Huelvako opariak

sosiuz 1456152795343 sosiuz | 2019-07-07 19:01

sosiuz 1562521748475

Cadizeko mendialdetik Sevillan barrena, Bonaresera heldu ginen, Huelvako hiriburutik gertu dagoen herrira. Hantxe genituen zain Manolo, Pepi, Antonio eta Ana, haien etxeko ateak zabal-zabalik (egiten duen beroarekin, hobe zabalik!). Duela hiru urte inguru hartu genituen etxean Antonio eta Ana, munduari bira ematera irten berri zuten gazte hasiberri bi ziren orduan, eta laguntasun polita egin genuen (gurekin Marokon ibili direnak dira). Orduz geroztik, Antonioren ama, Pepi, gure bisitaren zain izan dugu. Berak izugarri eskertu zigun guk semea etxean hartu izana eta orain berea zabaldu digu, etxekoak bagina moduan. Eta hala esan digu: "en mi casa, ustedes serán como mis hijos. Quien cuide de mis hijos, yo los cuidaré como a ellos". Ez dira hitz soilak izan; goxotasunez eta sabela ondo betetzeko moduan hartu gaitu, gurekiko ardura eta zaintza osoa hartuta. Maia eta Ekirekin aittitta-amamen modura aritu dira, jostailuekin jolasean, kutixiak emanez eta ondoan hartuz. Egun bakarra egin genuen bertan; izan ere, beste familia batekin hitzordua baikeneukan biharamunean. Baina itzuliko ginela esan genien, eta hala egin genuen egun batzuren ostean. Eta berriz ere, etxeko. Bidaietako gauzarik gozagarriena da: lagunak bisitatzea, edozein txokotan etxeko sentitzea. Kantuz eta gitarrarekin eskertu genien eta haientzat bizipoza izan zen musikak eman ziena. Emozionatuta eta bihotzean poz gehixeagorekin laga genituen. Ortuko barazkiz bete ziguten furgoneta eta nahi dugunerako familia eta etxea baditugula Huelvan sentitu genuen.

 

Valverde del Caminon batu ginen Patricia, Javi eta Hectorrekin. Molinos de Agua bidegorria elkarrekin egiteko aitzakiak elkartu gintuen. Bide erreza eta atsegina da, nahiz eta aparteko ikusgarririk ere ez daukan; eukalipto sail handiak, eguzkilore soro ederrak... Lehenengo pedalkadak ematerako, taldeka banatu ginen eta ixildu gabe gure bizitzen berri eman genion elkarri. Izan ere, ordura arte ez genuen elkar ezagutzen! Gaur eguneko harreman sareak eta ezagutze prozesuak zein desberdinak eta anitzak diren; ikaragarria da. Watsapeko talde batean sartu gintuzten, familia bidaiarien talde batean, eta hari esker ezagutu genuen familia hau. Oso polita izan zen. Bide osoan zehar elkar ezagutuz joan ginen. Trigueros herrian eman genion gure ibilbideari bukaera eta parke eder batean eman genuen arratsaldea, ia 30 km egin eta gero (Maia eta Eki txapeldun berriz ere!). Umeei (eta niri) gogoan geratu zaien gauza polit bat gertatu zitzaigun: txoritxo gazte bat goraka hegan egin ezinda topatu genuen parkean, belarretan. Eskuetan hartu, goxo, jaten eman, ur pixka bat eman eta zaindu egin genuen. Zuhaixka baten adarrean laga genuen eta harrituta eta emozioz ikusi genuen beste txori batek lagun egin ziola denboraldi luze batean. Joateko ordua iristean, zalantzak: zer egingo dugu txoriarekin? Maiak furgonetara eraman nahi zuen baina azkenean, parkeko zuhaitz baten adarren artean habia moduko bat egin eta bertan lagatzea hobe izango zela pentsatu genuen. Konfiantza izan genuen txoritxoak bere kabuz aurrera egiteko gaitasuna izango zuela. Goxo laztandu eta itxaropenezko berbak esanda, hantxe laga genuen, topatu genuen parkean bertan. Tarteka gogora etortzen zaigu...

Elkarrekin jarraitu genuen bi familiok Gibraleon herriraino eta bertan eman genuen gaua, autokarabanentzako prestatutako leku batean. Ez zen leku bereziki atsegina, asfaltozko aparkaleku handi baten bazterrean hesiz inguratuta geunden, orduro eskolako txirrin sarkor batek jotzen zuen, zabor usaina zerien kontenedoreei... baina askotan lekurik aldrebesenean gertatzen dira gauzarik politenak. Jatorduak, hizketaldi interesgarriak, gustoko gaiak, margoketa, musika saioak eta tresnak, jolasak... denetarik partekatu genuen, bukatzera doan goxokia mihazkatzen den moduan: segundu bakoitzaren zaporea irrikaz dastatuz. Izan ere, guk Bonaresera itzuliko ginela hitz eman genuen eta besteek iparralderantz jarraitu beharra baitzeukaten. Bi egun eman genituen juxtu-juxtu elkarrekin baina konexio ederra egin genuen eta noizbait berriz elkartuko garela ziur gaude.

Antonio eta Anarekin jarraitu genuen bidea. Huelvako mendialdea mila bider aipatua ziguten eta ez genuen aukerarik galdu nahi. Harako bidean, Rio Tinto izeneko eremuan geratu ginen gaua pasatzeko. Burdinak ematen dio kolorea errekari eta koloreak ematen dio izena. Europan dagoen aire zabaleko meatzerik handiena omen da Rio Tintokoa. Ikusgarria bada behintzat. Oso antzinatik, Brontze arotik, metala atera dute bertatik ia etenik egin gabe. Ilargiko paisaiaren antzekoena omen da gure planetan Rio Tintoko paisaia. Berezia da oso. Merezi du bere historia ezagutzea (wikipedia). Gaur egun kamioi mordoxka batek jarraitzen du lurretik tonak eta tonak ateratzen. Lurrari ez dakit baina gure begiei eta barrenari min ematen die halako suntsikeriak. Baina ez da inguruotan lurretik ateratzen ari diren gauza bakarra. Izan zezakeen Rio Tinto errekak izena hartzeko beste arrazoi bat ere. 1936ko altxamendu militarraren ondorioz 200 lagun inguru hil zituzten Rio Tintoko hilerriko paretaren kontra eta orain, 83 urte beranduago, hilerriko zati batean fosa komuna ireki eta gorpuak ateratzen ari dira. Hala kontatu digu hilerriaren kanpokaldean topo egin dugun gizon batek. Honek ere mina eragin die gure begiei eta barrenari.

Bero handiak bidali gintuen Sierra de Aracena y Picos de Aroche aldera. Inoiz ikusi gabeko gaztainondo sailak ikusi genituen, artelatzak, ametzak, gure furgoneta apaintzeko erabili ditugun tipulin lore basatiak, oreganoa, izpilikua eta malba loreak, arrano arrantzaleak arrantzan, ubarroiak... Eta bertako erleek egiten duten ezti gozoa probatu genuen. Aracena herri nagusian izan ginen, eta inguruko herrixkak eta bazterrak ere ezagutu genituen: Fuenteheridos, Alájar, Cañaveral de Leon, Aracenako urtegia... zein baino zein ederragoak. Etxe zuriak, kalexka estuak, plaza apainak, iturriak, loreak nonahi... Arantza bat ere izan genuen: ITVa pasatu beharra geneukan. Zortez, Finca La Colorá-ra eraman gituzten, bertako Carlos eta Rosarenera, eta egonaldi ahaztezina egin genuen han ere. Etxean, eta zelako etxean! egon ginen han ere. Furgonetari egin beharreko konponketa guztiak egin ahal izan genituen, Carlosekin eta bere pazientzia eta umore amaitezinarekin lanean aritu ziren Maia eta Eki (igerilekua hesitzeko lanetan), untxiekin eta txakurrekin jolasean ere bai, eta betiko moduan jatorduak eta hizketaldi ederrak partekatu genituen bertan. Asteazkenero patata tortila prestatu eta partekatzen jarraitzen dugunez, orduko hartan gehixeago dibertitzea erabaki genuen: etxe bakoitzak tortila bat egin eta lehiaketa antolatu genuen. Anak, Carlosek eta nik tortila bana egin genuen eta umeek eta Rosak epaile lanak egin zituzten, sari eta guzti. Irabazleak, gure sabelak!

Zenbat opari Huelvan... zenbat lagun, zenbat gogoratzeko momentu eder, zenbat gogoeta ingurumenari eta historia kolektiboari dagokionez, zenbat paisaia eta inguru eder, zenbat barazki eta sendabelar... Txisteak dioen moduan: Huelva usted cuando quiera! Itzuliko gara!


Utzi iruzkina: