Kuba autostopez II

sosiuz 1456152795343 sosiuz | 2009-07-16 14:20

TURISTAK
Ez ginen gu sasoirik puntakoenean joan, baina ez zen turistarik falta irla karibearrean. Zirkuitu zirkular eta itxia. Hortik kanpora, denak autoktonoak. Argazki kamera eta bideo kamera eskuari txertatutako gorputzeko atalak moduan, badoaz turistak irudiz irudi, bideoz bideo. Hainbeste lotsagarrikeri...
Badoa turista talde bat Trinitateko kaleetan zehar. Hiru ume txikitxo leiho handi batean, eskolako leihoan, agur-agur egiten. Klik eta klik eta klik. Tipo batek bere bideo kamerarekin minutu erdiz grabatu ditu umeok. Biratu eta aurrera jarraitu du. Ez irriparrik, ez agur-agurrik. Etxeratutakoan ingurukoei kubatarrak zein sinpatikoak diren erakusteko.
Beste adibide bat. Dantza afrokubatarrak kalean. Neskatila eta mutikoak dantzan, perkusio eta metalen soinu indartsu eta gozagarriarekin. Karnabaletarako ensaioa egiten ari dira.IƱigo eta ni gustora, bazter batetik begi eta belarriak gozatzen. Beraien saltsan daude. Hau da Kuba. Gu hor gauden ordu eta erdian 8 bat kanpotar hurbildu dira ikuskizunera. Argazki mordoxka bat atera eta alde.
Zertara doa jendea Kubara?
Pultseritarekin pasiaran egitera. Bueltarako hegazkina hartzeko ilaran oraindik badaude pultseratxoa jantzita daramatenak.
Zelako Kuba ezagutu ote dute hauek?

SINPATIKOAK
Ez han eta ez hemen. Denak ez dira sinpatiko, irripartsu eta alaiak. Han ere hemen bezain desatseginak daude. Ogia erostera joan eta ez egunonik ez eskerrikaskorik esaten ez dizutenak. Muturtuta begiratzen zaituztenak. Ez dira dioten bezain alai eta sinpatikoak kubatar guztiak. Gu bezala haserretu, tristetu, goibeldu, amorratu eta desagradabletu egiten dira. Batzuk. Batzuk han eta batzuk hemen. Topiko faltsu bat apurtu zaigu.

ITSASOA DESKUBRITZEN
Buzeatzeko aukera izan genuen Cienfuegos hiritik gertu dagoen Rancho Luna hondartzan. Niretzat lehenengo aldia izan zen, eta itsasoa ur putzu erraldoi bat baino askoz askoz gehiago dela neure begiz eta gorputzez konturatu nintzen. Hango arrai, koral, harri, animali, landare... kolore eta forma guztietakoak. Urpeko bizitza koloretsu eta baketsua. Anitza eta edertasun izugarrizkoa.
Itsasoa deskubritu nuen nik Karibeko ur epelen pean.

Laburpen nahasi eta aldrebesa egin dugu Kubaz. Halakoa izan da bidaia bera ere. Gorabeheratsua. Batzuetan gozamena topera, hurrengo amorruz beteta. Merezi izan du topikoak apurtu eta herri borrokalari bezain alfer hori gertutik ezagutzea.






Utzi iruzkina: