Beldurrei aurre egiten

sosiuz 1456152795343 sosiuz | 2010-04-07 08:03

Kaixo matte,

Hasi zara dantzan zu ere. Hasi zara hanka eta beso eta buru eta lepo astintzen. Xuabe-xuabe diharduzu, goxo, baina nik igartzeko moduan. Ba igartzen zaitut, bai. Hasieran beldur pixka batekin, lehenengo aldiz horrelako sentipenak izatearen ezjakintasuna. "Zer ote da? Zu ote zara? Ala zeoze txarra gertatzen ari da?". Ergela izan behar... baina hala hezi gaituzte, mesfidati izateko, txarrena pentsatzeko, beldurraren gizartean... ene... eta zeu zinen jolasean barren! Emaginari ez zintudala sentitzen ere esan nion, pentsa zenbaterainoko zalantzak! Baina badakit zu zarela, bai, orain bai.

Eta beldurrak aipatzen hasita, beldurrekin segi behar. Lehenengo aldiz haurdun geratzeak beldurrak eragiten ditu, ezezagunari beldurra (horrela hezi gaituzte). Eta izan ditut beste beldur momentu batzuk ere: lehenengo hilabeteetan zu galtzeko beldurra, erditzean gerta daitekeenari beldurra, arazoren batekin jaioko ote zaren beldurra, hazten zarenean zerbait txarrik gertatuko ote zaizun beldurra... eta segi nezake zerrendarekin. Baina argialdiak ere izaten ditut, egunak bezela, eta beldurrei barre egin eta aldamenera baztertzen ere badakit.

Irakurri aurretik banekien zurekiko komunikazioa barbantxotxo bat zinen momentutik hasiko zela eta horrek zure garapena eta geroa baldintzatuko dituela. Behin baino gehiagotan irakurri dut: sabel barrutiko heziketa edo jaio aurretiko heziketa. Garrantzitsua dela zurekin harremanetan egotea, biok elkarrekin komunikatzeko tarte intimoak hartzea, zuri berba egitea, kantatzea, kulunkatzea, dantzatzea, poza transmititzea, ilusioak, alaitasuna, lasaitasuna... Hori dena jasotzen duzula jakinekoa da eta hortan saiatzen naiz, zilbor-hestean zehar maitasuna eta bizitzaren edertasuna ematen. Tarteka amorrua, haserrea, tristura eta antzekoak ere probatu badituzu ere... Hortatik ere ikasiko duzu, munduratzean balioko dizute eta. Baina nire indarrik handiena bizipenak eta prozesu guztia ondo eta lasai joango dela pentsatzen emango dut. Seguru nago, adibidez, erditze lasai, erraz eta eder bat imajinatzen badut behin eta berriz, halaxe gertatuko dela. Norberaren esku dago eta ia dena.

Komunikatzeko gaitasunak egiten gaitu pertsona. Orduan, nola ez komunikatu pertsona izateko garapenean zauden horrekin? Noski baietz. Ulertu ez dakit zenbat egiten duzun oraindik, baina sentitu badakit baietz. Nere sentipenik onenak zuretzako, ttiki!


Utzi iruzkina: