurkoa irratian. Gaur, abenduak 1, urtebete bete du Egunon Goierri saioak eta halamoduzko ospakizuntxo bat egin dugu gaurko saioan. Egia esan, izugarri azkar pasa da urtebete hau eta eta beno, beldur pixka bat ematen badu ere, ez da seinale txarra.
Esan bezala, azkar pasa da denbora baina ez da denbora Egunon Goierri saiotik igaro den bakarra. Horregatik, eskerrak eman beharrean naiz entzule, partehartzaile eta kolaboratzaile guztiei. Azken hauei bereziki, zaletasun moduan, izugarrizko lana egiten dutelako eta noski, beraiek egon ezean saioak ezerterako balioko ez lukeelako. Mila esker Nerea, Jon, Manolete, Artola, Idoia, Ainara, Uxue, Ander, Iban, Beñat, Egoitz, Leire, Harriet, Tordo, Ainhoa, Nagore eta Iñaki (espero dut inor ez ahaztea…). Bai zuei, eta baita saiotik pasa diren elkarrizketatu guztiei ere.
Gauzak horrela, saio berezi bat egiteko erabakia hartu genuen eta nahiz eta izugarrizko festarik egin ez dugun, entzuleei eskatu diegu laguntza saioa aurrera eramateko. Abenduaren 1 honetan Egunon Goierri saioan entzungo genituen kantuak aukeratzeko eskatu genien eta erantzun dute. Eskerrik asko hauei ere!
Urtebete bete dugu baina oraindik ez zaizkigu hortzak atera. Ikasteko asko dago oraindik eta espero dut, bide horretan, urteak azken hau bezain azkar igarotzea (gustora gaudenaren seinale izango da ziur).
Besterik gabe, hementxe uzten dizuet gaurko saioa. Abenduaren 15 arte egongo da sarean. Egun horretan, saio berri batek ordezkatuko du.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: