MINTZA EGUNA 2012 - Ekainaren 2an Santurtzin

solaslaguna 1456152737446 solaslaguna | 2012-06-07 14:09

 

Goizeko 9etan abiatu ginen Elizondotik taxian, Donezteben eta Beran bildu genituen Solaslagun guztiak, giro on, alaian eta lagun artean Santurtzi aldera!!

Hamaiketakora ailegatu ginenean, Berbalagunak, mintzalagunak, gurasolagunak, mendilagunak eta bertze, han zeuden jada, giro goxoan gu itxoiten. Beranduxko ailegatu baginen ere, sagardoa eta oliba batzuk dastatu ahal izan genituen. Ondotik, ibilbide gidatua hasi zen Santurtziko herrian barna, bertako berbalagunak izan ziren azalpenak emateko arduradunak, eta saiatu, saiatu ziren eta baita lortu ere.

Bermuta musika eta dantzaz alaiturik hartu genuen eta Amelingo  txirularia bailitz bazkarirat eraman gintuzten poliki-poliki. Ordurako jada, Getxotar batzuek lagun genituen.

15 izan ginen Nafarroako ordezkari, denak elkarrekin jarri ginen mahaian, denetara Euskal Herri osotik 271 lagun inguru egon ginelarik bazkaltzen.

Bazkalondoan, ohikoa den bezala, sari banaketa egin zuten eta mintzapraktiketan ari diren 6 lagun sarituak izan ziren, negar, irri eta bertso artean jasoak izan ziren sariak.

Akitzeko dantzaldia izan genuen Gernika plazan, dantza eta solas artean pasatu genuen arratsaldea.  

Euskaratik euskara eman genuen egun osoa eta nabarmena izan zen euskaraz bizitzeko eta berau mantentzeko nola transmititzeko dagoen gogoa eta grina.

ESKER MILA HAU GUZTIA POSIBLE IZATEA EGITEN DUZUEN GUZTIOI!!!! GORA MINTZAPRAKTIKA EGITASMOA, BENETAN BEHARREZKOA!!!

ZINEZ ZORIONAK ANTOLAKUNTZARI ETA ESKER MILA BERTARA HURBILDU ZIRENEI!!!


Utzi iruzkina: