Gran Canaria, mendiaren pausoa

sosiuz 1456152795343 sosiuz | 2013-06-19 12:40

Lanzarote eta Fuerteventurako hondartzak eta itsasertz paradisuzkoak ezagutu ostean, xoka izan zen Gran Canariara iristea eta kostalde guztia urbanizatua eta erabat apurtuta ikustea. Mendira alde egin genuen eta irla honetako onena gozatu. Hausnarketa sakonak eta juizioko hagin usteldua bertan geratu zitzaizkidan. Honatx kronika laburra argazkitan azaldua.

Eguraldi pattalarekin, gure Banbak denetarik egiten du.

Barranco de Guayadeque. Etxeak kobazulo izaten ditugu baina irla honetan asko eta asko dira kobazuloak etxe bihurtu dituztenak, sasoi bateko guantxeen ohiturari jarraituta. Harri aroan bezala.

Roque Nublo. Mendi sakratua kanariarrentzat. Bertatik dauden bistak ikusita eta halako harri puska orekan nola dagoen ikusita, sakratua izatea komeni!

Corral de los Juncos. Iluntzeak dastatu ditugu. Egunari amaiera lasaia eman diogu ia egunero, barrena pozez beterik, zoriontsu.

Maiak ere gozatu du bere kabuz mendian ibiltzen. Pinudietan irristatzen, animalia eta landareak ezagutzen...

Aukera handia dago mendian dauden egokitutako lekuetan lo egin eta egunak igarotzeko, ura, komunak, sua pizteko lekuak eta abar dituztenak. Ia 15 egun horrelako lekuetan eman ditugu.

Ibilbide asko dago, norberaren neurrira egokitzen direnak, ondo seinalatuak eta leku oso eder eta bakartietatik doazenak.

Patxadaz ibili gara, pausotik pausora gelditzeko beldurrik gabe. Lorerik txikienari ere kasu eginez.

Zela ez gara ba geratuko horrelako edertasunei begira?

Barre? Hori ere ugari...

Tamadaba. Beste iluntze eder bat. Eguzkiari agur esaten, maitasunez. Kantuan egiten diogu agurra: "Eguzkia badoa bere amagana, eguzkia badoa bere amagana, bihar etorriko da denpora hona bada, bihar etorriko da denpora hona bada..."

Okilak bertatik bertara. Harrigarria. Tok-tok-tok, hortxe, norberaren ondoan, mamorroak jan eta jan, gure beldurrik gabe. Lagun izan ditugu egun hauetan guztietan.

"Logalez gaude, nekatu gara, eguzkia doa sartaldera. Bihar goizean laino ez bada, ekialdetikan helduko da..."

La Presa de la Cueva de las Niñas. Etxerako presa? Okurritzea ere...

Asteburuan bete egiten dira mendialdeko lekuok. Kostaldeko zoramenetik ihesi.

Ura. Behar baino gutxiago. Oraindik badago baina daukagun kontsumo izugarriarekin, badute kezkarik bertakoek. Ze etorkizun izan dezake ur gaziz inguratuta ur geza tantarik ez duen irla batek? Denborak esango du.

Txikiaren eta gertukoaren edertasuna. Ez gara nekatu horretaz.

Ez da berdina landatutako insignis pinu artean zehar ibiltzea edo bertako berezko pinudian. Magikoa da.

Gora eta behera, eta ez gara edertasunaz nekatu...

Tauro mendia. Guantxeak batzartzen ziren leku ikusgarria. Oraindik ere harrizko egitura bertan dago, nahiz eta jausita egon. Beste sasoi batzuetara eramaten gaitu. Pil-pileaneko batzarrak edo udaletxekoak Irukurutzean egitea moduan. Ideia txarra ere ez da... beste inspirazio batekin egingo lirateke...

Zenbat bide bihurri... Baina merezi izan du.

Merezi izan du.

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 


Utzi iruzkina: