Herrialdea ezagutuz
2009-04-09 (aspaldi xamar...)
Aspaldiko partez idazteko lanabesak hartu eta zerbait grabatuta uztera prestatu naiz. Eta ez da, ez ezer berezirik pasa idazteko modukoa (edo bai!), ez dut ausnarketa berezirik egin ezeren inguruan; ondorioz, datozen lerroetan hemengo bizipenen berri ematera dedikatuko naiz.
Otsailaren 25az geroztik ezer egin gabe egon nintzen ia hilabetez. Denbora horretan Julio Verne irakurri dut, sukaldatu eta gauza gutxi gehiago. Hemen ez da oso erraza leku hau eta hura ikustea, ze garraioa oso nekagarria da. Adibidez, 90 Km egiteko hiru ordu behar dira, hori atzerapenik ez izan ezkero. Orduan, egun bateko eskurtzioak ezinezkoak dira hemen, ondorioz, Xela ezagutu eta Nautilusen bidaiatuz pasa ditut ordu pila. Baina denak du buekaera bat eta egonaldi ere iritsi zitzaion azken arnasa.
SANTA ANITA LA UNION KOMUNITATEA
Xelatik lehenengo irteera Santa Anita komunitatera izan zen. Hona iritsi eta bigarren astean edo. Komunitate honen berezitasuna hemengo gerra amaitzean gerrilari talde bat batu eta armak matxeteengatik aldatu izana da. Bizi berri bati ekiteko ilusioz terrateniente batenak ziren lursail batzuk erosi (erosi edo bankuekin ezkondu) eta beraien esfortzu eta indarrez aurrera egiteko saiakeran dira. Lursail hauetan kafe eta platano organikoak landatzen dituzte; platanoak Guatemalako azoketan saltzeko eta kafea berriz Europa eta Iparramerikako merkataritza justuko dendetarako.
Egia esan, beraien kooperatiba honen funtzionamendua ez zitzaidan gehiegi gustatu. Adibide batzutan irudikatzeko: lursaila partzelatan zatituta dute; partaide bakoitzak partzela bat. Orduan kafea biltzeko garaia iristean bakoitzak jasotako kopuruaren arabera irabazten du. Beste adibide bat: familia batzuetako semeren bat edo Estatu Batuetan bada lanean, orduan famili honek diru gehiago izango du. Ondorioz, luxu gehiago. Europarron eta Iparramerikarren kafe eskaerei ezin diete aurre egin, ez dira iristen eskaeraren laurdena osatzera. Hala ere, ez dut harremanik inguruko kooperatiba berdinekin, La Florida edo Magnolia Miramar esaterako. Gustatu ez zaidan azken gauza baratzerik ez dutela da. Kafe eta platanoekin ateratako diruaz barazkiak erosten dituzte eta urteren baten zerbaitegatik kaferik ezin badute atera, zer jango dute urte horretan?
Gustatutako gauzen artean berriz, nekazaritza organikoa egiten dutela. Baita lanbide hauek ere errespetu eta duintasun osoa merezi duela adierazten dutela. Ni komunitatera iritsi nintzenean konposta egiten ikasten ari ziren eta niretzat ederra zen nekazari helduen talde bat gauzak apuntatzen ikustea, ingeniari agronomo baten ahotik ateratzen ziren hitzak apuntatzen. Nik duela urtebete egin nuen ikastaro berbera izan zen, materia bera. Gustatu zaidan azken gauza eskola da. Umez beteta eta ikasgai bereziekin munduari aurre egiteko prestatzen dira umeak (12-13 urte arte), baina nor diren ahaztu gabe, nekazari komunitate bateko bizilagunak eta etorkizuna; gerrilariak izandako bikoteen seme-alabak. Horiexek ba ezagutu dudan komunitateko alde on eta txarrak. Ezer ez da perfektua, ezta Beizamako kooperatiba ere.
SANTA ANITAN EGINDAKO BIGARREN EGONALDIA IRUDITAN
(Vincent suitzarraren eta IƱigoren argazkiak)
2009-05-01
Eske ze azkar pasatzen dan denborie, Ari....
Casa Jaguarreko terrazan jarrita, gosaldu eta gero, lasaitasunean idaztera animatu naiz. Ia hilabete pasa da azkenengoz idatzi nuela eta jarraipena eman nahi nioke.
Bigarren irteera San Pedro La Lagunara izan zen, 2-3 egun Atitlan lakuan. Leku zoragarria, 1500 m inguruko altueran dagoen lakua da Atitlan, eta hiru Errege haundik zaintzen dute berau, hiru sumendik; Atitlan, San Pedro eta Toliman sumendiek. Eta hamaika herri daude bueltan-bueltan baina guk San Pedro bakarrik ezagutu genuen orduan.
San Pedro herriak bi aurpegi ditu; bata, azal ilun eta ile beltzekoa eta tz'utujilez mintzo da (besteak beste). Beste aurpegiak berriz, begi urdinak ditu, ile horia eta azento gringoa du. Azken honek urertzeko etxe polittenak alokatzen ditu edota jatetxerik garestienetan jaten du, eta nola ez, tabernarik "buenaonda"enean mozkortzen da. Very cool!! Guk biak dastatu genituen. Pasioan hemendik eta handik, bertakoak beren gorputza eta arropak garbitzera joaten diren urertzeko txokoetara iritsi ginen. Merkatuan barna sartu, erosketak egin edota bertakoen artean gosaltzen genuen, gustora beraien moduan prezioak regateatzen ibili ginen.
Herri erdi atzerritarra izan arren, gu eta beste gutxi batzuk bakarrik genbiltzan bertakoen artean. Aste Santua gertu, tokatu zitzaigun prozesioa eta herrikotasuna ezagutu nahi ezkero, herritarren inguruan egotea komeni denez, ba, hau ere ikusi genuen. Hemen bai, bakar-bakarrik ginen eta hau bukatzean giri artera jeitsi ginen afaltzera, herritarrendako jatetxeak itxita zeudelako. Beste era batera esateko, mundu ezberdin batera joan ginen, eta ederki afaldu genuen ensalada grekoa eta pizza, bertakoentzat garestiegiak diren jatetxe horietako batean.
Oso asteburu ederra izan zen. Berriro bueltatzeko gogoz naiz Atitlanera eta bueltatuko naiz. (Bueltatu naiz. Hurrengo kapituluan azalpenak. Udazken aldera...).
Iruzkinak
Utzi iruzkina: