Katuak, zementoa, dromedarioak eta beste piztia batzuk

sosiuz 1456152795343 sosiuz | 2019-05-01 21:17
1

sosiuz 1556964714474

Badator motokarroa pistan behera, palmondoen artera. Egun ia osoa eman dute emakumeek eta umeek errekan alfonbrak eta mantak garbitzen. Ramadana laster hasiko da. Goizean goiz, astoak ondo kargatuta pasatu dira eta pick-up moduko ibilgailuak etorri dira andrez, alfonbraz eta mantaz gainezka. Errekara jeitsi, txokoa bilatu, taldetxoa osatu eta ekin diote. Lehenengo ondo bustitzen dituzte errekako uretan. Ondoren, ontzi handietan sartu eta hankekin zapaltzen dituzte, mahatsa zapaltzen den moduan. Bukatzeko urez ondo busti eta harrien gainean lagatzen dituzte. Harritu nau labaderorik topatu ez izanak; ez dut harrizko lauza bakar bat ere ikusi erreketan edo putzuen ondoan. Garbiketarena sinplea da baina luze jotzen du. Hala ere, festa da. Kantuak, barreak, oihuak, umeak korrika, esnea eta datilak... Gu ere nobedadea gara eta galderak, agurrak, bromak, gonbiteak izan ditugu. Etxeraino sartu zaizkigu neska-mutikoak eta dena da galdegai eta ikusgai: interruptoreak, kartak, mailua... Bizi-bizi dabiltza. Eta horixe, badatorrela motokarroa pistan behera, palmondoen artera. Eurite handiak baino lehen, erreka bazterreraino zeukaten bidea motorrentzako eta autoentzako moduan, baina urak eta lokatzak dena apurtu zuten. Mendietan ez da apenas belartxoren bat besterik ikusten. Beraz, parrastan etortzen da dena goitik behera. Bultzatu dute lau lagunen artean motokarroa bidean gora eta badoa. Karga-karga eginda. Badoaz denak. Ehun bat aldiz agurtu dugu jendea gaur eta oraindik ez du ilundu! Laster Mohamed etorriko da, opariren bat ekarriko digula esan baitigu eguardian. Frantsesez ondo moldatzen den aitona bat da eta badauka elkarrizketarako gogoa. Palmondoen adar lehorrak batzera etortzen da bizikletaz (ondoren labeko sua egiteko, ogia erretzeko) eta hala ezagutu genuen elkar. Makinatxo bat lagun ezagutu dugu honezkero, egia esan, nahiz eta bizkor xamar mugitzen ari garen leku batetik bestera. Noan atzera, hariaren muturra laga nuen lekura.

Khemisset lagata, duela hilabete pasatxo, Sidi Moussa hondartzara joan ginen. Han zain genituen Arantxa, Victor, Ana eta Antonio. Bazeukaten zer kontatua. Izan ere, hiri bateko kalexka batean zihoazela, txakurrekin, katu talde bat gerturatu eta sinetsi ezinezko pasartea gertatu zitzaien: katu bat, tigrea zelakoan edo, txakurren gainera joan zen hatzamarka eginez, eta Arantxa eta Victorri ere eraso zien. Segundu luzeak eta estuasun ederra pasatu zuten. Gainera, diotenez, Marokoko kaleko txakur eta katu batzuek amorruaren gaixotasuna daukate eta duela hilabete batzuk turista bat hil omen zen, katuak atzamarka egin eta hilabete batzuk geroago bere herrialdean zegoela. Hortaz, txertoa jarri beharra zeukaten eta aseguruarekin harremanetan zebiltzan. Ez zaie gozoa izan. Mareatu dituzte batetik bestera nahi baino gehiago... Denak onik daude, zorionez.

Hondartza, dunak eta itsasoa. Lasaitasun ederra. Arrantzale eta artzai ugari inguruan, baita kanpotarrokin berriketaldia egiteko gogoa zutenak ere (garagardo usainera...). Baina urik ez geneukan eta hor joan ginen lau furgonetako konboia ur edangarri bila. Gasolindegian probatu genuen baina ontziak garbitzeko ura bakarrik hartu genuen. Handik gertu herrixka bat zegoela eta, abiatu ginen lau ibilgailu handiak aldapan gora elkarren segidan. Ikuskizuna zen bertakoentzat! Zer ari dira hauek hemen? Herriko sarreran txorrot bat bazegoela esan ziguten baina bertara orduko, mutil koadrila batek iturria inguratuta zeukan. Ura hartzerik bageneukan galdetuta, ordaindu ezkero baietz erantzun ziguten. Bidean aurrera egitea erabaki genuen baina aurreraxeago errepidea pista bihurtu zen eta ezin jarraitu. Buelta hartzeko maniobratan ari ginela (imajinatu bitartean jendetza guri begira), bi gizon gerturatu ziren motoz zeren bila ari ginen galdezka. Edateko ura behar genuela esan genion. Mutiko bati zerbait esan zion eta berehala desagertu ziren denak. Handik pixka batera, mutikoak azaldu zen 5 litroko bidoia eskutan, ur edangarria zekarrela. Eskertu genion bihotzez. Baina bila jarraitu behar, askoz gehiago behar genuen eta.

Mediterranioko astakerien aldean, oso gutxi urbanizatutako kostaldea dauka Marokok baina ageri dira publizitate panel handiak, txaletak eta beste sintoma batzuk. Hondartza luze eta ederrak topatu ditugu kilometrotan zehar. Izan gara Oualidian (turismorako lekua izan arren, paraje benetan ederra), Essauira handi bezain koloretsu eta apainean, Sidi Kaouki herrixka surferoan, Imsouane arrantzale eta surf herrian eta Aurirren, denetan hondartza ikusgarri eta gozagarriekin. Eman genitzakeen hilabeteak kostaldean zehar pixkanaka jeitsiz, baina hiru hilabetean beste zonalde batzuk ere ezagutu nahi genituenez, Tizniten ekialderantz jo genuen, Amazighen lurraldeetara.

Jakina da giza talde batek bortxaz lurralde bat kolonizatzen duenean, bertako jatorrizko bizilagunak desagerrarazi edo azpian hartzen dituela. Ez dakit arabiarrek zenbat amazigh hil zituzten Afrika iparraldeko eremu honetara sartzerakoan; ez dakit erromatarrek baino gehiago edo gutxiago; dakidana da, gelditu ziren asko eta asko mendialdera joan zirela, lekurik zail eta gogorrenetara. Eta iraun dute, asmatu dute bizimodua aurrera ateratzen, kultura aberatsa sortzen. Ikusi besterik ez dago zer nolako herrixkak dauden, harrizko mendi magaletan itsatsita moduan. Laborantzarako terraza pila bat daude 2.000 metro inguruko altueran ere. Ezer etor daitekeenik ere ez dirudi. Ahuntzak ikusten dira jateko ezer ez dagoela ematen duen lekuan ere. Amazighak bizi dira, bizi ezin daitekeela ematen duen lekuan ere. Tarteka agadir ederrak ikusten dira, tontorretan eraikitako biltegi komunitario harresituak. Inguruko eta bereziki hegoalderagoko tribuek goseteetan eraso egiten omen zieten jakiak lortzeko, eta zaindari bat izaten omen zuten agadirrotan. Halakoak ikusi ditugu altitude handiko lekuetan, baita oasietan ere. Eta ikusi ditugu zementozko eraikin berriak, erdi bukatuta geratu direnak, eta aldamenean adobezko etxeak urtuta moduan, zatika-zatika urak desegiten dituela. "Gurean ere badago terraza pila bat", esango du norbaitek. Bai, gu ere bagarelako moroak behelainotan, harriekin herria egiten. "Vascos como bereber", esaten digute. Badaukate hemen gure berri...

Atzekaldean ikusten da agadir bat, aldamenetan lau dorre dituen harresiarekin.

Esan bezala, Tiznitetik barrukalderantz joan ginen. Kerdous portua igo eta bailara ederretan zehar Tafraoute herriraino joan ginen. Bazirudien harriak gainera eroriko zitzaizkigula; granito arrosazko haitzak zeuden mendietan, zein baino zein forma arraroagoarekin eta oreka berezietan. Ukitu eta denak bueltaka jausiko zirela zirudien. Baina ez. Hurreratu ginen, igo genituen haitzok eta behetik ziruditena baino askoz handi eta pisutsuagoak ziren. Gurean esaten da Leziako haitzak (eta beste asko) jentilek jaurti zituztela eta horregatik daudela han. Tafraouten jentil asko bizi behar izan zen, bada! Guk ez ditugu ikusi baina... Ikusi ditugu Tafraouteko emakumeen jantzi ikusgarriak. Beltzak dira eta apaingarriak dituzte oihalen bazterretan. Emakume zaharrenak begi bakarra agerian zutela pasatzen ziren. Neska gazteak ere bazebiltzan jantzi harekin baina bestelakoekin ere bai. Egia esan, inpresioa egiten dit begiak edo begi bakarra agerian doazela ikusteak. Kanpokoa da nire begirada, ostera. Ez dut aukerarik izan haien ikuspuntua ezagutzeko. Harriduraz ikusi nuen Aurirko hondartzan bainatzen emakume bat ohial beltzez erabat estalita. Begiak bakarrik zituen bistan. Seme-alabekin bainatzen ari zen, olatuekin eta urarekin jolasean. Ordubete baino gehiago eman zuen uretan eta bera zen seme-alabak jolasera xaxatzen zituena. Harritu egin nintzen eta ez nion begirik kendu denbora luzean. Aurreiritziak zer diren...

 

 

Astebete egin genuen Tafraouteko palmondoen azpian. Putzu batetik ura ateratzen genuen behar genuenerako, palmondoetako datilak harrika eskuratzen genituen, hamamera joan ginen garbitu bat hartzera, erosketetarako azoka ere bazegoen herrian... Benetan lasai eta eroso egon ginen han. Baina jarraitu beharra geneukan, desertua helburu genuen eta.

Mendi garaien artetik, paisaia hunkigarriak gozatuz, Tata herriraino heldu ginen eta handik, Zagoran geldialdia eginda, Mhamid Ghizlane herrixkaraino (3 egunez ia egun osoa eman genuen errepidean). Oso turistikoa da. Desertua bera da oso turistikoa, baina Iñigok eta biok ezagutzen genuen eta bagenekien bai umeei eta bai konboiko lagunei gustatuko zitzaiela. Herriko azken pista hartu eta iritsi ginen akanpalekura. Adineko emakume europar batek egin zigun harrera eta berehala arduradun gaztea ere gerturatu zitzaigun. Tea eman ziguten egongela fresko eta apainean, kanpoko bero zapa eta hondarrezko zaplaztekoetatik salbu. Hurrengo eguneko plana adostu genuen: gu laurok dromedario gainean ibiliko ginen eta gaua desertuan pasatuko genuen; beste laurak 4x4 ibilgailuetan joango ziren, askoz urrunago, eta gaua han pasatuko zuten. Gustora hartu genuen atseden, momentu eta hizketaldi ederrak izan genituen duna arteko txokoan. Hurrengo goizean, eguzkiak kaskarra ondo berotzen zigula, abiatu ginen desertu barrurantz, konboiko lagunei agur esanda. Ez genuen bidea oso ondo hasi: dromedario bi generamatzan eta haietako batek karga albo baterantz zeukan. Hamar minutu eginda, gelditu egin ginen eta karga jartzerakoan gidariak zalantzan zebiltzala sumatu genuen. Ez genuen oso harreman ona sumatzen bien artean. Bi oinez eta bi dromedario gainean gindoazen, nahiz eta guk uste genuen denok gainean joango ginela hasieratik. Bide zati bat eginda, zuhaizpe batean geratu ginen eta tea eta bazkaria prestatu eta eman zizkiguten. Bero izugarriarengatik, ordu batzuetan arbolapean egon ginen jolasak, kantuak eta beste asmatuz. Halako batean heldu zen berriz ere joateko ordua, eta berriro zalantzak gidarien artean. Animatu ziren Iñigo eta Eki dromedario gainera, eta karga eta gaineko biak oker-oker eginda geratu ziren. Eroriko ziren beldurrez, gidarietako batek dromedarioa behartu zuen indarrez makurtzera, eta animaliaren balantzarekin, karga, Iñigo eta Eki lurrera erori ziren. Dromedarioarengandik urrutiratu ginen denok. Berehala dromedarioa saltoka batean hasi zen, erotuta. Lasaitu ginen gu, lasaitu zen animalia, baina gidariak elkarren artean hasarretu ziren... Ederra panorama... Baina gu ondo pasatzera joan ginen desertura, eta ez kezkatzeko esan genien; hantxe jaima montatu, afaldu eta egingo genuela lo. Iluntze magikoa ikusi, dunetan gora eta behera jolasean ibili, sua egin, bapo afaldu, izar iheskorrak ikusi eta lotaratu ginen. Gaba freskoa baina atsegina pasatu genuen. Goizean itzelezko gosaria eman ziguten eta pixkanaka gauzak jasotzen hasi ginen. Orduantxe esan zigun gidarietako batek ez genuela dromedarioz itzultzerik izango, jarlekuaren soka apurtuta zegoelako. Tira, ba, bakoitzak ume bana bizkarrean hartu eta bueltatu ginen furgoneta geneukan lekura. Ez zen hitzartu eta espero genuena izan, beldurtu ere egin ginen baina desertuak daukan magiak gainditu zuen egoera. Guk ez genuen dromedario basatirik saldoan ikusi, ezta desertuko familia nomadarik ere. Guk ikasi genuen zein garrantzitsua den elkar zaintzea, elkarri leku egitea, gatazkak konpontzea, talde on bat osatzea, eta gozatu nahi denean, gozatzea.

 

 

 

 


Utzi iruzkina: