Euskara da bide bakarra
Tartean behin norbaitek galdetzen digu: ¿Sois vascos?" "Si" "Me pareció que hablábais en euskera..." bla,bla,bla... Beti errespetuz eta jakin-minez.
Bertako familia batekin egin dugun harreman estu eta onaren ondorioz, 12 urteko semeak eskolako lan bat egiteko aukeratu du Euskal Herria. Irakasleak taldeka banatu ditu eta penintsulako (asko erabiltzen duten hitza) autonomi erkidegoren bat aukeratu eta lantzeko eskatu die, kokapena, kultura, gastronomia, festak, natura eta abar jasoz. Euskal Herria eta ez EAE, garbi dauka mutikoak, azaldua baitiogu bakoitza zer den, eta gu euskaldunok nor garen eta nondik nora garen edo. Internet eta telefono bidez argituko ditugu bere galde-zalantzak, geure begietatik eman nahi baitie eskolako lagunei gure herriaren berri. Aurkezpen egunera ere gonbidatu gaitu. Ez da kasualitatea: jakin badaki administratiboki edo politikoki onartuak ez dauden herri asko dagoela munduan. Sahararra bertatik bertara ezagutzen du eta etxekoekin batera, ekimenak antolatzen eta parte hartzen jarduten du, herri sahararrari babesa eskainiz.
Poz eman digu, eta harrotasuna ere bai, bizirik gaudelako, zer kontatua badugulako eta norl entzuna ere bai. Eta nor garen badakigulako.
Euskaldun izate hutsa bizitzeko nahikoa zuten eta ia duten aittitta-amamak (joan zirenak eta bizi direnak) omendu nahi nituzke eta herriaren erdian dugun plazan eskultura handi eta eder bat ezarri, ez dezagun ahaztu haien iturriko uretik edatearren garela euskaldun, garela herri, eman diguten eta ematen dihardugun euskarak egiten gaituela euskaldun eta herri. Eta eskulturaren azpian letra handiz jarriko nuke: EUSKARA DA BIDE BAKARRA.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: