Extremadura, muga ala zubi?

sosiuz 1456152795343 sosiuz | 2019-07-07 19:51
1

sosiuz 1562522992716

Gaztelako erreinuaren bazterrean zegoen lurraldea zelako jaso omen zuen izena lurralde honek, Extremadura, eta esango nuke orain ere ondo datorkiola izena: erreinuaren bazterrean jarraitzen du. Bertako zenbaiten esanetan, bazterrean, bi zentzuetan gainera. Guretzat, ordea, errepideko seinaleek eta mapetako marrek adierazten dituzten mugak sinbolikoak besterik ez dira izan, paisaia eta kultura aldetik ez baitugu desberdintasun handirik nabaritu Cadizen gora etorri garen denbora osoan. Hortaz, muga edo bazter baino, zubi izan dugu lurralde hau, Huelvatik Idanha a Nova (Portugalen) zonaldera bitarteko zubi.

 

Errepideko nekeak eraman gintuen Jerez de los Caballeros herrira. Erreinuen arteko mugak zehazteko borrokaldiek arrasto handia laga dute Extremaduran eta gaztelu, harresi eta halako pila bat ikusi dugu. Jerez de los Caballerosen harresia, elizak, eraikinak eta monumentuak ikusita, erlijioa, lurraldetasuna eta boterea zein estu egon diren (eta dauden?) usaintzen da. Dena da tenplario, dena da moja eta abade, dena da erlijio ospakizun, dena da borroka eta batailen oroimena... Ederra iruditu zaigu lekua baina halako atzerakada bat ere ematen zuen. Dendari batek aipatu zigun, San Bartolome eguna egun handia izaten dela bertan: deabruz jantzita irteten omen da norbait elizatik eta umeen atzetik joaten omen da, beldurtzeko. Badakizue nola babesten duten beren burua umeek? Gurutze banarekin. Ez genuen halakorik espero. Umeak gurutzearekin deabruari aurre egiten. Kontxo! Aspaldiko kontutzat genituen halakoak.

Jerez de Los Caballerosetik Olivenzara joan ginen. Ederra hau ere. Ondo zainduta dago alde zaharra eta atsegin handia da bertako kaleetan ibiltzea. Parkean pasatu genuen ordu mordoxka bat, keizpetan eta jolasean. Erosketak egin eta handik gertu dagoen urtegi batean eman genituen beste hainbat egun, bake-bakean. Zikoina kabia ikusi genuen eukalipto zuhaitz baten adarren artean (ordura arte, elizetan eta argindarraren zutabeetan besterik ez genituen ikusi izan) eta deskubritu genuen habia erraldoi horietan komunitatea sortzen dela, txori askok bertan, zikoinen kabian bertan, egiten baitute kabia. Gozatu genuen ur geldoak ematen duen lasaitasuna, txorien txorrotxioa, animalia txikiak eta landaretxoak deskubritzea...

 

Lurralde honetan gozatu genuen beste txoko bat La Codosera izan zen. Errekaren ibilbidean bertan, hiru igerileku sortu zituzten eta leku paregabea da sasoi honetako beroari aurre egin eta egun lasaiak pasatzeko. Amuarrainak, karramarroak, haltzak, oropendulak, argioilarrak... Bainatu, jolastu, atseden hartu, ibili... Ez da eremu basatia, prestatuta dago mahaiekin, komun eta dutxekin... Kanpin baten antzekoa da baina libreagoa, nahiz eta sarrera ordaindu beharra dagoen, ingurua mantentzeko. Bertako langileek lekua famatzeko eskatu ziguten, ezezaguna delako zonaldea penintsulako jendearentzat. Guk behintzat, gomendatzen dugu.

 

Artadi eta artelatz sail handiak ikusi ditugu, ganaduarekin, baita dena soro diren eta zuhaitzik gabeko eremu zabalak ere. Beroa ikusi egiten zen... Baina baditu fresko egoteko txokoak ere eta lurralde ederra iruditu zaigu.


Utzi iruzkina: