Alaire, libre hazteko

sosiuz 1456152795343 sosiuz | 2012-12-19 14:54

Asteburuan hezkuntza proiektu autogestionatu bat ezagutzeko aukera izan dugu. Atetik sartu eta umeak jolasean, guraso taldeak hizketan, koloreak, zuhaitzak, janari goxoa, merkatu txikia... Alaitasuna, lasaitasuna, edertasuna. Sartu eta liluratu, biak bat. Gonbidapen bi jaso genituen, beraz, ez geneukan kale egiterik. Ate irekien eguna zen eta jendez gainezka zegoen Alaire, Creciendo al Aire da izen osoa (http://www.creciendoalaire.blogspot.com.es/). Etxetxo bat, zelaia, fruta arbolak, oilategi haundia eta leku asko. Umeentzako jolaslekuak, musikaren etxea, sukaldea. Eta umeak hara eta hona. Autoerregulazioan, maitasunean, errespetuan eta askatasunean oinarritzen den proiektua da, 2tik 6 urtera bitarteko umeentzat prestatua. Barruan zein kanpoan jolasteko, esperimentatzeko eta gozatzeko aukera ematen die lekuak, eta guraso talde bat dute laguntzaile. Umeek beraien bidea egin dezaten uzten dituzte, baliabideak emanez eta eskatzen dutenean laguntza emanez. Helmugaren lekuan bidea eskainiz, nahi duten lekura irits daitezen. 2 umerekin hasi ziren iaz eta aurten 9ko taldea osatu dute. Gurasoak arduratzen dira lekuaren prestaketarekin, baita umeekin egoteaz ere. Goiza bertan igarotzen dute, bertan bazkaltzen, astean nahi duten beste egunetan. Giro lasaian eta librean, beti ere norbere burua eta besteak errespetatzearen muga gainditu gabe. Eta ez dira bakarrak. Katalunian, Valentzian, Granadan eta Euskal Herrian bertan hasiak dira horrelako proiektuak martxan, umeen hezkuntza norbere gain hartzea oinarri, bestelako bide eta moduen atzetik ari direnak. Benetan interesgarria izan da Alaire ezagutzea, badaitekela ikustea eta ilusioa eta indarra jasotzea. Mila esker!


Utzi iruzkina: