Bilboko Okupazio Bulegoak urtebete beteko du ostegunean
Datorren Urriaren 8an, okupazioaren aldeko espazio honek Alde Zaharrean ateak ireki zituenetik urtebete beteko da. Martxan jarri eta hamabi hilabetetara, iniziatiba arrakastatsua izan dela aipatzen dute bulegotik, "gure hasierako espektatibak gaindituak izan direlarik".
Bulegoan bertan berrogeita hamar kontsulta inguru landu dituzte –bai banako, bai bestelako kolektibo, Gazte Asanblada eta Gaztetxeak- , hamalau kasutan laguntza juridiko zehatza eskatu zaie, hogei pertsona inguru zalantzak argitzera eta usteak trukatzera etorri ziren, eta gainontzeko denak bestelako ardurekin.
Aholkularitza juridikoari dagokionez, Okupazio Bulegotik egiten duten balantzea positiboa da. Izan ere, Bulegotik pasa direnen artetik gaur arte ez da izan usurpaziogatik inongo kondenarik. Bai ordea, oso sententzia argitzaileak, esaterako, Bilboko 3. zenbakidun Auzitegi Penalak urtarrilaren 15ean, Erribera 5 eraikina lau hilabetez okupatu zuten hogeita bi pertsonak absolbitu zituen.
Ekintza hura, zalantza barik Bilboko Okupazio Mugimenduak etxebizitzaren espekulazioaren kontra egindako ekintza publiko garrantzitsuena izan zen. Lorpenak ere izan dituzte, epaitegietatik kanpo konponbideak topatu nahiean, okupen eta jabeen arteko elkarrizketan bitarteko moduan agertuz. Horrela, kontratu prekario bi eta alokairu zuzenago bat -merkatuko prezio zoroetatik guztiz ezberdina- lortu dituzte.
Beste aldetik, hilabeteotan zehar Bulegoak etxe okupatu baten bizi direnen edo bizitzear daudenen arteko kontaktua sustatu du, Okupen Sarea eratuz doalarik. Bulegoak, okupazioa etxebizitzaren espekulazioaren eta instituzioen jarrera pasiboa salatzeko dagoen tresna legitimo eta erabilgarria dela publikoki defendatu du.
Aipatu beharra dago webguneak -www.okupaziobulegoa.org- jaso dituen bisita anitzak. Bertan, okupazioari begira erabilgarria den informazioa gehituz joan dira, adibidez, etxe hutsak bilatzeko aholkuak, okupatzen dutenei dagozkien eskubideak -erroldatzea, bizilekuaren bortxaezintasuna, etab.- edo jabekin epaitegietatik kanpo sortu daitezkeen itunen eta kontratu prekarioaren inguruko komentarioak aurki daitezke.
Azkenik, bi hilabetetako geldiunearen ostean pasa den irailaren 18an informazioa kontrastatu, zalantzak argitu eta iniziatiba nolabait sustatu nahi duten guztientzat Bulegoa berriro zabaldu da, Ekoetxean -Pilota kaleko 5ean- ostiralero 18:00tatik 20:00etara.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: