Azken lurrak eta lagunak amazighen lurraldean
Oasiei agur esan genien ohartu gabe, kanpin eder batean egun batzuk pasatzeko asmoz. Bagenuen arropa pila bat garbitzeko, furgonetaren txoko guztietan hare eta hauts pila bat geneukan, gure azalek ere garbitua behar zuten... Garbitzera sartu ginela kanpinera, alegia, dena garbitzera. Eta edertasuna eta lasaitasuna topatu genituen, elkarrizketa onak, lagun berriak denontzat, birziklatzeko aukera, dutxa bikainak, abereak... Beste era bateko oasia topatu genuen La palmeraie kanpinean, Marokon guk ezagututako kanpinetan onena, zalantzarik gabe.
Ouarzazate inguru hartatik, T'izin Tichka portu luze eta ikusgarrian zehar eguna pasatu genuen, Atlasa erditik zeharkatuta. Paisaia ikusgarria da eta orduak erraz hartzen dira. Errepidea zabaltzeko lanetan ari ziren eta gelditu edo bide kaxkarretatik joan beharra izan genuen baina laurok gustora joan ginen. Marrakex eta hegoaldeko zonaldea lotzen dituen bide nagusietako bat izanik, trafiko dexentekoa dago, bereziki desertuko esperientzia turistikoa bizi nahi dutenen furgonetena. Larriena nik uste, inguruko mendien desertifikazioa da. Mendi magal eta gain gehienak zuhaitzik gabe daude, eta euria egiten duenean, lurjauziak izaten dira han eta hemen. Errepidea ere jaten duten lurjauziak izaten dira. Konpondu eta konpondu jarraitu beharko dute inguruko ekosistema zaintzen ez badute. Arazo larria da desertifikazioarena Marokon, eta turistok, ez dugu mesede haundirik egiten horretan...
Marrakexen egun erdi bat pasatu zuten Iñigok eta Maiak eta nahikoa eta sobera izan omen zuten. Bero handia, denda asko eta plazan sugeak eta tximinoak oso egoera txarrean. Ez ziren oso gustora etorri... Beraz, berehala ekin genion Atlas aldera berriz. Hainbat mendi ibilaldi egiteko gogoa geneukan baina gero eta bero handiagoa egiten ari zen, eta horren zuhaitz eta baso gutxirekin, uko egin behar izan genion hain ederrak behar duten Taghiako zirkoa eta Megdaz herrixka ezagutzeari. Hala ere, Hassan lehenengoa izeneko urtegira gerturatu ginen, Azilal inguruan, eta ahaztu ezineko eguna pasatu genuen.
Ana eta Antoniorekin plana egin genuen urtegira joateko. Bateko erosketak besteko zereginak, bakoitza bere aldetik abiatu ginen, urtegian bertan elkartzekotan. Baina patua jolasean hasten denean, gure bizitzekin dibertitu egiten da. Hala, hartu genuen urtegirako errepidea eta umeak eskoletara eramaten dituzten furgoneta horixka horietako batekin gurutzatu ginenean, gelditu egin zen eta gidaria irripar zabal eta ilusioz betetakoarekin hizketan hasi zitzaigun. Emozionatuta zegoen kanpotarrak bere herrixkaren inguruetan ikustearren. Hala, nahiz eta furgonetan ikasleak zain eduki, pista xahar batean gora bere herrixkaraino eraman gintuen. Lanean ari ziren soroetan, garia ebaten, baita etxeetan ere alfonbrak egiten eta oso gertu zuten Ramadanerako prestaketetan ere. Frantsesez bere herrikoen bizimoduaren berri eman zigun bizkor-bizkor (presaka baitzebilen) eta nahi bagenuen, arratsaldez bertaratzeko gonbita egin zigun. Urtegiaren ikuspegi ederra zegoen han goitik. Hala ere, bideari ekin genion, urtegi ertzeraino joateko asmoarekin. Guk ez genekien baina, goiko herrixka hartan geunden bitartean, Antoniok eta Anak urtegitik itzulia egin eta bueltako bidea hartuta zeukaten, furgoneta aparkatzeko leku egokirik topatu ez zutelako. Baina koberturarik ez geneukanez, ez genekien. Hurreratu ginen furgonetarekin urtegira baina erreka bazterrera heldutakoan, bideak mendian gora egiten zuenez, obra batzuk zaintzen ari zen zaindariak buelta hartzeko gomendatu zigun. Eguardia zen eta eguzkiak gogor jotzen zuen. Kotxerik ez zebilenez, bide bazterrean geratzea erabaki genuen, zerbait bazkaldu eta atseden hartzeko. Lekua oso ederra zen: etxeak sakabanatuta han-hemenka, soroak, baratzeak eta urtegi bare eta zabala. Eta Marokon ohi denez, Hassan gerturatu zitzaigun. Olioa egiten ari ziren bidearen ondoan, astoarekin, eta bi aldiz pasatu ginela ohartuta, arazorik bagenuen galdetzera etorri zen. Edo horrelako zerbait, amazigeraz egiten baitzigun. Handik pixka batera Mohamed gerturatu zen. Elkarri irriparrak eta ulertzen ez genituen berbak esan eta gero, "atei" ulertu genuen eta, zergatik ez. Liatu gaitezen gaur. Liatzen lagatzeko gogoa neukan egun hartan. Eta majo liatu ginen.
Mohamed eta bere familiaren etxera sartu ginen. Atetik sartu eta eskumatara hainbat gela txiki zeuden eta patio bat, azeituna beltzez beteta. Aurrerago sukaldea eta gela nagusia, alfonbra koloretsuekin, kuxin handiekin eta telebista txikiarekin. Xume eta eder. Hantxe eseri ginen eta itxaron. Itxarotea arte bat da, ondotxo dakigu hain bizkor bizi garenok. Arte hori oso ondo dominatzen dute Marokon, ostera. Asko itxaroten dute, egoten dira, egon eta egon. Ardiak zaintzen egon, garraioaren zain egon, bero handia egiten duela eta egon... Miretsi egiten ditut horretan. Zer ari gara gu egin eta egin, egon eta egon eginda ere bizi daitekeenean? Ematen du zer pentsatua. Eta hantxe egon ginen zain gu ere. Egon. Egon. Egon. Umeekin jolasean, telebistako saioei begira... Ezin hitzez elkar ulertu eta... Halako batean ekarri zuten mahaitxo bat eta bete zuten jaki gozoz: etxeko olioa, etxeko ogi egin berria, etxeko eztia, gailetatxoak, tajinean arrautza nahaskia, eta, noski, agindutako tea. Uau... Ikaragarria. Beste lezio bat. Harrera eta abegi onarena. Etxe ingurura datorrenari harrena ezinhobea egitearena. Gurean baserrietan egiten omen zena. Nik aztarna batzuk ezagutu ditut, gogoan baitaukat aittitta lanari lagatzen norbait etxe inguruan pasiaran ikusitakoan, harrera egiteko, berba batzuk esateko, zerbait eskaintzeko. Ondo gogoan daukat, sarri ikusteko aukerarik izan ez banuen ere. Baloreak direlako, familiak zeharka emandako balore sakon eta aspaldikoak. Galdu ditugunak, guk, aurrerakoiak eta modernoak garenok, gure beldur eta ezaxola txotxolo horiengatik... Bueltatu nadin Mohamed eta familiaren etxera. Jatordu ederra eginda, urtegiraino ibilaldia egiteko gonbita egin ziguten eta onartu genuen hori ere. Erre berri zen mezkitaren ondotik pasatu ginen eta gizonak lanean ari ziren, eraikina botatzen. Uraren ertzean arrantzale batzuk arrantzan ari ziren. Bero egiten zuen eta Maia eta Eki uretan ibili ziren pixka batean, harriekin eta makilekin jolasean. Ibilaldiarekin jarraitu genuen eta errekaren meandroetatik eta ortuetan zehar eraman gintuen Hassanek. Oso leku eder eta koloretsua. Eta ibilbidea non bukatuko eta, bere etxeko atarian. Olioa zela egiten zuten erakutsi ziguten; astoak errota biratzen zuen, olibak xehetzeko, eta ondoren prentsan sartzen zituzten azeitunak, olioa jasotzeko. Zuhaitz eder baten gerizpea ondoan zutenez, eguna hantxe eman zuten 5-6 gizonezkok, elkarrekin lanean eta egonean. Eta sabela ondo beteta bageneukan ere, ezin uko egin olio egin berria probatzeari. "Zir, zir!" esaten ziguten behin eta berriz, "tira, tira, jan!". Gerturatu ziren inguruko ume guztiak ere eta Maia eta Ekiri begira eta biak xaxatzen saiatu ziren. Pixkaka, bereziki Eki, hasi zen jolasean eta ez zuen etenik izan gauerdia baino gehiago zela oheratu ginen arte. Etxeko terrazan afalaurrekoa tea eta berriz ere jakiak eman zizkiguten. Oraingoan Hassanen etxean. Iluntzeaz eta hizketaldi politaz gozatu genuen, etxeko iloba batek frantsesez pixka bat baitzekien. Elkar ulertu genuen gehixeago. Zelako harrera berriz ere. Eta geratzeko afaltzen eta lotan, eta geratzeko eta geratzeko. Guk koberturarik ez eta Ana eta Antoniorekin hitz egiterik ez geneukanez, furgonetan goraxeago joan eta abisua pasatu zien Iñigok: guztiz liatuko ginela gaur eta bihar goizean abiatu. Eta halaxe, etxeko eremurik zabalenean, alfonbren gainean, jendez inguratuta, gitarrarekin kantatu genuen, hizketan aritu ginen amazighen eta euskaldunen antzeko egoera soziokulturalaz, afaldu genuen tajine goxo bat eta jolastu zuten elkarrekin umeek. Marokoko lagunik onena egin zuen Ekik, neskatxo alai eta bihurri bat. Furgonetan lo egin genuen gau hartan eta goizerako hantxe genituen denak, gure etxea ezagutu eta gauza berriak kuxkuxeatzeko. Esker onez, oinetako, arropa eta jostailu batzuk eman genizkien. Ez dakigu zuzen ala oker, ez dakigu zer espero zuten, baina hala egin genuen, sentitu genuena. Eta gustora eta aseta, Ouzoud aldera joan ginen, Cris eta Edurekin elkartzeko gogoz.
Urjauzi ikusgarria dago Ouzouden. Heldu ginen eguna Ramadameko lehenengoa zen eta dagoeneko apenas zebilen turistarik. Arratsaldeko azken ordua aukeratu genuen urjauziak ikustera joateko eta dagoeneko tabernatxo, jatetxe eta denda guztiak itxita zeudenez, gozatu ederra hartu genuen. Zein paradisu ote zen hura, turismorako prestatu aurretik...
Eta iluntzeko zazpiak aldera, mezkitako azken deia entzutearekin batera, "Alaaaaaa Akbar!", heldu eta gazte, denak korrika zihoazen etxeetarantz, eguneko jatorduaz gozatzeko irrika handiz. Eta ondoren isiltasuna eta lasaitasuna. Gozatu genuen Ouzouden, baita Bin El Ouidane urtegian ere. Izan genuen han, hala ere, pasarte desatsegin bat, barrena nahasi zidana. Gizon bat gerturatu zen eguerdiko berotan, arrantzara. Eskaini genion ura, Ramadamik ez zuela egingo esan zigunean. Bazituen 60 urte inguru. Gerizpetan gurekin egon eta gero, joan zen arrantzara baina, haize handia zebilela eta, ezer arrantzatzerik ez zuen izan. Itzuli zen gurera eta ea jateko zerbait emango genion esan zidan. Otordutxoa atera genion, azeitunak, datilak, ogia, eztia eta urarekin. Gustora jan zuen eta eskerrak eman zizkigun. Eta ondoren etorri ziren bi hilabetean batean eta bestean entzun ditugun hitzak: nire ama gaixo dago, ez daukagu dirurik, argindarrik ere ez daukagu, dena da garestia, hiru seme-alaba gazte dauzkat ikasketak egiten... Eskean hasi zitzaigun, diru eskean. Eta hortxe nahasten da giroa... Janaria eta linternatxo batzuk eman genizkion eta hala ere, taxi bat hartzeko dirua eskatu zigun. Eman genion azkenean. Negarrez joan zela iruditu zitzaidan. Egoera desatsegina izan zen, eta eztabaidarako gai izan genuen. Denetariko iritziak eta nahasmena geneukan: emateak eragiten duen kaltea (asko eskatzen dute, eta umeek ere bai, bide bazterretan eta herrietan), ez emateak eragiten duen egoera desatsegina, bizimodu gogorra daukanari ez ematea, azkenerako emandakoa guretzat ez dela deus baina guri ere kostatzen zaigula gauzak lortzea, gizartean eragiten duena... Iritzi asko eta ezer garbirik ez. Eta negargurea...
Lasaitasuna behar genuen, basoan galtzea, geu bakarrik egotea, eta Azroura joan ginen, zedro erraldoiak eta tximinoak dauden basora. Eta aurkitu genuen behar genuena: naturan lasaitasuna. Eta flipatu genuen tximinoekin eta haien patxadarekin eta zuhaitz erraldoi eta zaharrekin. Astebete zoragarria. Zoragarriena.
Maroko oso herrialde intentsoa da. Bidaia intentsoa izan da. Desberdina, ikusgarria, harrigarria, batzuetan gozagarria batzuetan gogor xamarra, baina intentsoa beti. Eta ederra. Eta edertasunari azken ginda jartzeko, Xauen. Bihotzeko Xauen. Berezia, ederra, lasaia, berezia. Menu zabal bateko postre kuttuna, gozo-gozoa. Xauen. Agur Maroko, agur eta beste bat arte!
Iruzkinak
Utzi iruzkina: