Lanzarote, begien gozamenerako

sosiuz 1456152795343 sosiuz | 2013-05-09 20:14

Timanfaya. Hutsetik hastea. Lurraren bihotzetik datorren odolak estali du dena. Bizi berria hastera doa. Hutsetik hastera. Azal berria lur zaharrarentzat. Joan dira 300 urte baina azala bero dago oraindik, isurketen berotasuna sentitzen da airean eta oinpean. Sosiuz doa bizitza azal berriaren gainean orbantzen, iluntasunean edertasun printzak margotzen. Likenak, koloretako margoak harrien gainean; tabaibak, txanpinoi erraldoi berdeak diruditela, gainean jarri eta saltoka jarduteko gogoa emanez; berozale diren muskerrak, perenquenak; eta txoriak, beti jagole, zaindari, haizetako gudari.

Eta gogoa sentitzen dut, bihotzetik azalera datorren odol-gogoa, dena estali eta hutsetik hasteko, nere azalari beste kolore eta itxura bat emateko, nirea, inguruak ezarri dizkidan kostra eta zikinak garbitu eta neu naizena izateko. Biluts, beldur gabe, sosiuz, edertasunez janzten joateko azal bero berria. Noiz lehertuko da barruko sumendia? Oraingoz ikara txiki batzuk besterik ez dut igartzen.

 

Geldi eta latz

harri beltz infinitua

Hegan eta leun

kaio zuria infinituan

lurrean

zeruan

dena eta ezer ez.

 

 

 

Mirador del Río. Atzeko irla La Graciosa da.

Manriqueren eskultura bat

Jameos del Agua. Natura eta artea bat.

Cueva de los Verdes

La Geria. Mahastiak ardotarako.

Cesar Manriqueren eredua ondo ikasia dute irla honetan. Natura eta artea bateratzea, begiei gozamena ematea. Cueva de Los Verdes, Jameos del Agua, Mirador del Río dira horren eredu, artista ekologista eta bere irlaren maitale eta enbaxadoreak diseinatuak. Bertako harriekin eginak, bertako paisajearen koloreak eta zuria erabilita, forma borobilduak eta bolkanikoak. Eta beste hainbat artelan eta joandako manifestazio. Denean dago presente Manrique. Etxe zuri baxuak herri denen osagai, hoteltzarren bat tarteko, irudi bakarra, paisaje garbia, zaindua, inguruko kolore bolkanikoekin kontraste ederrean. Ikasgai ona euskaldunontzat.

La Graciosa, Playa de la Cocina (Montaña Amarilla)

Atseginak. Ez modu artifizialean, berezkoan, naturalean. Behin eta berriz jaso dugun inpresioa da, kanariar herria abegikorra eta atsegina dela. Ez dugu erantzun zakarrik jasotzen, arauak ez dira erabat zurrunak, gizatasunak oraindik ere araua gaindi dezake, berbetaldiak naturalak dira, kalean agurtzen gaituzte (“hola mi niña!” esanez), ezagutu eta ordu erdira etxea eskeini digute batek baino gehiagok, behar dugunerako beraiengana jotzeko zalantzarik gabe (gu izaten gara lotsaren hesia gainditzeko ahalegina egin behar izaten dugunak), azoketan Maiak beti jasotzen du opariren bat, tomate poltsa bat, platano bat, ogi opil bat, globo poltsa bat, panpinak... Ematearen plazera. Ikasgai ederra hau ere.

El Golfo

Orzolan, Noemiren etxean.


Utzi iruzkina: