URTARRILEKO SAIO OSAGARRIA
ZORTZIKO IKASTAROA
Gure ekintza osagarrietan lagunak egiteaz gain eta gauza anitz konpartitzeaz gain, bada, izenak berak dion bezala, solastatu ere, solastatzen gara, interesgarria da, nork berak bere nahiak eta kezkak azalarazten dituelako. Honela bada, normalean, saio hauetan, hurrengo hilabeteetan egiten ahal ditugun ekintza osagarriei buruzko ideiak jasotzen ditugu.
Solaspoteoan, bertzeak bertze, aipatua izan zen zortziko ikastaroa egiteko nahia. Eta horrela bada, hori egin genuen. Urtarrilaren 28an jarri genuen hitzordua, 10:30ean kafetxoa hartzeko geratu ginen eta hortik Elizondoko Kultur Etxerat abiatu ginen ikastaroa egitera.
Ane Garmendia eta Ane Dendarieta izan ziren Baztango zortzikoaren ikastaroa emateko arduradunak, eta aski ongi jakin izan zuten dantzaren nondik norakoak transmititzen.
15 lagun inguru egon ginen saio honetan, solaslagunetaz gain, berriz ere, herritar batzuek parte hartu zuten gurekin.
Bi orduko ikastaroa egin genuen, izerdiak eta odola bota genuen dantza gela hartan, baina merezi izan zuen, azkenean denok elkarrekin dantza talde ederra egitea lortu baikenuen.
Eta hurrengoan, dantza gelatik herriko plazara!!
Dantzaldia eta gero, bermuta hartu genuen denok elkarrekin, hainbertze buelta eta gero, hidratatzea beharrezkoa baitzen, bat edo bertze hiperbentilatu eta guzti omen zen.
Eta nola ez, hurrengo ekintza osagarrirako ideia ere bermutako ordu horretan izan genuen. Hurrengoan Menu Begetariano bat prestatuko dugu, Itziar, Karlos eta Isabel, Malerreka eta Baztango solaslagunak izanen dira ikastaroa emateko arduradunak, eta gero, nola ez, prestatutako janaria dastatzeko aukera izanen dugu. Beraz, hurrengo ekintza, MENU BEGETARIANO IKASTAROA ETA BAZKARIA. OTSAILAREN 25EAN, LARUNBATAREKIN MALERREKAN.
Menuaren nondik norakoak, ordutegiaren eta tokiaren inguruko informazio gehiago aurrerago izanen duzue.
Beti bezala, zuen begiak goxatzeko eta oroimena arintzeko, hona hemen zortziko ikastaroko argazki eta bideo batzuk:
Iruzkinak
Utzi iruzkina: