Bi ume pijamarekin

sosiuz 1456152795343 sosiuz | 2019-04-20 13:21

sosiuz 1556123789454

Batek baino gehiagok galdetu digu: zelakoa da umeen egunerokoa? Zer egiten dute? Nola moldatzen zarete?

Eguna poliki hasten dugu. Begiak zabaltzen hasterako, eguzkiak aspaldi berotu ditu bazterrak. Ia beti Iñigo da lehenengoa esnatzen eta eskura izaten du liburu elektronikoa tarte luze batez irakurtzeko. Besteok, begiak ireki, berriz itxi, buelta hartu, berriz ireki... Horrela ibiltzen gara, elkarren ondora gerturatu arte. Kontuak esan, kili-kili batzuk egin, barreak, lehenengo haserrealdiak (joan zaitez harutz, ez naiz kabitzen! joan zu!... eta antzekoak...)... Orinelak bete ostean, gosaria tokatzen da. Iñigoren kafetera bor-borka hasten da, infusiorako ura ere bai, eta mahai gainean ogi pusketak, olioa, laranja batzuk, olo malutak, muesli hondarren batzuk... Bakoitza bere erritmora gosaltzen du.

Gehienetan bi egun mota izaten ditugu: furgonetaz beste leku batera mugitzeko egunak edo bertan jarraitzeko egunak. Beste norabait bagoaz, etxean zehar ditugun gauza guztiak bere lekura jaso behar izaten ditugu, bidaian zehar hara-hona ibili ez daitezen. Mahaiaren gainean margo eta eskulanen kutxa ongi lotu, ur botila bat eskura jarri, ahal denean musika pixka bat (gure irrati hori batzuetan badabil eta hurrengo ez...), taldekideekin irteera adostu, motorra berotu, bakoitzak bere lekua hartu, eta bagoaz! Marokon gidatzeari dagokionez, nahi duguna egiten uzten digute. Inor ez da begira ibiltzen ea zenbat jarleku ditugun, umeak bere aulkietan lotuta doazen... Horrek izugarri errazten du bidaia eta gozagarriagoa izaten laguntzen du. Gure etxeak MAMUT dauka izena: handia eta motela da. Poliki eta kontuz ibiltzen gara. Hala, Eki askotan aurreko jarlekuan joaten da eta Maia gero eta gehiagotan. Izan ere, hemengo paisaia ederrei begira joatea laurok dugu gustoko. Leiho handi eta zabalak ditu gure etxeak eta inguru guztia ongi ikusteko aukera izaten dugu. Denetarik egiten dugu: eserita begira joan, musika kaskoekin entzun, mapan nondik nora goazen begiratu, argazkiak atera, komikiak ikusi, gasoila bota, zerbaitetara jolastu, jan, edan, pixa egin... Normalean helmuga adostua izaten dugu taldearekin eta elkarri itxaroten joaten gara. Begiak beti erne, nonbaiten iturriren bat noiz ikusiko. Furgonetak badauka ur depositoa baina nahi baino askoz azkarrago husten da.

 

Bidaia bukatutakoan, kanpora! Batzuetan, atte eta ama ohartu gabe, oraindik pijamarekin egoten dira. Baina jakizue! Hemen neska asko pijamarekin ibiltzen dira kalean, txandala balitz moduan. Zer esango diegu guk orduan? Marokon posible dela! Kar, kar, kar... Aldatu edo ez aldatu, Maiak eta Ekik zeregin batzuk izaten dituzte: arropa garbitu, kajoietan gorde, ura betetzen lagundu, erosketak egin, jatorduak prestatu (bakarrik edo heldu batekin), erratza pasatu, ur zikina hustu, ariketak egin (matematika, idazketa eta horrelakoak)... Ez dira hamabost eguneko oporrak. Hemen egunerokoa daukagu eta zeregin asko izaten ditugu, eguneko orduak betetzen dizkigutenak sarritan. Ez gara, hala ere, errutinadun familia, ez ditugu bi egun berdin egiten. Orduan, gehienetan (ez beti) zereginok jolas eta dibertsio momentuak izaten dira. Sukaldaritzari gustua hartu dio Maiak, adibidez, eta prestatu dizkigu zukuak, ogia, calzzoneak, saltsak, tabuleak, entsaladak, mazedoniak... Cris eta Ana konboikideak sukaldari onak dira eta errezeta berriak partekatzen dituzte elkarrekin. Maia adi ibiltzen da, nori eskua bota aukera baliatzeko.

Maia calzzoneak prestatzen, Eki afaltzen.

Crisekin olagarroa garbitzen.

Eskulanak egiten

Lekuaren arabera, inguruak eskaintzen duenarekin jolas egiten dute Ekik eta Maiak. Itsasertzean egun asko pasatu ditugunez, hondartzan bainatu gara, itsasertzeko animaliak arrantzatu eta harrapatu ditugu, haretan idatzi eta marraztu dugu, harriak eta txirlak batu ditugu, kometarekin jolastu gara, harriak jaurti ditugu, arroketan gora eta behera ibili gara, iluntzeak ikusi ditugu, bizikletaz ibili gara... Palmeren puntetan dauden datilak batzen ere aritu gara; harrika bota eta poltsa batera biltzen. Konboiko animaliak eta bidean topatu ditugunak zaintzen eta haiekin jolasten ere ordu asko pasatzen dituzte umeek. Egunero ideia berriak sortzen dira.

Nik idatzi, Ekik irakurri, eta alderantziz. Liburu oso bat idatzi daiteke hemengo hondartza luzeetan!

Konboian bertan umerik ez badator ere, izan dute aukera beste ume batzuekin jolasteko, eta asko gozatu dute. Gehienetan bertako umeekin izan da; batzuetan ordu batzuez, bestetan egun batzuetan zehar. Mugitzen ari garenez, ez da hain erraza izaten ere. Orain arte ibili garen lekuetan, umeak etxeetan edo etxe inguruetan egoten dira eta ez da aukera handirik sortzen haiekin egoteko. Baina sortzen direnak aprobetxatzen ditugu. Pazko igandeko txokolatezko untxitxoak ere izan dituzte, alemaniar familia bati esker. Eta bizitza zer den, lagun batzuekin topo egiteko zortea ere izan genuen. Bost egun horietan, apenas ikusi genuen Maia! Hori gozatua!

Oharra: Marokotik bueltan Portugal hegoaldera joango gara aste batzuk pasatzera. Inor animatzen bazarete, gustura hartuko zaituztegu!

Moulayn, ludoteka inprobisatua muntatu genuen

Henna zela egin ere ikasi dugu. Khemisseteko plazan emakume batzuek Cris eta bion eskuetan marrazkiak egin zizkiguten. Salgai ikusi genuen henna hautsa eta Crisek erosi egin zuen; probatu beharra geneukan geure kabuz egiten. Maiak eta Ekik ere probatu nahi zuten, noski! Behin eta berriz, behin eta berriz, behin eta berriz, eskatu zuten. Eta egin genuen. Henna hauts koilarakada pare bati limoi ura nahasi, azukre pixka bat gehitu, geraniozko esentziadun olio tanta batzuk erantsi, ongi nahastu eta ordu batzuetan geldi laga genuen (interneten azalpen asko daude). Ondoren, plastikozko poltsa bati puntan zuloa egin, henna orea bertara bota eta handik pixkaka xiringara pasatu genuen. Oso erraza da. Marrazkiak egiteko prest ginen. Eskuak, besoak eta hankak ere margotu genituen. Laster berriz egingo dugu; Ekik bizkarrean izurde bat egitea nahi du. Maiak... gorputz osoan zehar egingo ditu marrazkiak, seguru.

Hizkuntzak ikasi eta praktikatzea ere bidaia honetako egunerokoa izaten ari da: katalanez, frantsesez, arabieraz eta amazigeraz ikasten ari dira eta gazteleraz trebatzen konboiko lagunekin. Noski, interesatzen eta behar dituzten berbak eta esaldiak bakarrik ikasten dihardute: ez, geldi, ogia, goazen, hemen, han, kaixo, eskerrik asko, ura, kantuak... Ohitura eta janari berriak probatzen ere bai: mezkitak, hammama, tajinak, meliu goxoak, tea...

Eguna bukatzear dela, hortzak garbitu eta ipuinaren ordua izaten da. Hasieran liburuak irakurtzen genituen (Nurren abenturak, komikiak, "Atxiki sekretua", "Atzeraka nabil", "Klarion gorria", "La princesa ratolina"... baina Marokon gaudenetik, Pitxi eta Txinp dinosauroak ditugu gurekin. Bidaiariak dira, gure moduan, eta Indian, Australian, desertuan, triasikoan... ibiltzen dira abenturetan. Ez dago paperik asmatutako ipuinak garaituko dituenik. Gure etxean ez behintzat!

Kantu bat edo bi abestu eta lotaratzen gara. Batzuetan, logurarik ez eta liburuak ikusten geratzen dira Eki eta Maia; Iñigo eta biok gehienetan irakurtzen. Izan ere, niretzat, egun osoa zereginetan eta umeekin pasatu ostean, liburu bat esku artean izatea plazer handia izaten da. Azkenengo argiak emendatu eta, lo. Sekretu bat: askotan zuekin egiten dugu amets!

 

 

 

 

 

 


Utzi iruzkina: