Penintsularen beste puntan

sosiuz 1456152795343 sosiuz | 2019-03-08 11:51
1

sosiuz 1552144317029

Sekretu miragarri bat: almendrondoen adar eroriei, hilabete pasatu eta gero ere, ezti usain ordigarria darie. Petaloen artean sudurra sartu, arnasa sakon hartu eta... zorabio gozoa...

Pego izeneko herrian batu genituen apurtutako adarrak, eta igo ginen garrofera edo algarroba zuhaitzetara, eta entzun genituen gaueko 9etan prozesioetako ensaioak tronpeta jasanezin batekin...

Eta ikusi...

Eta usaindu...

Eta sentitu...

Orain arteko bidaian, bereziki ederrak izan dira aspaldiko lagunekin eta lagun berriekin pasatutako momentu ahaztezinak, baita parke naturaletan igarotako egunak ere. Hementxe denak ilaran:

Ebroko Delta: Tarragonako hegoaldean itsasoaz, argitasunaz, arroz soroez, hegaztiez, lasaitasun handiaz gozatzeko leku paregabea.

L'Albufera: Valentzia hiriburuaren ondoan. Hondartza luze, pasealeku, arroz soro eta basoak. Hiriburutik oso gertu dagoenez, bizikletaz batera eta bestera joateko oso prestatuta dago. Zientzia Museoa eta inguru guztia, baita Turiako jardinak (hiriaren arnasgune erraldoia) bizikletaz ezagutu genituen. Gu El Saler inguruan egon ginen furgonetarekin.

Marjal de Pego-Oliva: Valentzia eta Alacanteko mugan. Oso eremu txikia da baina lasaia eta ederra.

Montgó: Alacant iparraldean. Karearrizko menditzar ederra. Gu ez ginen goraino igo baina inguruetan ibili ginen: Cova de l'Aigua eta inguruak, itsasargia bere labar ederrekin... Zelako energia ederra... Egun gehiago ere egiteko lekua.

Calahonda: itsas erreserba. Ez ginen ur barrura sartu baina ertzetik ere gozatu genituen arrain multzoak, haitzen azpikaldeko alga edo landare laranja biziak, itsas trikuak... Buzeatzeko leku oso aproposa omen da.

Los Lances: Cadizen, Tarifan dagoen paraje natural babestua. Zelako hondartza zabal, luze eta ederra, dunaz eta basoz inguratua. Kometekin jolasteko, paseatzeko, muxukatzeko leku aparta.

 

Montgón gora.

 Lehorrak, ez hain lehorrak, berde xamarrak... kilometroak aurrera eginda, tartekatu egiten dira lur idorrak eta hezeagoak. Olibondoak, almendrondoak, laranja eta mandarina ondoak, pelusatxo bat besterik ez duten mendiak, negutegiz betetako eremuak, golf zelaiak... Montgó mendiaren magala berde-berdea topatu genuen, goroldio eta guzti.

 Cova de l'Aiguarako bidean, mozolokerietan...

Erromatarren idatzi bat zegoen horman hesiz babestua baina umeei interesgarriagoa egin zitzaien lurrean zegoen beste aztarna misteriotsu hau...

Itsasargian Ruedasen bisita izan genuen, Mercedes zaharrekin maitemindua dagoen bidaiari nekaezina. Eskerrik asko emandako laguntzarengatik!

Cartagenara bidean, Alacant hiriburuan geldialdia egin genuen Dani Miquelen kontzertuan kantatu eta dantzatzeko, eta bere diska eta liburu bana erosteko. Cantacançons da Dani Miquel, umore aparta duen sortzaile alaia. Kantu tradizionalak moldatu eta txikienentzat eskaintzen ditu. Ez dakit kontzertuan umeak ala gurasoak zein zebilen gustorago... Euskal Herrira etortzeko gogotsu dagoela esan zigun... Mereziko luke. http://danimiquel.cat/

Ulertzen genionez, valentziarrez egin zigun denbora osoan. Izan ere, valentziarrez idatzitako liburuen azoka zen bere kontzertuaren aitzakia. Hamar bat postu zeuden denetariko liburuekin eta hitzaldi, kontzertu, tailer eta beste antolatu zituzten hiru egunez. Oso gustora ibili ginen eta hainbat erosketa egin genituen: Dani Miquelen "Musiqueries" diska-liburua, "La Princesa Ratolina" ipuin tradizional moldatua eta Ferran Suayren "Parlants, fets i drets" liburua. Astindu ditugu dagoeneko... Baita beste batzuk ere...

Gomendio bi: Julio Villarren "Eh, Petrel!" bidaia kronika poetiko ederra (hirugarren aldiz irakurri dut eta berriz ere seguru baietz) eta Joseba Sarrionandiaren "Moroak gara behelaino artean?" mardul, sakon eta interesgarria.

La Azohía, Cartagena hiritik gertu dagoen itsas bazter lasai eta ederra. Axi eta Angelarekin ezagutu genuen leku hau, eta beste bazter batzuk ere bai.

Ekiren eguna ere bertan eta beraiekin ospatu genuen, itsasertzean. Astebete zoragarria igaro genuen. Anfitrioi bikainak, Axi eta Angela!!

Murtziatik Tarifara bidean, Calahonda herrian geratu ginen. Leku lasaia eta polita.

 Arrantzaleen txalupen ondoan aparkatu genuen, eta gauetan kolorez argiztatzen zen aldameneko haitz handia. Pentsatu genuen polita litzatekeela Zubi Nagusiaren azpikaldean ibaia koloreztatzeko halako fokoren bat... 

Tarifan, Los Lances hondartzan, haizerik eta harerik ez da falta. Ikasi dugu kometarekin ibiltzen ere, beste batzuek itsasoan diharduten bitartean.

Eta itsasoaren bestekaldean, Afrika ikusten dugu laino artean (argazkian ez). Gure zain.


Utzi iruzkina: