Maroko Afrika da
Andaluziatik ber-bertan dagoen lurralde hau, batzuek igerian pasatzen duten eta Mediterraneoa eta Atlantikoa elkartzen diren itsaso zati horren hegoaldeko partea, Afrika da. Badakizue, eta guk ere badakigu, baina jakiteaz gain, sentitu egiten da. Usainean, jendearen jokabidean eta bizimoduan, egituretan eta azpiegituretan...
Iluntzeen bidaia dirudi, liluratu egiten naute. Zein ari da gaur zerua akuarelekin margotzen? Niiiiiiii! Dio Ekik. Ni, ni, niiiii!! Atzetik Maiak. Ordubete edo gehiagoko ikuskizunari kaioek ematen diote hasiera beren orroekin. Eseri gaitezen, jaun-andreok, ikuskizuna hastera doa! El Oualidia herrian gaude, arrantzale herrixka batean. Udan turista herri bihurtzen omen den herrian. Egia esan, Mediterraneoko kostaldea eta Marokokoa lasai eta bero gehiegi gabe ezagutzeko sasoi paregabea dira negua eta udaberria. Iluntzen ari du, zerua kolorez betetzen ari da eta ez du hotzik egiten. Haitzak eta hondartza, eta txalupak haretan ipurdiz gora, eta olatuak gogor etenik gabe. Eta haitzen barrukaldean babestuta, estuario eder eta luuuuuuze bat. Arrantzaleak eta marisko biltzaileak egun osoan ikusten dira. Iluntzerako erritual polita da: haria bota eta arrainak amua irentsi bitartean, iluntzeaz gozatu (norbaitek etxean afaria prestatzen duen bitartean...).
Baina itxoin, iluntze honen aurretik, beste 20 inguru pasatu ditugu herrialde honetan eta tarteka idatzi ditut bizipen batzuk beste txoko batzuetan. Briech herrian, adibidez, Marokora sartu ginen egunean, martxoaren 13an.
"Lehenengo orduak ditugu Marokon, beste kontinente beltz eta mamuz betetako horretan. Moroen herrian. Hirugarrenez nator baina ez ditut oraingoan gauzak berdin sentitzen. Mamuek leku gehiago hartu dute nigan eta zergatik ote den ulertu nahian nabil. Uste dut amatasunak bi zentzutan eragin didala: batetik, emetasunean, eta bestetik, arduran. Emetasuna, emea naizela gordinki sentiarazi didalako ama izateak, nola gorputzean, hala gizarteak sortzen dituen iruditeria eta rolen bitartez. Horregatik, gero eta gehiago beldurtzen nau zenbait leku eta momentutan, ni bakarrik, emea izanik, ibiltzeak. Hemen, Marokon, ere bai. Eta ardura, bi seme-alaba txikiei gertatzen zaizkien gaitzen arduradun osoa (eta konpartitua aldi berean) naizelako. Mamuok onartuz eta pentsamenduak aldatuz, funtsik gabeko beldurrei aurre egitea Marokon zehar egingo dugun bidaiaren baitako barne bidaietako bat izango da. Flamenkoz betetako aintzira honen ondoan, itsasoaren arnasa entzunaz, indartsu sentitzen naiz.
Dagoeneko gertatu zaizkigu gertatu beharrekoak: kotxe batek hiriko bideetan zehar gure furgoneta jarraitzea eta behin eta berriz aurrera eta atzera ibiltzea kostoa eskaintzeko, polizien kontrolekin topo egitea eta herri handi edo hiriren batera heltzean, bere txokora sartu nahi zaituenak modu bat eta beste asko saiatzea. Orain, etxe batzuen ondoko zelaian geratuta gaude, lasai ederrean, datozen egunei buruz hizketan eta bakoitza bere gauzetan. Izan ere, lau furgoneta goaz elkarrekin. Txiste bat osatzeko modukoa da egoera... Aurkeztuko dizkizuet lagunak:
1- Antonio eta Ana, andaluziarra bata, Huelvakoa, madrildarra bestea, beraien katuarekin, Robirekin. Aspaldiko lagunak ditugu eta herriko aldizkarian ere agertu ziren behin. Facebooken sarrerak egin izan dituzte baina bolada honetan ez. Kuxkuxeroentzat: https://www.facebook.com/furgotravel/
2- Bikote katalandar bat, Cris eta Edu, eta beren txakur Goku eta Vira. Duela hilabete batzuk gure etxean izan ziren eta orain elkarrekin goaz. "Timelesslifeproject" da beren izena sare sozialetan. Gure bidaiko beste ikuspegi batzuk eta beraien bizipenak topatuko dituzue. Facebooken: https://www.facebook.com/timelesslifeproject/ Instagramen: https://www.instagram.com/timelesslifeproject/
3- Al Son de mi Furgón: Arantxa eta Vito cadiztarrak, Chica eta Tina txakurrekin. Besteen lagunak zirenak lagun egin ditugu. Hauek ere sare sozialetako xomorroak dira. Webgunea: https://www.alsondemifurgon.com/ Instagramen: https://www.instagram.com/alsondemifurgon/ Facebooken: https://www.facebook.com/alsondemifurgon/
Euskaldunak, katalanak, andaluziarrak eta madrildarra: horixe, txiste bat. Umore eta bihotz oso onekoak, gozada bat."
Martxoaren 18an beste pasartetxo bat idatzi nuen, Foret de Mamoran:
"Foret de Mamora agertzen da mapan. Arabieraz edo amazigeraz zein izen duen, ez dakit. Artelatzen (alcornoque) baso zabala da, zaindua eta arautua. Artaldeak eta behiak dabiltza bazkan, dortokak tarrasean, kakalardo pilotariak bilketan, sugalindarak ezkutaketan... Maroko iparraldea bixkor xamar pasatu dugu, Assilah eta Larache ezagunak bisitatuta. Estetikoki ederrak dira, alde zaharra etxe zuri dotorez osatua daukate eta; ezaugarri eta maila sozial askotako jendea batzen dute; Guatemalakoak bezalako azoka handiak dituzte (kalean zein leku itxietan); astoak, mandoak, gurdiak, motokarroak, bizikletak, kotxeak, furgonetak, kamioiak eta oinezkoak nahasten dira bideetan; merkatari lotsagabeak tarteka eta jende abegikorra nonahi. Harrera oso ona egin digute herritarrek, poliziak eta militarrek ez hainbeste... Izan ere, baseak eta kontrolak etengabe ikusi ditugu, presentzia handia somatu dugu eta zaindu egin gaituztela igarri. Ez digute laga inguru horretan kanpina edo aparkaleku zaindua ez den inon gaurik pasatzen, saiatu garen arren (bi gau pasatu genituen flamenkoen aintziraren ondoan). Estatu islamiarrarekiko beldurragatik omen da, esan digutenez. Izan ere, turismoa ei da herrialdearentzat diru-iturri nagusia eta ez omen dute arriskatzerik nahi. Baditugu kontaktu batzuk eta haien aholkuei jarraituta, ondo gabiltza.
Atzo Mamorarainoko bidea egin genuen Larachetik; soro zabal eta mekanizatuak ikusi genituen (europarren atzaparrak ere bai), merkatu erraldoi baten erditik pasatu ginen (ikusgarria, zoramen hutsa), umeek zein helduek agurtu gintuzten batean eta bestean, eta denak Guatemala gogorarazten zidan. Ezaugarri fisikoengatik ez balitz, Xela inguruetan genbiltzala usteko nuen. Nekazal bizimodu tradizionala eta modernoetan modernoena nahasten diren herrialdeetakoa da. Badirudi bost edo sei hamarkada elkarrekin nahastu dituztela; guri iragana iruditzen zaiguna eta oraina. Eta modernitate kontsumistaren ondorioak bazter guztietan ikusten dira: zaborrak. Europan ezkutatzen dugun hori, ageri-agerian geratzen da hemen. Beldurgarria da pentsatzea nola legokeen Euskal Herria zabor-bilketarekin dena ezkutatuko ez bagenu...
Crisen argazkia
Mamorara heldutakoan, lagunek uste zuten basoan lasai eta bakarrik egongo ginela. Aurreko bidaietan sentitutakoa esan nien: "Marokon ez dago bakarrik egoterik; gutxien uste duzun lekuan ere, norbait agertzen da". Artzaiak, familiak, gazteak... pasatu dira egunotan eta bat edo beste gerturatu ere bai."
Martxoak 29 zituenean, itsasertzean berriz ere, duna baten gainean, hauxe idatzi nuen:
"Khemisset hirian 10 egun eman ditugu. Gure Mamut furgonetari txapa konpondu eta margotzea bidaian zehar egin beharrekotzat geneukan eta Crisen ezagun batzuen senideekin lan hori modu onean egiteko aukerari baietza eman genion. Hiru furgonetatan iritsi ginen hirira, Husseinen motorrari jarraika. Aparkatu genuen momentuan, lanean hasi ziren. Eguerdia zen eta bazkaltzera gonbidatu gintuzten. Lehenengo tea hartu genuen. Bi mendabelar desberdinekin prestatzen dute etxean: nana (mendafina bezalakoa) eta flio (beste menda leunago bat). Azukre pila bat gehitzen diote eta erritua hasten da. Edalontzi batera tea bota, eta berriz hustu. Hori bi edo hiru aldiz. Azukrea ondo nahasteko omen da. Ondoren, edalontzi guztiak bete eta banatzen dira. Edalontziek marra bat izaten dute erdialdean eta zonaldearen arabera, ohitura omen da marraraino bakarrik edo goraino betetzea (hemen goraino). Bi gela sofaz beteta daude: egurrezko egitura bat paretaren kontra perimetro guztian, gainean oihalez estalitako koltxoi luzeak eta haien gainean kuxinak ilaran. Hizketan orduak emateko moduko lekua. Tea edan ostean, oilasko eta barazki tajina ekarri zizkiguten. Eskuekin jateko ohitura badute ere, denek ontzi bakarretik, guretzat plater txiki batzuk eta koilarak ekarri zizkiguten. Haiek ogi puska baten laguntzaz hartzen dute janaria eskuekin. Maiari eta Ekiri oso ideia ona iruditu zitzaien! Jeitsi ginen garajera eta... sorpresa! Antonio eta Anaren furgoneta alde guztietatik lijatuta topatu genuen. Argi esan zieten ze bi gauzatxo nahi zituzten eta hala ere... Egoerari zela erantzun erabakitzen orduak eman genituen. Izan ere, eskatu eta behar ez zuten lana egiten hasita zeudenez, zer egin? Gogo txarrez baina nahasmendurik sortu nahi ez eta aurrekontu bat adostu eta aurrera egin zuten. Beste bi furgonetetan egin beharrekoak eta aurrekontuak ere zehaztu genituen. Hala ere, zela jakin elkar ondo ulertu genuen? Haiek arabieraz, amazigeraz eta frantses apurtxo batekin, eta gu euskara, katalana, gaztelera, frantsesa, ingelesa, portugesa eta alemanierarekin... Bitartekariak izan genituen baina, ezin dena argi utzi. Ondorengo egunetan ere izan genituen lana zela eta ez zela gorabeherarik, baina ez du merezi xehetasunik aipatzea. Konpondu ginen azkenerako.
Lotarako lekua, dutxa, arropak garbitu eta esegitzeko lekua, egunean lau jatordu... Ondo hartu gintuen familiak, bereziki, Safiak eta Souad ahizpek. Marokoko plater ezagun asko prestatu zizkiguten, denen izenak gogoan ez baditut ere: tajinak, kus-kusak, bisara, Ramadameko zopa, melui gozoa, ogia (semolarekin nahastuta egiten dutena), brotxetak eta txorizo antzekoak... Etxean egindako olioa ere eman digute gosari eta meriendatan: bikaina, azeituna zaporeduna, oso ona. Jatetxera eta senideen etxeetara ere eraman gintuzten, jatordu oparoak egitera.
Inguruko leku ederrak, merkatua, plazak ikusi genituen familiakoak lagun. Ez du ikusteko ezer apartekorik hiriak; turistarik inoiz joaten ez den leku arrunta da. Horregatik interesgarria ere bai, bertakoen bizimodua ezagutzeko. Hala, hamamean ere izan ginen, gorputz osoari garbitu ederra emanez. Hamama zer den? Horrelaxe bizi izan genuen guk: 10 dirham (euro bat baino gutxixeago) ordaindu eta sartu ginen, Safia, Cris eta hirurok. Sarrera aldagela handi bat zen; azulejo ederrez betetako hormak zeuden, jarlekuak eta gure gauzak gordetzeko apalak. Kulerotan eta txankletatan sartu ginen barrura, lurrean hulezko alfonbratxoetan edo aulkitxoetan eserita zeuden andreen artetik. Hirugarren gelaraino joanda, lurrun bero sarkorra zegoen. Aulkitxo banatan eserarazi gintuen Safiak. Kubo handi batzuk ur beroz bete eta burruntzali batekin burutik behera busti gintuen. Bertan erabiltzen duten xaboi marroi oliotsu bat eskaini zigun, gorputz osoan igurtzi genezan. Ondoren, eskuzorro latz bat hartu eta soin, beso eta hanka igurtzi zizkigun indartsu. Hura zen azal beltz pila! Plastilina pusketak ematen zuten. Ur beroz gorputza ondo garbitu eta ilea txanpuarekin ondo garbitu ondoren, orraztu eta itxaroteko eskatu zigun. Bere txanda zen. Bizkarra igurtzi nion eta berak bukatutakoan, ondoko gelara joan ginen. Han ere, beste emakume batzuen artean txoko bat topatuta, gorputza garbitu genuen, ilea orraztu eta koloniadun xaboi moduko bat bota zidan Safiak burutik behera. Eskutik heldu eta aldagelara eraman ninduen. Nire toailaz gain, bere bi toaila ipini zizkidan gainetik, ez hozteko. Jantzi nintzenean, zapi bat lotu zidan buruan. Crisekin berdin egin zuen. Bi panpintxo berri ginen haur baten eskuetan! Nahikoa barre eginda, garbi-garbi eta bero-bero, plazara joan ginen henna tatuajeak egitera (astebete pasata, badiraute!). Izan ere, komeni da azala garbi izatea landarearen tindua ondo itsats dadin. Hautsa erosi genuen eta laster probatuko dugu guk geuk egiten.
Frantsesez ondo moldatzen den Mehdi gaztea, familiako iloba, izan dugu lagun eta itzultzaile momentu askotan. Ezagutu genuenean, berehala kontatu zigun Kataluniara joatekoa zela aste hartan bertan, ikasketekin jarraitu, lan egin eta bizimodua aldatzera. Marokoko hainbat arau eta ohiturarekin nekatuta eta Europarekin liluratuta zegoela iruditu zitzaidan. Eguna iritsita, besarkada bana eman genion eta zorte ona opa. Oso urduri eta ilusioz beteta zegoen. Hurrengo goizean haren lagun baten mezua jaso genuen: mugan ez zioten pasatzen utzi. Ez zuten atxilotu, aske zegoen. Aske etxera itzultzeko, ez munduan libre ibiltzeko. Gauean elkartu ginen; jota zegoen. Bere ametsa egun bakar batez bete ahal izan zuela esan zigun. Oso ausarta dela eta ez etsitzeko esan genion. Euskal Herrian jaio garenok noranahi joan gaitezke, Marokon jaio direnak ez. Ez dauka zentzurik...
Hamar egun pasatuta, txapa pixkat konponduta, han eta hemen lijatuta eta margotuta, Mamut berri-berri eta oso polita geratu zaigu. Une interesgarriak, dibertigarriak eta delikatuak pasatuta, adostutakoa ordaindu, besarkadak banatu eta joan ginen Khemissetetik, berriro gure etxe gurpildunean batera eta bestera ibiltzeko irrikitan."
Halaxe gabiltza, gustora berriz ere gure martxan. Hegoalderantz goaz eta ondoren ekialderantz joango gara, Marokok dituen paisaje eta komunitate askotarikoak ezagutzera.
Oharra: faltan botako dituzue hemengo jendearen argazkiak, seguru. Ez diodanez momentuz inori baimenik eskatu argazkiak blog honetan publikatzeko, ez ditut marokiarrenak ere publiko egingo. Gero eta gutxiago gustatzen zait neuri edonon edonork ni agertzen naizen argazki bat atera eta hor zehar zabaltzea. Beraz, nik ez dut halakorik egingo... Bueltan erakutsiko dizkizuegu...
Iruzkinak
Utzi iruzkina: