Erditik bi
Lagun batek bialdu barri dosta Uxue Alberdin bertso-sortia, erditzian ingurukua. Hainbeste hunkittu nabe, zein eder, zenbat oroitzapen... Eta aspaldixan buruan nerabilen zalantziari aurre egin dotsat: gure erditzia idatzitta lagako dot, Maia.
Mayen herrixan sortu jakun imajinatzen zinttugun hori sortzeko gogua. 8 hilabete geruago, magia. Sortu da bizitza!
Harrezkero maittasuna eta goxotasuna emon notsuzen, lasaittasuna eta mobimentua, sabelan barnealdian zinala.
Juan ziran 9 hilabete ederrak, pasiaran, oinezian, liburu artian, kantuan, dantzan. Beste aste bi be bai, 42, eta badaezpada ginekologuak emondako hitzordura juan ginan. Bai juan be...
Urduri nenguan. Motxilia hartu eta goizeko 8etan Mendaron ginan. Kontrakziñorik txikixenak igartzeko ahaleginetan emon nittuan azken bi astiak baina ez neban ezer igarri. 4 zentimetroko dilataziñua neukan eta igarri be ez neban egin. Gorputza bere bidia egitten hasitta zeguan azken kapitulurako, azken eszenarako.
Harreran hartu ginttuen eta goiko solairura igo erain. Hantxe izango zan. Ekografia eta papel danak nerekin neroiazen. Baziran egun paria konturatu nintzanetik: ospittaleko ekografien papeletan FPP (fecha probable de parto) bi egun geruagokua zan herriko ginekologuak zehaztutakuan aldian. Abuztuan 28xa emon zostan ginekologuak baina papeletan 30 agertzen zan.
Gelan sartuta gendela, ausardia pixkat agertu zan nere zalantza danen artian eta Iñigori esan notsan: Komentatuko dotsat? Berak baietz. Lehenengo aldiz haurdun daguan ama batentzat, neretzat, ez da bape erreza erabakixak hartzia erabat ezezagun eta arrotz jakon ereme eta prozesuan. Baina ausartu egin nintzan emaginari eta ginekologuari nere zalantzia, nere itxaropen izpi txikixa azaltzera. Emaginak goxo hartu ninduan, bi egun bi egun zirala esanaz, esaten nenbilena ulertuz, sentimenduekin bat eginaz. Baina ginekologuak ez zeban ezer ulertu. Hiru esaldi grabauta geratu jatazen: "los domingos ni hscemos inducciones; no es obligatorio; nuestra propuesta es hacerlo hoy". Mailukiakin buruan jo banindu moduan. 3 kolpetan. Gogor eta hotz. Txiki-txikixa, ezdeusa sentidu nintzan. Sumiso, umillauta. Nere senrimenduak, nere senak ezertarako balixo ez balebe moduan. Hain haurdunaldi ederrari bukaera natural eta gloriosua emon nahi notsan, ongi etorri berezkua eta naturala emon zuri, Maia. Baina kolpe haundixa izan ziran "profesional" haren berbak. Ez nintzan Maia arriskuan ipintzera ausartu, ez nintzan neure buruari, neure senari jarraitzera ausartu, ez nintzan bere profesionaltasuna zalantzan ipintzen nebala adieraztera ausartu. Babesik bare, negarra zabaldu jatan gorputz barren guztian. Etsipena. Sumisiñua. Horretxen damuak atzetik jarraitzen dosta oindio be. Ausardia falta harek orbana laga dosta sabelian.
Holaxe, biluztu, ospittaleko erropa hotz eta zatarrak jantzi eta dana ondo juango zala konbentzitziari ekin notsan. Katalina eta Sonia izango ziran emaginak. Ginekologuak begiratu, ikertu ninduan. Amorrua sentidu neban, mina, etsipena. Ez zeguan atzera bueltarik. Ez neukan indarrik.
Gelan sartu, kabliak konektatu eta nere zainetan zihar oxitocina sartzen hasi zan. Maittasunan hormonia dalakua. Paradoja galanta.
Bazkalostera artekua lasai juan zan. Iñigo eta bixok liburu banakin. Makinian funtzionamendua be ulertu genduan. Kontrakziñuen intentsidadia eta zure taupadak markatzen zittuan. Bazkalostian Soniak begiratu ninduan. Hasierako moduan nenguan. Umia babesten zeban poltsia apurtu zostan etzanda nenguala. Handik pixkatera ixuri zan likido epela hanketan behera. Zu babesten zinttuan likido haura. Oxitocina tanten abixadia bizkortu egin zostan eta mina be biderkatu egin zan. Gomazko pelotian gainian nenguan jarritta, gerrixari bueltak emonaz, lasai antzian, Iñigon eskutik helduta. Kontrakziño gogorrak hasi jatazen. Modu naturalian olatuekin konparatzen dira, etorri eta juan, puntu gorena eta barealdixan artian. Baina haura beste gauza bat zan. Barealdirik bareko tenpestadia ozeanuan erdixan, eta ni belaontzi txikixan mastilari gogor helduta, behin eta berriro olatuak joten ninduela. Sabelan barru-barrutik orruak etortzen jatazen eta airera jaurtitzen nittuan. Orro basatixak, beste dimentsiño batetik zetozenak. Ordurako nere baittatik juanda nenguan. Denporiari ihes eginda nenguan inoiz amaittuko ez zala zirudixan ekaitz haren erdixan, ozeanoren baten, nunbaitten. Orruak kontrolatzeko saiakeria be egin neban, tonuak gorago eta beherago probauaz, mina arintzia lortzeko ustetan. Alperrik. "oindio ordu laurden besterik ez da pasatu?", esan notsan Iñigori. "Ari, hiru ordu pasatu dira". Ezin neban sinistu. Gehixago be ezin neban. Emaginari deitzeko eskatu notsan, epidurala edo zeoze ipintzeko, ezin nebala aguantau.
Sonia etorri zan eta beti bezain goxo berba eginaz, kable guztiak kendu, bañera txikiko ur epeletan barneratu eta nere gorputzari bere bidia egitten lagatzeko proposatu zostan. Noski, zela ez. Eskerrik asko.
Bainerara lagundu ninduen. Haura lasaittua. Oin bai. Hemen nago txiki, zurekin nago. Ilunpian, Iñigon eskuak estututa, Sonian laztan eta berba leunak jasota, Iñigon animuak jasota, bi ordu emon nittuan. Umia ondo zeguala eta nahi baneban baineran be jaixo zeikiala. Nik nahi nebana, esaten zostan behin eta berriro, dana nere esku zeguala.
Han be gogaittu nintzan, komun txiki eta bainera oindio eta txikixago hartan. Kanpuan, gelan, dana gertu ei zeguan, urten nahi baneban. Esterilak lurrian eta erditzeko aulkixa. Ez nenguan aukeretarako. Aulkixan, esan notsen. Jarritta nekia pixkat arinduko jatala pentzau neban. Iñigon gorputza atzian eta eskuak nerien artian sentitziak sosegua emons zostan. Nekatuta nenguan baina baneukan indarrik oindio. Soniak eta Katak lurretik begiratzen ninduen, tarteka umian egoeria zaintzen. " oso ondo zabiz. Umia zoragarri dago. Hortxe dago. Ikusi egitten dogu. Oso ondo diharduzu". Zelako garrantzitsuak izan ziran berba harek, lurrera jeiste hori, ni baino beherago egote hori. Konfiantzia neukan berriro nigan.
Bultza egitteko gogua etorri jatan eta hala jardun neban, indarrez jardun be. Beheruntz, beheruntz. Hala nenbilela, minez, galdera hau etorri jatan burura: "bultza egitten badot, desgarratu egingo naiz, eta mina latza izango da. Bultza egitten ez badot, ez da urtengo. Zer egin? Ez dago zalantzarik. Bultza!!!".
Soniak espilu txiki batekin erakusten zotsan Iñigori baginako tunela eta bertatik zentozena. "Sartu eskua eta zeuk ikutu" esan zostan. Eskua sartu eta likaz betetako buru iletsua ikutu neban. "Maia! Hor zare, bazatoz!" Maittasuna zainetan gora eta behera. Leher eginda nenguan. "Ezin dot gehixago, nik ezin dot!" errepikatu neban milagarren aldiz negar zotinka. "Beste hiru bultzada eta kanpuan da. Oso ondo zabiz, Arianne, oso ondo." Bultza eta bultza, sua. Suak erretzen zeban nere bagina eta inguruko guztia. Azala tenkatuta, hori be lehertziar. Azken bultzadia. Eta putz eta putz nenbilela, hor urten zinan zu, Maia, begixak zabal-zabal eginda. Beste erdixa, bat izaten jarraitzeko. Munduari etorri zinala abixua emonaz. Gorputzian dardaria. Maittasuna, lasaittasuna berriro. Berbak, laztanak, barriak. Eta Iñigo negarrez, zurekin batera, ordu guzti haretan eutsitako tentsiñua askatuaz. Emaginak besarkatu zittuan eta eskerrak emon zotsezen. Nere beso eta bular artian pasatu zenduzez orduak eta orduak. Lasaittuta nenguan, pozik, harro. Ama naiz. Aita da. Maia zara. Bagara.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: