Portugal, ez gal

sosiuz 1456152795343 sosiuz | 2019-07-17 15:33
1

sosiuz 1563377446400

Fadoak entzunez eta kantuan sartu gara herrialdera.

"Ó luar da meia-noite, alumia cá p'ra baixo, que eu perdi o meu amor e ás escuras não o acho. Ó limão, ó verde limão, solteirinha sim, casadinha nao; Ó limão, ó verde limão, amor da minh'alma, dá-me a tua mão..."

Izar formako harresia duen herrira etorri gara, Elvasera. Unescoren gizateria ondarea dira alde zaharra eta harresia. Lehenengo bisita kanpinera egin dugu. Mutil gazte jator batek egin digu harrera. Portugalen ohikoa omen den kortesiaz hartu gaitu. Mapa bat oparitu digu eta behin eta berriz erabili dugu planak egiteko. Bero egiten du gaur ere eta erreka edo igerilekurik ezean, arropa garbituz freskatu gara. Tarteka egiten dugunez, atsegina da, jolas egiten dugu eta freskatu egiten gara. Kanpin osoarentzat dauden soketan esegi ditugu arropak eta... dena bete dugu! Eskerrak izara eta toailei ez diegun heldu.

Arbolapean jarri eta Badajozen erositako hariekin pultserak egin ditugu eta Maiari ehuten irakatsi diot. Gogoz hartu du eta oraindik jaio ez den lehengusuarentzat opariak ehuten hasi gara. Dutxatu, afaldu, kartetan egin... Kanpineko egun tipiko bat izan dugu.

Mapan ikusi dugu igerileku publikoak bertatik bertara ditugula eta egunpasa joan gara bertara. Sorpresa itzela: inon baino merkeago eta instalazio bikainak! Apenas dago inor, bainatzeko libre-libre. Gaztelera gehiago entzuten dugu portugesa baino. Seguruenik, mugaren alde bietan dagoen igerileku txikinena izango da zonaldean. Orritxo bat ere eman digute sarrerako pultseratxoekin batera. Uraren garrantzia ekologikoaz eta osasunaz dihardu. Ondo egoten da gogoraraztea, hain urte lehorra duten inguruotan bereziki. Igeri, salto eta jolas, igerilekuko egun tipikoa izan dugu, baina borobiltzeko, etxetik kanpora afaltzera joan gara.

Harresia gurutzatu beharra izan dugu, alde zaharrera igarotzeko. Kanpoaldean iada, Iñigo eta biok aipagai izan ditugu garai bateko batailak, soldaduak, estrategiak... Ekiren begirada urduri nabaritu dut. Uso bat hegan atera da tunelean sartu garenean eta ezusteko handia hartu du. Gurutzatu ditugu bi ateak eta etxeak, kaleak eta parkea agertu zaizkigu, eta familia bat parkean. Ekik esan du, lasaitu aurpegiarekin eta irripartxo batekin: "A! Jende normala dao!". Soldaduak espero zituen! Historia eta istorioak, h batek bereizten ditu...

Adokinezko bideetan gora erdiguneratz joan gara eta dena itxita eta hutsik topatu dugu. "Turistikoa ez da ba? Zer gertatzen da hemen?". Ibili eta ibili, xarma bereziko jatetxe apaina topatu dugu, bat eta bakarra zabalik. Hortaz, ez dago zalantzarik: bertan afalduko dugu. Sartu eta berehala, jabeak kortesiazko harrera egin digu eta ate ondoko mahaitxoa eskaini. Paretak bete-beteta daude, argazkiz, artelanez eta objetuz (nekazarien tresna zaharrak, loreak, argazki kamerak... denetarik). Bapo jan dugu; bakailao, haragi, lekari eta barazki mordoa. Eta bukaeran, bi emakume eta geu bakarrik geratu gara. Zerbitzariarekin hizketan hasi dira eta emakumeetako batek polinesiarra zela esan dio. Munduko mapa bat erakutsi dio orduan zerbitzariak eta txintxeta bat eskaini, bere jaioterriko irlaren gainean jarri zezan. Mapatik kanpora kokatu du emakumeak, bere herrialdea agertzen ez zelako. Lurralde txikiak, munduaren bestaldean daudenak, agertu ere ez dira egiten. Total... Hain gutxiengo txikia... Guk ere ipini dugu geurea, Pirineoen gainean, gutxi gorabehera. Nola agertuko zen, ba, gurea bezalako lurralde txikia, aitortzarik gabekoa, mapan? Hizketaldi luzea eginda etxeratu gara, Elvaseko bide aldapatsu eta bakartietan behera, farolen argi hori eta katuen artetik.

 

Salva a Terra jaialdia eta Idanha a Nova zonaldea

Salvaterra do Extremo herrian, Extremadura eta Idanha a Nova lurraldeak ibaiak elkartzen dituen lekuan, jaialdi ederra gozatu genuen. Portugalen bizi den lagun batek gonbidatu gintuen eta merezi izan zuen. Lau egunez giro ederra izan zen, familia, gazte, heldu eta herritarren artean. Izenari omen, jaialdi ekologiko eta kulturala da Salva a Terra, bi urtez behin mimo handiz antolatzen dutena. Gu behintzat oso gustora egotea lortu zuten. Antolakuntza primerakoa izan zen, baita azpiegitura ere: dutxak eta komunak (ur bero eta guzti!), kanpinentzat eta furgonetentzat leku aproposak, janari ekologiko eta begetarianodun postuak, artisauak... Egitaraua oso zabala zen baina beroak baldintzatu zuen: goizetan dantza afrikarretan parte hartu genuen, Mendebaldeko Afrikako dantzak, kantuak, ohiturak eta kontuak ikasi genituen, eta iluntzetan musika kontzertuak gozatu genituen (gainontzeko orduak arbolapean eta dutxa azpian pasatu genituen). Hauetxek gozatu nituen nik: Tiago Pereira eta Silvio Rosado (proiektu berezi batekin, gazte eta helduak, bereziki nekazal girokoak, grabatu zituzten musika tresnak jotzen edo kantuan eta ondoren performanzea osatu), Milo Ke Mandarini bikotea (Mediterranioko doinu eta musika tresna anitzak), Gaztelako kopla zahar eta perkusio taldea, Espirito Nativo (Ameriketako kantu ezagun eta dantzagarriak), Ana Pinhal (fado kontzertu bikaina!) etaTerra Livre talde indartsua (ikaragarrizko giroa jarri zuten, plaza guztia saltoka eta dantza batean). Parranda ederrak egin genituen, lagun berriak ere bai. Ea bueltatzen garen, Salvaterra!

Jaialdian elkartu eta elkarrekin egun batzuk eman ostean, Guy eta Oriolen etxera joan ginen, Medelim herrira. Nekazal giroko eremua da, migrazio handiagatik lur asko salgai edo bertan behera utziak dituena. Horregatik, ederragoa ere bada. Ber-bertako jende nagusia eta munduko lekuetatik etorritako gazteak batzen dira eremu berean, eta harreman berri eta politak sortu dira. Ez dago lagun baten eskutik lurraldeak ezagutzea baino hoberik: inguru paregabeak eta lagun berriak egin ditugu. Hala, astia izan dugu jaialdiko nekeak eta astinduak baretzeko ere eta geure artean egoteko.

Monsanto herrira joan ginen, eguzkia lurrean sartzen den momentu berezi hori bertako gaztelutik ikusi eta kantuz agurtzeko. Granitozko harritzarren artetik, kale zaharretan zehar, gazteluraino igo ginen, bakoitza bere bidetik. Oso energia berezia dute harriok eta gain hartatik ikuspegi ezin hobea dago lautadaz. Umeentzat fantasia eremu polita izan zen gaztelua, era guztietako gertaerak imajinatzeko eszenatoki. Gora eta behera, korrika zeharkatu zituzten gazteluaren txoko guztiak, batailak eta borrokak irudikatuz. ilunpetan ere kaleetan zehar ibili ginen eta ez genekin zein mendetan geunden ere, hango etxeen eta kaleen itxurak erdi arokoak ziruditelako. Farolak eta katuak berriz ere, gure irudimenaren laguntzaz denboran atzera joaten laguntzeko.

Guy eta Oriolekin eta beste hainbat lagun berrirekin Penha Garciara joan ginen. Herrixka bat da, mendi magalean dagoena, eta atzekaldean natur eremu oso ederra ezkutatzen duena. Urtegi bat dago bertan, ez bereziki ederra, baina ondoan errota zaharrak, erreka, igerileku naturalak eta eskalatzeko horma aproposak daude. Egun zoragarria pasatu genuen bertan. Jolasean, bainatzen, eskalatzen, lagun berriak egiten (errusiarrak ere bai!)... Oso bibrazio onarekin irten ginen handik eta afari goxo batekin ospatu genuen.

 Serra da Estrela

Batak eta besteak gomendatu zigun. Portugaleko mendialderik eder eta freskoena dela esan ziguten eta asteetan zehar jasandako beroak jarraitu egingo zuela ikusita, haraxe joan ginen. Ekaitz eder batek euri zaparrada gozoa eman zigun. Furgonetaren barruan harrapatu gintuen, errepidean, eta etxean sentitu ginen une batez. Lasaitu egin ginen, behar genuena jaso genuen. Hala, euripean, Manteigas herrira heldu ginen. Han beharrezko erosketak egin, egun lasaia pasatu eta mendialderantz joan ginen. Europako glaziare bailararik handiena omen da, bailara zabal eta ederra. Nabari da hainbat sail erre direla azken urteetan eta pena ematen du, hain eremu berezian ere halakoak gertatzea. Errekondo zoragarri batean eman genituen egun batzuk eta bioaniztasuna lantzen duen ibilbidea egin genuen bertatik. Intsektuei arreta jarri genien eta ez genuen bururik altxatu beste egunetan ere. Zenbat tximeleta desberdin, zenbat mamorro ezezagun, zenbat kolore eta izen berri! Joaninha dos sete puntos gogoan geratu zaigu denoi, portugesez amama mantangorriari deitzeko modua. Iturri oso emankor eta fresko batean ( 6 gradu!) ur erreserba bete eta goialdera igo ginen furgonetarekin. Handik irteera batzuk egin genituen, tartean La Torrera ere bai, Portugaleko punturik altuena. Espero ez genuena zen han merkatalgune handi bat topatzea! Neguan eski esparrua omen da eta behar bada horregatik ere turismo masibo xamarra jasoko du. Oinez, ez zebilen apenas inor. Gozatua hartu genuen eta beste behin, Maia eta Eki ere oso gustora ibili ziren. Zorionez, txokolatezko gailetek eta bidean asmatzen ditugun ipuinek bide luzeak laburtzen laguntzen digute. Artzek zioen bezala: "Zein da biderik motzena? Biderik ederrena!". Mendi altu xamarretan dagoen energia eta niri sentiarazten didana, ez daukat hitzez azaltzerik. Ez dago hoberik.

Serra da Estrelatik irtetzerako, beste erreka-hondartza batean bainatu ginen (oso ohikoak dira Portugalen "praia fluvial"-ak), kanpin batean dutxatu eta apain-apain jantzita, Guarda hirira joan ginen afaltzera, Iñigoren eguna ganoraz ospatzera. Sorpresa hartu genuen, Portugalen altuen dagoen hiria oso ederra baita eta afaltzeko txoko zoragarria topatu baikenuen (Guido's Point). Azken aldiz portugesez hitz egiteko aukera izan genuen. Handik aurrerako xao, ax, extrela, xoao, minhax eta antzeko soinu goxoak, musikak bakarrik eskaini dizkigu. Muito obrigada, Portugal!

 

 


Utzi iruzkina: