Cadiz topagune
Tarifako Los Lances hondartzan Marokori begira jarri gara, itsasoak oinak bustitzen dizkigula. Gogoratu ditugu bi hilabete eta erdian Afrikan bizi izandakoak haizatu ditugu kometarekin sentipen desatseginak. Ezaguna zaigu Tarifa eta etxean sentitzen gara. Atseden hartu nahi dugu. Orain arteko bidaian gertatutakoei baretzen laga gorputzean.
Egun batzuk pasatuta, topagune bihurtu zaigu Los Lanceseko aparkalekua. Gure modura bidaian ari den familia parea ezagutu dugu; bata andaluziarra, bestea frantsesa. Bata, etxea alokatu eta bizimoduz erabat aldatzea erabaki duen familia da, hiru seme-alaba eta aita-amak batetik bestera ibiliz bizitzeko erabakia hartu duena; bestea, hilabete batzuetarako seme-alaba birekin irten den bikote frantsesa da, bizimoduan aldaketa nabarmenak egin aurretik, eten bat egin duena. Denok izan gara Marokon, denok gara guraso, denok utzi dugu etxea hor zehar ibiltzeko. Badugu zertaz hitz egin, badugu zer edo zer komunean. Hala ere, desberdintasunak interesatzen zaizkigu eta garagardo, kafe, mate, infusio eta patata tortila artean, gure bizipenak, iritziak eta konfidentziak partekatu ditugu. Harrigarria da zein denbora gutxian sor daitezkeen harreman polit eta sakonak, helduen zein umeen artean. Bidaiak laguntzen du horretan; bidaian, askotan, ireki egiten gara eta kasualitate, kointzidentzia eta ustekabe ederrak bizitzen ditugu. Niri, bereziki, ezagututako jendea geratzen zait gogoan iltzatuta, eta paisaia edo naturgune berezi eta hunkigarriak ere bai. Errepasoa emanda, hilabeteotan oso jende ederra ezagutu dugula konturatu gara eta bisitan joateko gero eta txoko gehiago ditugula! Katalunia, Valentzia, Murtzia, Huelva, Cadiz, Madril, Toulouse ingurua, Nantes ingurua... Zoragarria da hori: bidairen batean ezagututakoek beraien etxeetan hartzen gaituztenean, ikaragarri gozatzen dugu. Batetik, berriz elkar ikusteak sortzen duen pozarengatik; bestetik, bertako norbaitekin leku ezezagunak bisitatzea oparoagoa izaten delako. Ez dut ez dakizuenik esan, ezta?
Crisen argazkia
Gure konboiko lagunak sorpresaz etorri zaizkigu Tarifara. Hau poza! Familia osatu dugu. Crisek Timeless Life Project orrian dioen moduan: family. [fam-le/] noun. A unique blend of individuals living, laughing, learning and loving their way through life. (Norbanakoen nahasketa berdingabea, bizitzaren bidean bizitzen, barre egiten, ikasten eta maitatzen). Badakarte zer kontatua: Tangerren 10 urteko mutiko bat furgonetara igo zaie, muga pasatu nahian edo. Denboraz konturatu dira eta alde egin du mutilak. Poliziari kontatzera joan direnean, furgoneta eskanerretik pasatu aurretik jakinarazteko, ez diete kasurik ere egin. Ahaleginak eta bi egin dituzte salaketa jartzeko, baina polizia batengandik bestearengana bidali dituzte eta ez dute lortu. Izan ere, gertatu izan da norbaitek besteren baten furgonetan droga edo beste zeoze ezkutatzea, inor konturatu gabe, eta gero... komeriak! Baina tira. Barkua abiatzear zenez, aurrera egin dute eta ez dute aparteko arazorik izan. Hizketagai izan dugu pasarte hau ere: migrazioa, drogak, mugak, polizia...
Maiak eta Ekik asko gozatu dute Tarifako egonaldia: lagun berriak, konboiko "osaba-izebak", jolas berriak, frantsesez esperimentatzeko aukera... Begiak ireki eta kanpora atera dira goizero eta gaua ondo ilunduta oheratu dira. Zenbat abentura!!
Tarifan baina, haizeak agintzen du. Gozo batzuetan, zakar bestetan. Bolada zakarrak heldu direnean, Arcos de la Fronterara alde egin dugu eta han ere lagunekin egon gara, Tarifan ezagututako bi familiekin. Urtegi bateko hondartza artifizial txiki txukunean, gerizpe eta guzti. Ura eta harea berriz ere jostagai; matearekin harremanak hizketagai. Ez dugu lekuak bisitatzeko tarterik hartu. Lagunekin egotea baino hoberik? Baina bidaiak horixe dauka: bideak elkartu eta banatu egiten direla. Konboikoak tarte baterako etxera, andaluziarrak gorantza eta frantsesak Lisboarantz. Eta gu bizikletak astintzera!
Marokon izorratu egin zaizkigu bizikletak, hautsez bete eta zati asko ugartu. Garbitu eta olioztatu egin ditugu eta prest daude! Vía Verde de la Sierra izeneko bidegorria zeharkatzera goaz, Olveratik Puerto Serranoraino dihoan bidea egitera. Olvera herrira iritsita, erosketak egin, izozki bana jan eta herri zuri eta eder honen kaleetan gora eta behera ibili gara. Iluntze gorri-gorria gozatu dugu. Izenari omen, olibondoz josia dago inguru guztia eta haiei begira hartu gaitu loak, hurrengo egunerako dena prest laga eta gero. Izan ere, bero handia dago iragarrita eta goiz hasi nahiko genuke pedalkadaka. Baina, nahi izatea eta lortzea bi gauza omen dira... Bidegorriaren hasierarainoko bidea oso oso aldapatsua da eta Eki beldurtu egin da. Beraz, oinez egin dugu zati osoa, bizikleta eskuan hartuta, eta eguzkia gero eta gorago... Informazio bulegotik pasatu gara eta mapatxoaz gain, informazio baliagarria eman digu (furgonetarekin non lo egin, autobusik ez dagoela, iturriak non dauden...). Oso ondo prestatuta dago bidegorri hau: bidea egoera onean, tunelak argiztatuta (behar den guztietan), laguntza zerbitzua asteburu eta jai egunetan, saiei buruzko interpretazio zentrua tartean, iturriak, lotarako eta bazkaltzeko lekuak... Historia bitxia du gainera: XX.mende hasieran, Primo de Riveraren diktadura garaian hasi ziren trenbidea eraikitzeko lanak eta Errepublika sasoian eten egin zituzten, betirako. Ez zen inoiz trenik pasatu bertatik. Alferrik egindako bide hura, bertakoen eta bisitarien gozagarri da gaur egun, inguru paregabean (olibondo asko, zezenak saldoka, algarroba zuhaitz ederrak, sai arreen bizileku handia...). 36,5 km-ko bidea egin dugu: 20,5 km egun batez, 16 hurrengoan. Saiez gain, Bonelli arranoa ikusteko aukera izan dut, eta Rociorantz zihoazen zaldi eta gurdiak ere ikusi ditugu bidegorrian zehar. Ikusgarria da. Kantuz ere entzun ditugu. Hori bai, gizon giro zabar xamarra zeukaten... Parrandarako berotzen edo... Guri behintzat ez digu beroak onik egin baina txapeldun-txapeldun portatu dira Eki eta Maia eta bide osoa eta gozatu dugu. Gomendagarria!
Iruzkinak
Utzi iruzkina: