Estresa eta usoak
Hiru hilabete joan dira etxetik irten genuenetik. Txiro kantariak entzunez eta eguzki gorringoaren azken argipean, hiru hilabeteotan ahaztua nuen estresaren hatzaparrak gainetik kentzen dihardut, itolarria arintze aldera. Ikasle bati lan bat egiten laguntzen jardun dut, azken orduan eta arrapataka, eta aspaldiko partez prixa eta estresak lepoa estutu didate. Ahaztuta nengoen zein itolarri eskasa den. Bidai honetan oso lasai gabiltza, denborari denbora eman eta hartuz, patxadaz, sosiuz, ondoen esateko, eta gaur halako larritasuna pasatu dut... Sosiuz nahiago dut, zalantzarik gabe. Azkena izan dadila.
KALEAN USO, ETXEAN OTSO
Balioko luke hemengo gizonezko asko zelakoak diren adierazteko, baina ez dut oraingoan hortaz jardungo (zer esana badaukadan arren). Berez ez da esaera honen betiko esanahia baina balioko du.
KALEA: gure Euskal Herria eta mundu mendebaldarra ez dena. Guatemala adibidez. Harrigarria da zelako interesarekin zabaltzen dizkiguten beraien etxeko ateak, zelako gogoz agurtzen gaituzten bazter guztietan "jelou", "gud mornin" edo "bai bai" esanez, yanki eta euskaldunontzat balio duena esanez (harritu egiten dira ingelesez ez dakigula esanez gero, denok gringoak garela uste dute eta (indigenak, latinoak, beltzak eta txinitoak ez diren guztiak yankiak dira askorentzat, eta hein baten ez daude hain okertuta...)), zenbat barre egiten duten erantzunez gero, zelako begirunez begiratzen gaituzten eta abar eta abar. Guk usoei baino hobeto (ez da zaila). Goxo, alai eta jakinminez.
ETXEA: gure Euskal Herri maitia, hain arrazista eta baztertzailea gehiegitan. Zelako beldurrez ixten dizkiegun ateak azal beltz edo ilunagokoei, zelako agur gutxi egiten diegun (baldin eta mutur iluna ipinita, betoskua esaten dogu guk, beste aldera biratzen ez bagara), zelako aurreiritzi eta etiketa faltsuzko traje ipintzen diegun, sarri hortzak erakutsiz, otso bagina moduan.
Kalean uso hartzen gaituzte, etxean otso hartzen ditugu.
Beste behin lotsagarri sentitzen naiz.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: