Iguazu, naturaren mirarietako bat

sosiuz 1456152795343 sosiuz | 2009-02-01 19:42

(Ari)

 

Sentipenek indarra galtzen dute momentuan idazten ez badira, baina Iguazuko urjauzien kasuan, hain da indartsua, erraldoia, miresgarria, sentipenak ia bere horretan jarraitzen du.

Urari begira eta begira,  pentsamendu asko etorri zaizkit burura. Bata, munduaren sorrera izan da, horixe ematen du: bizitzaren jaiotza gunea. Ura dator alde guztietatik, haundi eta abiada ikaragarrian, lurraren erdialdetik irtengo balitz moduan. Laba zuria, urdina, gardena. Ur handia datorren lekuetan berde tonua hartzen du, bizitzaren seinale den berdea. Urjauzien inguru guztian oihana dago, landarez eta animaliz  osatutako sare  nahasi baina perfektu bat. Inoiz ikusi dudan ederrena. Ura, ura eta ura. Mantso lautadan, bortitz goitik beherakoan eta berriro mantso ibai moduan. Milioika litro segundoko horman behera. Zarata handia egiten du. Nondik dator hainbeste ur? Hainbeste euri botatzen du? Naturak ondo itxitako zikloa da hau.




Pasarelen erpinetan jarri, beste pertsonarik ikusi gabe eta egoera ia mistikoan egon naiz. Ura bere handitasuna erakusten, natura bere jakinduria, indarra eta lasaitasuna erakusten. Ezin hobeto egindako lana erakutsiz bezala. Zipriztinekin busti eta bedeinkapena jaso. Miresgarria benetan.




Txakurrak arkakusoekin bizi diren moduan, gure arkakusoak kontraesanak dira. Indarra eta pentsamendua zurrupatzen dizkiguten kontraesanak; baina beraiekin bizitzen erakutsi digute eta hala dihardugu, neuk ere bai. Izan ere, leku natural eta miresgarri honek  badauka alderdi  humano edo gizatiar bat, ingurune guztia bidez, txiringitoz, lantxaz eta jendez betetzen duena. Zela ez, argazki eta bideo kameraz. Harritu nau eta pena hartu dut han bueltaka zebiltzan gehienak ez dutela leku batera heldu eta denpora batez gozatu; lehenengo egin beharra argazkia ateratzea edo bideoz filmatzea. Alde egin behar balu bezala! Harritu egin nau horrelako marabilla batek jendea harrapatu ez izana. Gero eta hutsalago eta artifizialago da jendartea, dira, gara … eta abar indefinitu guztiak.

Isiltasun falta igarri dut, halako lekuetan gutxienez pasarela amaieretan, urjauzietatik gertuen dauden lekuetan berba egitea debekatuta egon beharko litzateke. Ixildu  gaitezen pixkaten!! Naturarekin harreman zuzena izan nahian edertasun ikusgarria gozatu nahian eta inguruan etenik gabeko zurrumurrua: “sacame una foto, amor”, “mami, estoy cansado…”, “me dijo que iba a dejar el trabajo…”. Supermerkatuan egotea moduan. Eskerrak hatzaparrak belarriko zuloan sartzeko gaitasuna daukagun.

Ederra benetan lekua, miresgarria.



Iñigokeyek (gran angular, ojo de pez)

 

(Iñi)

 

Irakurri berri dut Ariannek idatzitakoa eta zer pentsatua eman dit.

Atzo bigarrenez izan nintzen Iguazuko urjauziak ikusten, bigarrenez utzi ninduten zur eta lur. Ikaragarriak dira. Han ibili ginen aurrera eta atzera, pasarela batetik bestera. Urjauziren batera iristean bakoitza  bere zereginean jartzen zen; Ari bere txoko bila edertasuna ikusteko, sentitzeko. Eta ni angulo ederrenen bila argazki polittak ateratzeko gogoz. Argitasuna batetik, enkuadrea bestetik, ideiarik ez daukat zenbat atera nituen; 100, 200, 300?? Nire ustez, atera beharreko denak aterata urjauzi hura ondo digitalizatuta, zeroetan eta batetan grabatuta nuenean hurrengo urjauzira joateko momentua iristen zen. Baina han zegoen Arianne, lurraren mirarietako bat miresten, denborari pasatzen uzten. Berarengandik metro batzuk atzerago gelditu eta biak kontenplatzen jartzen nintzen, urjauzia eta Arianne. Begiak itxita imajinatzen nuen, erdi lebitatzen lez. Bere ehundaka kantuetako bat aukeratzen momentu bakoitzarentzat, urjauzi bakoitzarentzat. Horrelaxe izan zen. Gaur bere idatzia irakurtzean oroitu/konturatu naiz kamara lapurtu zidaten hartan apreziatzen nituela gauzak hobekien. Eta beti izango dudala zer ikasi Ariannerengandik.




Orain arteko argazkirik hunkigarrienetako bat. Iguazutik gertu zegoen zoo antzeko batean.


HOSTELEKIN  BERRIZ TOPO EGIN NUENEKOA

 

Herenegun hostel batean pasa genuen gaua, lehenengoz bidaia hasi genuenetik. Zorionez bidaiak lagun asko lotzeko aukera eman digu eta bide batez denak eskertu nahi nituzke: Asier eta Patricia, Pepo, Fede eta Ivanna, Rodo eta Flavia eta Joseba eta Laudy momentuz. Puerto Iguazun ordea, hostel batera joan ginen. Azken bidaian (2004-2005) asko ibili nintzen hosteletan eta oso esperientzia ona izan zen, baina azken honek “berriro ez, azkena” pentsatzera bideratu nau. Ez da inolako esperientzia txarra izan, baina ona ere ez. Egia da oso herri turistikoa dela eta hostelak herri desberdinetako jendea batzen duela eta giro ona sortu. Baina hostel elitista izateak jende indibidualista biltzen du; ez dago harremanik. Olinpiadetan bezala, herrialdeko doaz selekzioak: japoniarra, yankia, euskalduna, espainiarra eta nola ez, israeldarra. Inork ez dio inori ezer eskaintzen, ezta hitz erdirik ere, eta azken hauek (juduak) oraindik eta gutxiago. Hurrengoan ahal bada gelak alokatzen dituen emakume xume horren etxera joango gara.


Utzi iruzkina: