Agur denoi! Bihar goizean inpernuan izango naiz
Agur denoi!
Aspaldi ikasi nuen euskeraz agur hitzak esanahi bikoitza duela. Bertsolari eta dantzariek egunon esan ohi dute agurrekin (makina bat aldiz ikusi ditut herriko plazan), baina ezagutzen dudan jende guztiak (herriko plazatik kanpo noski), betirako agurtzeko erabiltzen du hitz hau; ez geroarte edo bihar arte, betirako. Horregatik, inoiz baina egokiago iruditzen zait gutun hau, hitz honekin hastea.
Gaur gauean nire bizia amaituko da. Ez da luzeegia izan baina oso heldua naiz nire adinerako (hori esaten didate behintzat) eta denbora ongi aprobetxatu dudalakoan nago gainera. Gaur gauean amaituko da, ez du atzera bueltarik. Nire bihotzak, gaur gauean emango ditu bere azken taupadak eta egia esan… merezi dut.
Hala ere, badu gauza on bat heriotza honek. Gertatu aurretik jakin ahal izan dut eta aukera hau probestu beharrean nago dena lotuta uzteko. Bihar goizerako inpernuan izango naiz (hara behintzat, ez dut jertxerik eraman beharrik izango) eta gauza asko dauzkat esateko.
Lehendabizi, barkamena eskatu nahi diot amonari. Nire errua izan da eta ordaindu beharrean nago. Lasai egon dadila, ez baitiot gorrotorik, nahiz eta azkenean pixka bat pasatu den baina beno, jakin dezala asko maite dudala eta inpernuan, bere zain izango naizela.
Esan Eneritzi ere asko maite dudala. Badakit ez naizela munduko anairik hoberena izan baina bera ere ez da asko saiatu azkenaldian. Lehen nirekin jolasean igarotzen zuen eguna baina trapu horiek erosi eta aurpegia pintatzen hasi denetik ez du inork jasaten. Esan, bere mobila etxe atzeko putzuan dagoela, eta bere pinturetan akuarelak bota ditudala, eta bainuontzi ondoan duen txanpua ez erabiltzeko… eta bere lagun (ordurarte behintzat) Mikeli nik esan niola ipurdia granoz beteta zuela… eta atariko ordurako duen fianbrera ez irekitzeko! Bihar nirekin egon ez nahi badu behintzat.
Nire lagun Martin eta Txomini ere agur esan nahi diet ahaztu aurretik. Nire adiskide lehialak izan dira bizitzeko aukera izan dudan urte mordoxka hauetan eta badakit faltan botako nautela. Beraientzat nire harri bilduma eta kromoak. Eta ez daitezela kexatu! Amona sukaldean bi minutu lehenago sartu balitz, beraiek ere gaur gauean egingo lukete eta inpernurako bidaia. Ez esan nik esan dizuedala baina bestela… asko aspertuko naiz inpernu madarikatu horretan.
Maiteri ere (munizipalaren alaba, ile horia duen hori) agur esan nahi nioke eta eskertuko nizueke bihar bertan, nire argazki bat emango bazeniote. Jakin dezala zer galdu duen!
Amaitzeko, zuek agurtu nahi zaituztet. Aita, ama; asko maite zaituzten biok eta oso ongi portatu zarete nirekin beti (ia beti). Gainera asko eskertuko dizuet, Txominen gurasoak ez bezala, inoiz banandu ez izana. Horregatik aita, zuri, nire potroak uzten dizkizut amak beti esaten baitu ez dituzula eta zuri ama, adarrak ez zaikizula sumatzen esan nahi dizut naiz eta Txominen amak esan, aitak eta berak behin baino gehiagotan jarri dizkizutela. Agur bioi!
Gaur gauean, deabrua nire bila etorriko da eta inpernura eramango nau. Hori esan dit amonak behintzat gaur arratsaldean hozkailu osoa lurrera nola erori zaidan ikusi duenean (hurrengo semearentzat bada ere, ez utzi hain goian txokolatea, ematen du nahita egiten duzuela).
Besterik gabe, horrela agurtzen naiz. Hala ere, eta herri hau nahiko galduta dagoenez, deabruak gaur gauean aurkitu ez banindu, ez esnatu bihar eskolara joateko ziuraski gaixo egongo naiz eta. Txokolate gehiegi jan dut eta barrenak nahasten hasita dauzkat. Agur Denoi!
Bolo-Bolo Elkarteak antolaturiko Azken Agurra lehiaketarako idatzitako testua
Iruzkinak
Utzi iruzkina: