BORTZ MILA ETA BORTZEHUN
2013ko apirilaren 30ean
Astean behin, auzoko ostatu batean sartu eta bortz laguneko taldetxoa egoten da bertan. Ez dute hutsik egiten, eta ez dago zalantzarik: solaslagunak dira. Belarria jarri nuen lehen aldian ohartu nintzen.
Freskagarri bat eskatu, eta ondoan esertzen naiz batzuetan. Asteburuari buruz solastatzen dira, gizarte arazoei buruz, futbolari buruz... baita euren helburu nagusia, euskaraz solastatzea. Estimatzekoa da egiten duten esfortzua, gozagarria daukaten ilusioa, eta azpimarratzekoa denen konpromisoa.
Bortzkote hori, ordea, ez da kasu isolatu bat. Urte hasierarekin batera, datu bilketa egin dugu Euskaltzaleen Topagunean, eta hara! 5.500 mintzalagun daude Euskal Herri osoan. 5.500 herritar, euskaldunon komunitateko kide aktibo izateko prest. Nork erranen zien Donostiako Bagera euskaltzaleen elkarteko kideei, duela 20 urte martxan jarri zuten egitasmo xume hori hainbertzeraino hedatuko zela?
Euskaraz aritzeko ohitura dutenak, ohiturarik ez dutenekin elkartzen ditu mintzapraktika programak. Euskaldunen elkarteen mugimenduak, euskaltegiek eta zenbait udalek apustu sendoa egin zuten duela hainbat urte, eta ordutik etengabe ari dira mintzalagun taldeak bikoizten. Iruñerrian, erraterako, 550 mintzakide elkartzen dira; eta Gasteizen, beste 640. Erraz erraten ditugu zenbakiak, baina irudikatuz gero, harrigarria irudituko zaio bati baino gehiagori. Ni behinik behin harrituta gelditu nintzen Topagunean lanean hasi eta dimentsioa ezagutu nuelarik.
Mintzalagunek euskarara hurbiltzeko egiten duten ahalegina goraipatzen dugu anitzetan, baina zer egiten ahal dugu freskagarria hartuta inguruan esertzen garen euskaldunok? Erronka handi bat daukagu. Euskaldunon elkarteek, bertako bazkideek zein euskaldun guztiok, talde ttikietan sortzen ari den dinamika hori hedatzeko eginkizuna daukagula uste dugu Topagunean. Mintzalagunen eginahala gizarteratu behar dugu. Karrikara atera ginen, ziren, baina orain administraziora, dendetara, bulegoetara zein merkatura atera behar dugu. Astero ordubetez egiten duten ahalegina egunerokora zabaldu behar dugu, hizkuntza ohituretan eragin, eta euskararentzako eta euskaldunontzako gune berriak irabazi behar ditugu. Algortako tabernan zein Bergarako parkean biltzen diren boskote horien lana islatu dezagun.
Ez dugu ardura guztia euskaltegien esku uzten ahal, hauek lana eginda ere. Herritarra komunitatean parte hartzeko gogoz dago, eta euskaldun guztion funtzioa da kide berriei ateak irekitzea. Mintzalagunen taldeek ez dute zentzurik, talde horietatik kanpo euskararen erabilera bultzatzen ez badugu. Irabazi ditzagun gune berriak, eta lagundu diezaiegun gurekin batera aritu nahi duten horiei, euskaldunon komunitateak kide berriak izan ditzan.
Arrate Illaro Etxebarria
Euskaltzaleen Topagunea
Iruzkinak
Utzi iruzkina: