SASIPOEMA V
Gertatzen da batzuetan, bizitzan behin edo birritan gehienez, itsasoari, ozeanoari begira egonda, Ruperrek belarrira esaten dizula behin eta berriz “zaindu maite duzun hori, zaindu maite duzun hori...” Eta sentitzea malko bat eztarrian behera sabeleraino. Eta olatuak berdinak direla, zerua, eguzkia, ilargia eta izarrak, haizea, berdinak direla zuretzat eta niretzat, Denbora dela aldatzen dena eta aldatzen gaituena. Eta zurekiko maitasuna kaio batek daramala bere mokoan hartuta, zeinek daki nora (ezta berak ere), hemendik urrun. Agian zure nerekiko maitasuna mokoan daraman beste kaio horrekin bat egitera, non eta haizeak dantzan egiten duen leku isilean, marinelek bakarrik ezagutzen duten tokian, eta baliteke bide batez, marinel horietako baten itsasontzian pausatzea kaio biak eta haizearen dantza isilari begira, mokoan daramatzaten maitasun puskak erortzen uztea, eta orduan marinelak biak jaso eta arnastuz irenstea eta bapatean zer eta kantuan hastea “zaindu maite duzun hori, zaindu maite duzun hori...” eta malko bat isurtzea. Baina esan dut, gertatzen da bizitzan behin edo birritan gehienez. Edo izan liteke inoiz ez gertatzea.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: